Amaia Portugal / 2013-02-28 / 350 hitz
Materialen artean «kategoria berri bat» sortzea ekarri du grafenoaren agerpenak, Jesus de la Fuente Graphenearen zuzendari eragilearen arabera; beroa eroateko ez dago ezer hoberik, haren ustez.
Grafenoa egon bazegoela aspalditik zen jakina, baina Manchesterko Unibertsitateko bi ikertzailek 2004an ikusi zuten, ustekabean, isolatu egin zitekeela, eta material bereizi gisa erabili. Aurkikuntza horrek Fisikako Nobel saria ekarri zien Kostia Novoselov eta Andre Geimi 2010ean, bai eta grafenoaren industriaren loraldi bizia eragin ere. Egoera horretan jaio zen Donostiako CIC Nanogunen egoitza duen Graphenea enpresa, 2010ean bertan.
Atomo bateko lodiera du grafenoak —paper bat baino milioi bat aldiz finagoa—, eta hexagono formako egitura. Haren aurkikuntzaren garrantzia plastikoarenaren edo altzairuarenaren pare jarri du Jesus de la Fuente Graphenearen zuzendari eragileak: «Material moten artean kategoria berri bat agertzea bezalakoa da. Pentsatu ohi genuen grafenoa maila teorikoan landu zitekeela bakarrik, ezin zela ekoitzi, baina egingarria dela ikusi dute».
Zergatik da, baina, horren garrantzitsua? «Propietate elektroniko eta termikoengatik. Beroa eroateko onena da, mugikortasun elektroniko oso ona dauka, malgua da, gardena %97an… Orain arteko materialekin egin ezin zitezkeen aplikazio berrietarako bidea zabaldu digu», dio De la Fuentek. Epe ertain edo luzean, askotariko elementuak Graphenean ekoitzitako grafenoz eginak izatea da asmoa: sakelako telefonoetarako bateria malguak —Nokia etxearekin ari dira lanean—, LED lanpara eraginkorragoak —Philips etxearekin elkarlanean dabiltza—, etorkizunean ohiko bateriak ordezkatzen lagundu dezaketen eguzki zelulak…
Grafenoaren abenturan murgildu diren enpresa gehienek hauts formatua aukeratu dute, baina ez Graphenean: xafla formatuko materialaren alde egin dute apustu, eta, horrekin, are gehiago bereizi dira merkatuan. «Xafla formatuan lan egiten duen enpresa gutxi dago munduan. Hautsa desberdina da: lehengaia grafitoa da, eta, grafitoa grafenozko milioika geruzek osatzen dutenez, horiek bereiztea da gakoa. Guk ere egiten dugu; material interesgarria da aplikazio batzuetarako, baina xafla formatuarekin egin dugu apustu apurtzaileena», dio zuzendari eragileak.
Apustu hori industrian aurrera eramateko, lurrun deposizio kimikoa (CVD) izeneko teknika baliatzen dute Graphenean. Teknologia ez da berria, lehendik ere erabiltzen baita beste helburu batzuetarako: LED lanparak, diamante sintetikoak, hobekuntzak material erdieroaleetan… Oso tenperatura altuetan egiten den prozesu kimiko horretan, material erdieroalez egindako xafla bat eta zenbait konposatu kimiko elkartzen dira, eta, ondorioz, xaflaren gainazalean gertatzen den erreakzioa da emaitza. Kasu honetan, grafenoa.