Gorka Julio / 2013-03-21 / 285 hitz
Whatsapp fenomeno bat izan dela ezin dezakegu uka. Jende askoren bizitza eta harremanak aldatu ditu. Kuadrillak Whatsappeko talde bat izatera pasatu dira gurean, baina orain ordainpeko bihurtuko dute. Zalaparta handia sortu da, euro bat baino gutxiagoko prezioa izango badu ere. Bada sortutako zalapartarekin harritu denik ere. Nola da posible euro batengatik horrelakoa gertatzea eta egiten ari diren murrizketen aurrean isilik egotea? Egoera harrigarri bezain erreala. Ez gaude oraindik aplikazio hauengatik ordaintzera ohituta; lehen aldian kosta egiten da gainera. Hori, erosketak egiteko aukerarik (kreditu txartelik) ere ez dutenak kontutan hartu gabe.
Horrek Whatsapp-i alternatibak biltatzen hasteko bidea ireki du. Horren ondorioz, ezagunago egin dira Line (http://line.naver.jp), bere emotikono dibertigarri eta fitxategiak mugimenduaz trukatzeko aukerarekin. Spotbros (http://spotbros.com) bilbotarra, segurtasunaren ikurrina hartuta inguruan dituzun erabiltzaileak topatzeko aukerarekin …
Whatsapp-ek orain arte egin duen bezala, zerbitzu horiek guztiek doaneko zerbitzua eskaintzen dute. Erabiltzen duten pertsonen arabera, zerbitzuak berak interes handiagoa edo txikiagoa izango duela jakitun. Sare efektu hori lortu nahi dute, eta hori azkarrago lortzeko, gure telefonoko agenda eta beste zerbitzuetako kontaktuak erabiltzen dituzte.
Publizitate bidez, zerbitzu salerosketa bidez, edota gure datuen trafikoarekin lortuko dute dirua nonbaitetik ateratzea; zuzenean erabiltzaile kopuruaren arabera beste enpresa bati proiektua saltzen ez badiote, behintzat.
Nahiko ezezaguna izanik ere, Whatsapp-ek XMPP protokoloaren aldaera bat erabiltzen du. Izen horrekin ez bada ere, segur aski zuetako askok jakin gabe erabili duzuela Jabber, Google Talk edo Facebookeko txatak erabiltzean. Protokolo horri esker, zenbait zerbitzutan dauden pertsonek beren artean hitz egin dezakete. Kasualitatez, horixe da Whatsappek murriztutako funtzionalitatea.
Openfire eta Xabber bezalako tresnek «Whatsapp» propioak sortzeko aukera hori denon eskura jartzen dute. Bada, beraz, sare efektu desiratu hori lortzeko beste bide bat. Zerbitzu bakar batek erabiltzaileak metatu beharrean, zerbitzuen arteko komunikazioa ahalbidetzen duten tresnak erabiltzea. Aukera bai, nahia…