Botereak usteldu egiten du

Imanol Mercero / 2013-03-17 / 205 hitz

  • Izenburua: Kili txikia
  • Egilea: Mario Ramos
  • Itzultzailea: Aztiri Itzulpen Zerbitzuak
  • Argitaletxea: Ttarttalo

Botereak edonor usteltzen du. Edonor, edonoiz, edonon. Horixe da liburu honen mamia.

Egokia iruditzen zaizu haurrei botereaz hitz egitea? Zein adinetik aurrera? Duela ez hainbeste, Hasiera albumari buruz ari ginela, geure buruari galdetzen genion ea zilegi den gerra eta antzeko gaiak haurren literaturan bere laztasun osoan agertzea. Oraingoan, botereari buruzko hausnarketa da eztabaidagai.

Album ilustratuen formatuan aurkeztua, 40 orrialdeko luzeran, koroa ezarri zioten lehoiaren ankerkerien deskribapenarekin hasten da narrazioa. Despota odolzale bihurtu den lehoi erregeak gupidagabeki gobernatzen du. Haren ahalmena ez da zalantzan jartzen, badaki matxinoak nola apaldu… baina egun batez Kili txori txikiak koroa lapurtuko dio, beldurrik gabe, eta hegan joango da, libre.

Jarraian Kili beste animalia batzuei koroa jartzen ikusiko dugu, eta guztietan emaitza bera izango da: nagusikerietan hasten dira. Zer egin lezake Kilik koroarekin?

Irudien sotiltasuna oso adierazkorra da mezu hau zabaltzean, eta testuarekin batera ederki konbinatzen da. Biak ere sinple eta adierazkorrak dira narrazioa garatzen. Horregatik, irudi luke liburu hau haur txikiekin irakur litekeela. Azken finean, obra on guztiak bezala, album honek irakurketa maila bat baino gehiago eskaintzen ditu. Baina ezin da ahaztu gizartearen egituraketaz eta botereaz ohartzeko gaitasuna duen irakurlea dela obra honen balizko onurak jasotzeko prest dagoena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.