Idurre Eskisabel / 2013-03-14 / 171 hitz
Atsedenik gabeko trivial partida batean harrapatuta bizi naiz azken boladan, esnatzen den unetik loak hartzen duen arte galdera ibiltari bat baita alaba: ama, zertarako dira bekainak? Nola sortzen da ura? Nola egiten da papera? Zergatik da bustia elurra? Zergatik etortzen zait zotina? Eta hor ibiltzen naiz buruhaustean, batetik, garai bateko jakintza atzenduei tiraka, eta, bestetik, 4 urte betetzear den ume batentzat zein erantzun klase den egokiena ezin ebatzita: alegia, diafragmaren esplikazio zientifikora jo, edo sabelean bizi zaigun untxi jauzilari eta poetikoa asmatu.
Batzuetan, galderen elaborazioak txunditu egiten nau: ama, nork erabaki du zakila dutenei mutiko deitzea eta alua daukagunoi neska? Zergatik ezin dira zakila dutenak neska izan eta alua dutenak mutiko? Harrapazank, Txiribiton.
Eta, egia: liluraren menpe tentazioa izan dut alaba bereziki argia dela pentsatzeko. Baina parkean belarria zertxobait zorrozteak eta beste umeei arreta jartzeak bere onera ekarri ditu segituan ama hanpatu honen ameskeriak: era batera edo bestera, ume guztien dohainak dira jakin-mina eta begi bistan dutenari azalpena eta ifrentzua bilatzeko sena; hots, kritiko izateko baldintzak.
Noiz eta nola galtzen da?