Amaia Portugal / 2013-03-14 / 766 hitz
Alga gorriak, baleak… Gizakiaren jardunak bete-betean jo du euskal kostaldearen itsas biodibertsitatea; guneak babestu eta horien arteko loturak bermatu behar direla dio Victoria Bengoa biologoak.
Ezusteko kolore festa ezkutatzen du euskal kostaldeak. Aski da Gaztelugatxe aldeko ur garbietan murgiltzea askotariko animaliak topatzeko: txokoak, lupiak, krabak, era guztietako ornogabeak… Hala dio Victoria Bengoa itsas biologo getxotarrak, baina biodibertsitateak beheranzko bilakaera daramala ahaztu gabe. Ikertzaile horrek Getxoko Aquariumean lan egin du urte askoan, eta iaz doktore tesia defendatu zuen EHUn, fitoplankton toxikoekin egiten ari diren proiektu baten harira. Asteartean, Mare Vasconum izeneko hitzaldia eman zuen Bilbon, Eureka Cafe egitasmoaren barruan.
Euskal kostaldeko flora eta fauna osorik jorratu zuen solasaldian. Inguru epeleko klima du Bizkaiko itsasoak: 11 gradu inguru neguan, eta 20-22 uda partean. Bengoak azaldu du baldintza horietan algek zuhaitzen antzera jokatzen dutela: «Basoan zuhaitzek bezala, itsasoan algek talo asko galtzen dituzte neguan. Udaberrian, berriz hazten dira, eta udan alga asko ditugu horregatik».
Gelidium alga gorria da euskal kostaldeko berezko biztanleetako bat. Ur azpian baso handia osatzen du, gainera; garrantzia du, beraz. Baso hori pixkanaka gutxitzen ari da, ordea. «EHUn, ikerketa bat egiten ari dira hari buruz, eta konturatu dira desagertzen ari dela. Beste alga batzuk etortzen ari dira. Adibidez, sagarzoa Frantziara sartu zen, Japoniatik eramandako ostren oskoletan egoten delako, eta, orain, zabaltzen ari da gure kostaldean. Alga hori oso azkar hazten denez, hemengo espezieek ezin dute harekin lehiatu».
Baleen gainbehera
Faunari dagokionez ere, bilakaera handia izan da. Lupiak, urraburuak, marrazoak, karraspio atlantikoak, krabak, bai eta marrazoak ere ohikoak dira Bizkaiko itsasoan. «Arrain gehienak hermafroditak dira. Lupiak eta urraburuak, esaterako, guztiak arrak dira jaiotzen direnean, eta, gero, eme bilakatzen dira hazten direnean, arrautza gehiago egiteko. Karraspio atlantikoak, berriz, emeak dira jaiotzen direnean, eta, heltzen direnean, ar bilakatzen dira. Arrak izanda, handiagoak dira; lurralde hedadura handiagoa hartzen dute. Orduan, habia gehiago egin ditzakete, eta kume gehiago dituzte, beraz», adierazi du Bengoak.
Badira euskal kostaldean bizi ez baina hura geltoki gisa baliatzen duten espezieak ere. «Hegaluzeak udan etortzen dira, eta hemen jaten dute. Gero, hegoaldera joaten dira. Lehen, baleek ere gauza bera egiten zuten, baina alderantziz: iparraldean jaten zuten, eta, gero, ugaltzera etortzen dira hona», dio ikertzaileak.
Balea kostaldetik desagertzea izan da, hain zuzen, itsas biodibertsitateak izandako bilakaera negatiboaren erakusgarri nagusietako bat. Gizakiaren eragina zuzenean jasan zuen espezie horrek gurean, klima aldaketak zeharka jotzea itxaron beharrik gabe ere: «Baleen kasua oso nabarmena da. Gizakia izan da. Garai batean, asko ehizatu zituzten, eta ugaltzeko denbora asko behar dute».
Beste ugaztun batek ere, izurdeak, nabarmen sumatu du gizakiaren esku hartzea. Bengoak dioenez, itsaso sakonean horiek ikustea oso ohikoa bada ere, lehen baino askoz ere gutxiago inguratzen dira kostaldera. «Beren janariari jarraitzen diote: sardinei eta taldeetan bizi diren beste arrain batzuei. Horregatik, antzina, ez zen arraroa haiek ikustea, baina, orain, gutxiago gerturatzen dira. Besteak beste, kutsadura akustikoarengatik da hori. Bilbon, adibidez, kutsadura akustikoa oso handia da: portua, ontzi asko… Itsas ugaztunek belarriak oso sentiberak dituzte», dio biologoak. Bakarren bat kostan bizitzen geratzen denetan —duela urte gutxi Donostian eta Pasaian gertatu zen bezala—, taldea galdu duelako eta janaria duen toki lasairen bat topatu duelako izan ohi da.
Gizakiek horrenbeste atsegin ez dituzten beste animalia batzuek, ordea, lehen baino errazago topatzen dute itsasertzerako bidea: marmokek, hain zuzen. Bengoak nabarmendu du Mediterraneo itsasoan eta gisa horretako ur epelagoetan are nabarmenagoa dela bilakaera hori. Kontuak kontu, kasu horretan ere, begi bistakoa da gizakiaren eta klima aldaketaren eragina: «Lehen, dortokak egoten ziren, ugaztunak, hegalaburrak… Baina animalia handiak desagertzen ari dira kostaldetik, eta, orduan, marmokek ez dute etsairik jada. Are gehiago, ura gero eta epelagoa da, eta, orduan, gehiago ugaltzen dira. Populazioa haziz doa».
Uda batzuetan, besteetan baino gehiago lehorreratzen dira, ordea. Hori prezipitazioen araberakoa dela azaldu du ikertzaileak: «Neguan euri asko egiten badu, ur geza itsasora doa; muga moduko bat bereizten da kostaldean, eta marmokak ezin dira gerturatu. Baina euri askorik egiten ez badu, ez dago mugarik ur gezaren eta gaziaren artean, eta asko etortzen dira».
Guneak konektatu
Euskal kostaldearen bilakaera negatibo horretan, noski, Bilboko itsasadarra da salbuespen bakanetako bat. Industrializazioaren ondorengo lehengoratzearen ondorioz, lupiak ere sartzen dira orain Abrako golkotik barrura. «Ibaia kutsatu aurretik normalak ziren espezie asko agertu dira. Hasieran, algak izan ziren; gero, muskuiluak eta horrelako animaliak; eta, orain, denetarik ikusten ari gara, pixkanaka», esan du Bengoak.
Salbuespenak salbuespen, ikertzaileak azpimarratu du babestutako inguru gehiago behar direla. Eta, batez ere, inguru horiek nolabait lotzea. «Arrainentzat, itsasoa osoa da; ezin dugu, esaterako, Urdaibai pixka bat babestu, Frantzian beste gune bat babestu, eta kito. Ez. Konektatu egin behar dira; adibidez, larbak mugitu egiten direlako eta itsasoaren korrontearekin alde batetik bestera doazelako. Ezin da kostalde guztia babestu, baina babestuta dauden tokiek lotuta egon behar dute», adierazi du Bengoak.