Umap, Twitterreko euskarazko jarduna iragazten duen tresna, eskura

Adrian Garcia / 2013-03-02 / 367 hitz

Euskal tuitlari aktiboenak eta euskal gaien zerrenda eskaintzen du Umap berrituak.

Twitterreko euskarazko erabiltzaileak beste erreminta erabilgarri bat du eskura aurrerantzean: Umap.eu webgune berrituak sare sozial horretan egiten diren euskarazko txio ia guztiak biltzen ditu. Beste hizkuntza boteretsuagoen artean bizi direnen ahotsa bistaratzeko tresna erabilgarria izateaz gain, sareko euskal komunitatea sortzeko bidea ere ematen du.

Codesyntax etxekoek garatu dute tresna. Aspaldidanik dabiltza sare sozialekin lanean eta, batez ere, Twitterrek dituen aukerak aprobetxatzen. Twitterrek ematen duen API sistemari esker—Twitterrekin konektatzeko erabiltzen den sistema— euskal tuitlarien jarduna jarraitzen dute, eta hortik aurrera euskaldunen ekarpenak denbora errealean eta modu automatikoan iragazten dituzte.

Sistemak sare sozialean euskaraz ari direnak atzematen ditu. «Jario soziala roboten bidez aztertzen duen teknologia da, eta tuitak denbora errealean prozesatzen ditu», azaldu Luistxo Fernandez Codesyntax etxeko langileak. Hala ere, eta Fernandezen arabera, «sistema ez da perfektua». Orain 3.180 lagunen jarduna jarraitzen dute. «Zehaztasuna %95 ingurukoa dela uste dugu».

Euskaldunak izan daitezkeen erabiltzaileak jarraitu, eta hortik aurrera euskal txioak detektatu eta iragazi egiten dituzte. Datu horiei algoritmo batzuk aplikatuz euskaldunon joerak edo euskaldunen Trending Topic deiturikoak identifika ditzateke. «Laster artxibo bat ere jarriko dugu, ikusteko egun bakoitzean zeintzuk izan ziren euskaldunen gaiak», azaldu du Fernandezek. Etiketa duten hitzak kontatu, eta errepikakorrak direnak alboratu egiten dituzte.

Horrez gain, tuitlari bakoitzaren profila ikus daiteke, eta zein hizkuntzak eta zein neurritan erabiltzen dituen ikusi. «Behaketa soziolinguistikoa egiteko aukera bat da Twitter; hala iruditzen zaigu».

Codesyntaxek garatutako robotak euskal tuitlari gehientsuenen jarduna aztertzen duenez, Twitterren dabiltzan euskal erabiltzaileen zerrenda osatzeko aukera ematen du, eta horrela, Euskal tuitlarien komunitatea sortu.

Bestetik, tuitlarien arteko sailkapena ere proposatzen du Umap-ek. Jarraitzaile kopurua, jasotako bertxioak, idatzitako euskarazko txioen interesa eta beste zenbait aldagai kontuan hartuta egin dute sailkapena. «Jendea aurkitzeko edo jarraitzeko zein kontu izan daitezkeen interesgarriak jakiteko balio du».

Halere, proiektua ez da horretan gelditu. Tuitlariez gain, egunean interes handiena piztu duten albiste eta loturak ere identifikatzen dituztenez, pauso bat harago joan dira eta RobSoc produktua garatu dute. Komunitatearentzat garrantzitsuak diren albiste horiek Sustatu ataria modu automatikoan elikatzeko erabiltzen dute. «Azken batean, txioetan gehien agertzen diren albisteekin sortutako albistegia da».

Azpiegitura berbera Niagarank.es proiektuan garatu dute. Espainiarako albistegia da, Twittereko jarioetan oinarrituta. «Beste hizkuntza batzuetan produktu horrekin garapen komertzialak egiteko esperantza daukagu», azaldu du Fernandezek.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.