Alex Gurrutxaga / 2013-04-28 / 450 hitz
- Izenbura: Zer da artea?
- Egilea: Lev Tolstoi
- Itzultzailea: Aritz Gorrotxategi
- Argitaletxea: Meettok
Lev Tolstoik 1898an eman zuen argitara Zer da artea?. Gaur, euskaraz irakurtzeko aukera dugu Aritz Gorrotxategik egindako itzulpenean. Edizio polita da: hitzaurre luzea du, eta amaieran solasaldi bat —Gorrotxategiz gain, Bernardo Atxagak, Harkaitz Canok eta Andoni Egañak parte hartu dute—.
Hitzaurrea zinez egokia da. Gorrotxategik uztartzen ditu Tolstoiren bizitzako gertakari garrantzitsu zenbait eta haren pentsaera poetikoa. Argibideek testu nagusia irakurtzen laguntzen dute, eta, hein batean horiei esker, ez da beharrezkoa Tolstoiren literatur lanak ezagutzea.
Tolstoiren testuak ez du, oro har, gaurkotasun apartekorik. Ikuspegi itxia ageri du arteaz, dagoeneko bere garaiko mugimenduek atzean utzia zutena. Laburtzearren, adibide bat: Tolstoik erabat arbuiatzen du Frantziako sinbolismoa, iluna eta ulergaitza delako. Gaurtik begiratuta, onartzen dugu modernismoak ekarri zuen berrikuntza nagusietakoa sentsazioei eta sugestioari emandako balioa dela. Tolstoik, ordea, ez du onartzen arte modernoak hartutako sentsazionalitatea; errusiarraren iritziz, arteak sentimenduak transmititu behar ditu, eta ez sentsazioak.
Zaharkitua geratu da artea definitzeko jarraitzen duen bidea, baita arte faltsua epaitzeko duen modua ere. Esaterako, Tolstoiren ustez, Goetheren Fausto-k ezin du benetako zirrara artistikorik eragin, maileguan oinarritua dagoelako.
Alabaina, badira puntu oso interesgarriak ere. Aipagarria da Elizak eta batez ere goi-klaseak artearekiko duten jarrerari egiten dion kritika zorrotza. Tolstoiren ustez, klase honek arte faltsua kontsumitzen du, erantzuten diona harrokeriari, bizitzaren gogaitasunari eta sexu grinari. Interesgarria da arteari ematen dion balio soziala ere: «erlijio kontzientzia» dio berak, guk etika deituko genioke, ziurrenik. Tolstoirentzat, «artearen esentzia, edozein arterena, gizakiak batzea da» (104. orrialdea): artistak bere sentimendua transmititzen du obraren bidez, eta kutsatze horrekin senidetasuna zabaltzen da munduan. Gorrotxategik ongi garatzen du puntu hori hitzaurrean, eta Atxagak ere aipatzen du solasaldian. Atxagak dioen bezala, alde horretatik, Tolstoi utopien garaikoa da: «Berak dioenez, norbaitek sentimendu hori izan du, eta kutsatzearen bila joan da, komunikazioaren bila (…). Beraz, denon artean halako…, ez dakit nola esan, komunitate bat edo osatzen da» (128. orrialdea).
Solasaldira iritsita, irakurleak espero lezake Tolstoiren ikuspegia nolabait eguneratzea: konparatzea, kritika egitea edo testuinguruan jartzea. Alde horretatik, esango nuke solasaldiak nekez betetzen duela bere funtzioa; izan ere (solasean aritu direnen alde esan beharra dago), Tolstoiren ikuspegia hain itxia izanik zenbait puntutan, zaila ematen du eguneratzea. Gainera, Gorrotxategik oso ongi bideratzen du solasaldia, baina, halere, digresio asko dagoela esan daiteke.
Bestalde, itzultzaileak (adierazita) testu originalaren atal zenbait ezabatu ditu. Esango nuke kasu batzuetan eztabaidagarria dela kenketa egokia ote den ala ez. Adibidez, testu guztian behin aipatzen direnez gero, uste dut merezi lukeela irakurtzea Tolstoik Malthus eta Marxen teoriak kritikatzen dituen pasartea. Aldiz, Frantziako sinbolismoaren analisia kendu izana ulergarriagoa da, berez duen luzera kontuan hartuz.
Azken batean, edizio oso interesgarria da maisu errusiarraren pentsamendu estetikora hurbiltzeko. Beste kontu bat da Zer da artea? testuan Tolstoik ageri duen estetika eta haren gaurkotasuna.