Estibalitz Ezkerra / 2013-03-24 / 708 hitz
Gizatasuna murrizten duten paisaia eta sistema politiko lazgarrietan kokatzen ditu bere pertsonaiak John Maxwell Coetzeek. ‘The Childhood of Jesus’ nobela kaleratu du orain.
John Maxwell Coetzeeren (Cape Town, Hego Afrika, 1940) maisutasunak ez du mugarik. Hegoafrikarra aise jar daiteke Fiodor Dostoievskiren larruan, eta Pavel semeordea hil ostean Dresdenetik San Petersburgora egindako bidaia errusiar egileak berak idatz zezakeen nobela batean irudikatu, The master of San Petersburg (1994) lanean egin bezala. Edo Mendebaldeko literaturako klasiko bat berridatz dezake, Robinson Crusoe (1719) esaterako, emakume baten ikuspuntutik kontatzeko istorioa, Foe (1986) nobelan egin bezala. Animalien eskubideen gaineko tratatu bat idatz dezake nobelaren konbentzioak bortxatu gabe: Elizabeth Costello (2003) da horren adibide. Autofikzioan ere lezioak eman ditzake, Boyhood (1997) eta Youth (2002) lanekin egin bezala. Mundu akademikoan arreta handiagoa piztu dute Hegoafrikaren egoera hizpide duten lanek: Duskland (1974), In the Heart of the Country (1977), Waiting for the Barbarians (1980), Life & Times of Michael K (1983), Age of Iron (1990), Disgrace (1999; Lotsaizuna euskaraz, Oskar Aranak 2004ean itzulia).
Edozein delarik kokalekua zein garaia, Coetzeeren nobeletan pertsonaiak paisaia eta sistema politiko zein baino zein lazgarriagoan azaltzen dira; biek ala biek pertsonaiei gizatasuna kentzen diete, gutxiagotu egiten dituzte. Egilearen kezka nagusia biziraupena da, espirituala zein fisikoa, zentzua eta mantenugaia lortzea kontrako inguruneetatik. Esperientzia horrek ez du inolako babesik eskaintzen; Coetzeeren pertsonaientzat kontziente izatea sufritzea da.
Gertatzen ari dena ulertzeko nahia, gizaki modernoa gizatasuna galtzera zerk eraman duen jakiteko premia, betiere moralkerian erori gabe, du azken batean gidalerro egilearen literaturak. Horrek, hain zuzen, bihurtu du Coetzee Hegoafrikako ahots interesgarrienetako bat. Gizatasunarekin batera, etika hitz gakoa da Coetzeeren obra osoan. Etikaz ari denean, herrialdeen mugetatik haratago doan eta izaki bizidun guztiak —gizabanako zein animalia— kontuan hartzen dituen kontzeptua du buruan egileak. «Ez naiz aitzindari soziala, ezta antzekorik ere. Kateaturik dagoen presoak bezala, askatasunarekin amets egiten duten, kateak hautsi eta beren aurpegiak eguzkirantz zuzentzen dituzten gizabanakoak irudikatzen dituen norbait baino ez naiz», azaldu du egileak.
Azken sei hilabeteetan, Coetzeeren izena hiru liburutan agertu da: Here and Now: Letters 2008-11, egileak eta Paul Austerrek elkarri idatziko gutunen bilduma; J. M. Coetzee: A Life in Writing, J. C. Kannemeyerrek idatzitako biografia; eta The Childhood of Jesus, idazlearen beraren azken nobela.
Here and Now hasierei buruzko gutun bilduma da: gutun trukaketa baten hasiera, adiskidetasun baten hasiera, eztabaida hasiera. Coetzee eta Austerrek 2008ko otsailean elkar ezagutu zuten, eta handik gutxira Hegoafrikakoak estatubatuarrari idatzi zion gutun trukaketa bat hasteko proposatuz, «elkarri txinpartak ateratzeko». Liburuari hasiera ematen dion gutunak, Coetzeek 2008ko uztailean idatzitakoa, adiskidetasunaz mintzo da, egileak buruan eduki eta irakurri izan duen gaia. Austerrek adiskidetasunari buruz dituen iritziak azaltzen dizkio bere erantzunean, eta horrela hasten da hiru urteko gutun trukaketa, Brooklyn, New York, (Austerren bizilekua) eta Australia (Coetzeerena) artean.
Bien bitartean, J. M. Coetzee: A Life in Writing lanak gogorarazten digu Literaturako Nobel saria jaso eta mundu osoan ezaguna izan arren, orain arte ez dela Coetzeeren bizitza eta obra, biak ala biak aztertzen dituen lanik argitaratu. J. C. Kannemeyer, Afrikaans literaturaren historia baten zein Afrikaans zenbait idazleen biografien egilea, Coetzee beraren laguntza izan zuen J. M. Coetzee: A Life in Writing osatzeko. Hegoafrikakoak elkarrizketa pertsonalak eskaintzeaz gain, bere familiakide, lagun eta lankideekin harremanetan jarri zuen Kannemeyer. Era berean, Coetzeek hainbat dokumentu pribatu bere esku utzi zituen. Kannemeyerrek bere ezusteko heriotzaren aurretik amaitu zuen lana, 2011ko abenduaren 25ean. Jatorrizko bertsioa Afrikaansen idatzitako dago, eta ingelesera itzulia izan da duela gutxi.
Coetzeeren azken nobela ere, The Childhood of Jesus, duela aste batzuk iritsi zen liburu dendetara. Bertan, adin ertaineko gizon bat, Simon, eta bost urteko mutiko bat, David, itsasontziz herrialde berri batera iristen dira, irakurleari ezezagunak zaizkion arrazoiak direla medio jaioterritik ihesi ostean. Simon ez da umearen aita; itsasontzian elkar ezagutzen dute. Davidek gutun bat darama berarekin bere ama zein den azaltzen duena, baina galdu egiten du helmugara heldu baino lehen, beraz, Simonek umea bere kargu hartu eta ama aurkitzen laguntzea erabakitzen du. Ihesa eta munduan nor bere tokia aurkitzeari buruzko gogoeta da nobela, ariketa literarioa den aldi berean. Neurri batean, The Childhood of Jesus-ek Peter Handkeren Kaspar (1967) antzezlanaren antza du; azken horretan, hizkuntzak umearen kontzientzia askatasuna nola mugatzen duen azaltzen zaigu. Baina Werner Herzogen Jeder für sich und Gott gegen alle-Kaspar Hauser (1974) film errealistagoa ere gogora dakar lanak, gizartetik at dagoen eta gizartean bere tokia bilatzen saiatzen den gizon bati buruzkoa.