Aitor Aretxaga / 2013-03-13 / hitz
Azken egunetako zurrumurruen ondoren, Whatsappeko zuzendari exekutiboak zalantzak argitu ditu: Android erabiltzaileek ordaindu egin beharko dute hemendik aurrera aplikazioa sakelako telefonoan erabili ahal izateko.
Azkeneko mugimenduei begiratu besterik ez dago ikusteko Whatsapp nora ezean dabilela. Hasieratik ere, bidegabea zen lizentzia eredua zeukan mezularitza aplikazioa, lehen eta bigarren mailako erabiltzaile taldeak bereizten zituen: hots, Symbian eta iOS erabiltzaileak 0,89 euro ordaintzera behartzen ziren deskargatzeagatik; Android euskarridun erabiltzaileek, berriz, doan jaitsi zezaketen Whatsapp aplikazioa. Askoren amorrua piztu arren, gehiengoak erabilitako tresna izateagatik horrelakoak egin zitzakeen, eta ados ez zegoen gutxiengoa baztertzeko adinako pribilegioa eman dezake.
Orain azaleratu den tranpa txiki bat zeukan, baina, estrategia horrek atzean: lehendabizikoek lizentzia mugagabe eskuratzen zuten, baina bigarrenek —musu truk lortzen zutenek— urtebeterako erabilpenera mugatua zuten lizentzia (Androidetako bertsioen konfigurazio atalean begiratu daiteke hori). Hala ere, mugara iristen zenak ez zuen pairatzen desberdintasunik, baimena beste urtebetez luzatzen zitzaiolako, iragan otsailean politika aldaketa egitea erabaki zutenera arte. 89 zentimoko bidesaria asko ez den arren, gurpil-zoroa abiarazi zuten Whatsapparen arduradunek, eta ordutik komunikabideetan oihartzuna izan duten adierazpen eta zurrumurruak etengabeak izan dira. Ez da erraza esaten tanteatzen dabiltzan ekaitzaren begitik nola irten, edo haien kontrako erasoak besterik ez diren; baina onena, orain dela egun pare bat jaso zen: oraindik ordaindu gabe zeuden Android erabiltzaileek ez zutela mezularitza aplikazioagatik ordaindu beharko iragarri zuten. Garbi dago bezero asko sutu zituela horrek, desorekak handiagotuko lituzkeelako erabaki horrek; ez euskarri desberdinetako erabiltzaileen artean oraingoan, txarragoa baizik: Android plataforma berdinean kutxatik pasatakoen eta oraindik beharrik izan ez zutenen artean.
Azken zantzuen arabera, eta Jan Koum Whatsappeko zuzendari exekutiboaren ahotik, zurrumurruak faltsuak ziren: gezurra da aplikazioak doakoa izaten jarraituko duela Android erabiltzaileentzat. Hemendik atera daitekeen ondorioak ere kontrajarriak dira: batetik, hasieratik erabiltzaile guztientzat irizpide bateratua izatea mesedegarri litzaieke orain. Baina, bestetik, ez al dira iritsi merkatuko tontorreraino politika horri esker? Garbi dagoena da irizpide dantza horren ondorioz erabiltzaile askok bizkarra eman diotela Whatsappi eta itzulerarik izan ohi ez duen bideari ekin diotela.
Esanak esan, jendearen ahotan egotea omen da kontua; gaizki esaka nahiz bestela, publizitatea beti delako onuragarria. Argi dagoena da mauka ederra utzi dietela lehiakideei.
Spotbros
Doan eta letra xehe gabe, alternatiba direnen artean entzutetsuenak Line eta Spotbros dira. Bigarren honi buruz esatekoak utzi genituen jada: http://zibergela.bitarlan.net/2012/10/18/spotbros-aplikazioa-whatsappari-merkatua-jan-nahian/.
Getxotarren asmoa orain Ameriketara joatea omen da, milioi bat erabiltzaileren muga gainditu berritan. Hego Amerikako merkatuetan sendotu nahi dute orain dela bost hilabete hasitako bide arrakastatsua. Gogoratu, Spotbros pribatutasunagatik bereizten dela besteengandik eta irrintzia edo shout ezaugarriari esker gertu dauden ezezagunei mezuak bidali ahal izategatik.
Line
Line japoniarrari buruz asko esan daiteke. Eta Whatsapp aplikazioari bezero gehien kentzen dion zerbitzua da. iOS, Android, Blackberry eta Windows Phone sistemetan erabil daiteke; eta mezuak bidaltzeaz gain, deiak egiteko aukera ere eskaintzen du. Berezitasun nabarmenena da ordenagailutik sartzeko bertsioa daukala, eramangarritasunean eta erosotasunean irabazten du horrela. Lineren arrakasta, baina, sticker izena duten ilustrazioen erabilpenean datza. Hauek emotikonoak ordezkatzen dituzten pantaila osoko anime erako marrazkiak dira. Urtarrileko datuen arabera, Linek 100 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu munduan.