Odei Irigoien Aizpitarte / 2013-03-15 / 446 hitz
‘Bizkartzainaren lehentasunak’ nobelako protagonistak ETAko satorra zaindu behar du, 2011ko su-eten garaian.
«Nobela beltza da, nobela laburra. Orain dela urte eta erdi inguru zegoen egoera soziopolitikoa, erabat baieztatu gabeko su-etenarekin… Testuinguru horretan, ETAn sator bat egon da, ETAren buruzagitzatik gertu. Sator horrek babesa behar du». Hara hor Iñaki Irasizabalen Bizkartzainaren lehentasunak eleberriaren nondik norakoak, haren berbetan. Durangon jaio zen Irasizabal, 1969an; gaur egun Zornotzan bizi da industriako langilea, eta hor kokatu du bere bosgarren eleberria.
Euskal Herriak duen gatazka armatuaren azken pasartearen giroari aproposa deritzo Irasizabalek, baina errealitatea «nobelaren onerako» moldatu duela argi utzi du: «Inor ez da ezeren ordezkari». Egoera hori aintzat hartuta, gizarte osoko erakundeak, bai alde batekoak bai bestekoak, ados daude sator hori babestu behar dela. «Atentatu bat egotea hondamendia izango litzateke bake prozesurako. Beldur dira, norbaitek bere kabuz atentatu hori burutuko duen». Orduan bizkartzain bat kontratatzen dute, ez dena polizia edo ertzaina, «ez dena ezer». Garai batean erakundean aritutakoa da protagonista, Martin Goena. «Nobela hori da, bizkartzainaren eta satorraren arteko erlazioaren kontakizuna. Gero, gauzak korapilatu egiten dira». Horrekin, «nobela azkarra, beltza eta irakurterraza» osatu duela dio Irasizabalek. «Ia egunero idazten dut hamar edo hamabost minutuz. Bestela, testuak moteldu egiten dira, aspergarria bihurtzen da, niretzat eta irakurlearentzat». Eszena laburrak dira, dinamikoak. Horrelakoak irakurtzea du atsegin idazleak, eta «horrelakoak idazteko ahalegina» egiten du.
Zinpeko guarda, emozio bila
Zinpeko guarda da eleberriko protagonista. «Tipo lasaia da. Ez du arazorik nahi, asko izan ditu bere bizitza guztian. Aldi berean, bere zati ezkutu batek emozioa nahi du, zer edo zer egin nahi du, eta horregatik onartzen du bere postua». Ohiko pertsona baten barneko mundu konplexua azaldu nahi izan du pertsonaiarekin idazleak: «Bitxikeria moduan, alaba bat dauka, Bilduko zinegotzia dena. Martin ETAko satorraren bizkartzaina izateak eta alaba zinegotzia izateak nolabaiteko tentsioa sortzen du, eta argumentuan ere badu pisurik». Eleberriaren izenburuak bukaeran hartzen duela zentzua dio egileak: «Bizkartzainaren lehentasunek garrantzi handia dute hor».
Erkiaga Barne sailburuordea nobelako «beste pertsonaia konplexu bat» da, idazleak azaldu duenez: «Frankismoan hazi zen gizon bat da, polimilia izan zena, ostera Euskadiko Ezkerran egon zena eta PSOEn bukatu zuena. Orain kargua dauka Barne Sailburutzan. Erkiaga da akzioa martxan jartzen duena, bera baita enkargua egiten diona Martini».
Toki jakinak dira istorioan agertzen direnak, hala nola Bilboko Errekalde auzoa eta Unamuno plaza. «Askoz askatasun handiagoa ematen dizu hiriak sator bat gordetzeko», azaldu du. Dena dela, idazleak onartu egin du ez dakiela benetan nola antolatzen diren gisa horretako aferak: «Bizkartzainaren rola bera ere, asmatutakoa da dena». Norbaiten larruan sartu behar izanez gero, poliziarena baino, «aukeran, gaizkilearena» nahiago du. «Bihar bizkartzaina baldin badator eta esaten badit ‘hori ez da horrela’, baietz esan beharko diot. Azken batean, nobela fikzioa da; ez da errealitatea kontatu behar, errealitatearen itxura izan behar du».