Amaia Portugal / 2013-03-28 / 1.302 hitz
GIBarekin kutsatu eta berehala erretrobiralak jasotzen hasi ziren zenbait pazientek infekzioa modu naturalean kontrolatzea lortu dute; hala egiaztatu du Asier Saez Cirion Pasteur institutuko ikertzaileak.
Giza Immuno-eskasiaren Birusaren (GIB) inguruko ikerketari eskaini dio ia bere ibilbide guztia Asier Saez Cirionek (Portugalete, 1975). Euskal Herriko Unibertsitatean Biokimika ikasi eta Leioako Biofisika Unitatean bertan egin zuen doktore tesia. AEBetako Elikagai eta Drogen Administrazioan egin zuen lan gero, eta 2003az geroztik, Parisko Pasteur institutuko ikertzailea da. Infekzio Erretrobiralen Erregulazio Unitatean dihardu, hain zuzen; 2008an Medikuntzako Nobel Saria irabazi zuen Françoise Barre-Sinoussik zuzentzen du sail hori.
Saez Cirion egile nagusitzat duen artikulu bat argitaratu zuten duela bi aste eskas, eta zeresan handia eman du. GIBarekin infektatutako 70 lagun ikertu dituzte. Horien berezitasuna: oso aste gutxiren buruan, ohi baino lehenago, izan zuten infekzioaren berri, eta tratamenduari ere oso fase goiztiarretan ekin zioten. Urte askoren ondoren, tratamendua eten, eta 70 paziente horietatik hamalauk kontrolpean dute infekzioa, ez dute berriz botikarik hartu beharrik izan.
Nola sartu zinen Pasteur institutuan?
AEBetan nire doktoretza ondokoa egiten ari nintzela, erabaki nuen ez nuela ordura arteko ikerketa motarekin jarraitu nahi: mekanismo batzuk garatzen saiatzen ari nintzen, baina GIBa zuten pertsonengan funtzionatuko ote zuten ere jakin gabe. Infekzioaren kontrolerako edo babeserako eredu naturalak aztertzeari ekin nahi nion, jakiteko ea naturak berak topatuak ote zituen jendea babesteko mekanismo horiek. Izan ere, aurkituz gero, uste dut aukeraren bat izan dezakegula mekanismo horiek gaixo batzuei induzitzeko. Ideia hori nuen buruan, eta Europara itzultzeko gogoz nengoen. Ikerketa hori zer laborategitan egin nezakeen bilatzen hasi nintzen, eta Pasteur institutuko Françoise Barre-Sinoussiren laborategia izan zen nire lehen aukera. GIBaren eraginpean egon eta infektatu ez ziren Asiako eta Afrikako pertsona batzuk aztertzen ari ziren, eta horixe ari nintzen bilatzen, ikerketa mota hori egin nahi nuen. Doktoretza ondoko kontratu bat lortu nuen, eta orduz geroztik nago hor.
Zer lerro jorratzen duzue zuen laborategian?
Gure laborategiari GIBaren eta infekzioaren hartzailearen arteko harremana interesatzen zaio, eta gure taldeari, infekzioaren kontrolerako mekanismo naturalak, bereziki. Urte asko daramagu infekzioa bere kabuz eta modu naturalean kontrolatzen duen paziente talde batekin (kontrolatzaileak) lanean, eta kontrol horri lotzen zaizkion pare bat mekanismo topatu ditugu.
Zer esan nahi du infekzioaren kontrolatzaile izateak?
Europan eta Ipar Amerikan, infektatutako pazienteen %0,5 gai da GIBa kontrolatzeko, nahiz eta sekula botikarik hartu ez izan. Infekzioa badute, baina haien defentsa naturalekin, gai dira kontrolatzeko. Birusa beti dago hor, baina kontrolatuta. Orduan, gure lerroa horretan datza: lehenik interes taldeak identifikatu, haien ezaugarriak zehaztu, eta kontrol horrekin lotura duten mekanismoak identifikatzen saiatu.
Zeintzuk dira orain arte lortu dituzuen emaitzarik esanguratsuenak?
Ikertu ditugun paziente horiek duten erantzun immunitario mota oso eraginkor bat xehatu dugu: T CD8 izeneko zelulak —kontrolatzaile horien organismoan infektatutako zelulak bilatzen ibiltzen diren soldadu moduko batzuk— oso eraginkorrak dira birusaren helburu diren CD4 zelula infektatuak topatzen, eta oso azkar suntsitzen dituzte. Gainera, ikusi dugu paziente horien CD4 zelulek berez dutela arrisku txikiagoa birusaren aurrean; hau da, infektatu daitezke, baina paziente arruntak baino gutxiago. Infektatutako zelula gutxi dituzte organismoan, beraz, eta uste dugu bi kausaren ondorio dela hori: batetik, bere zelulak okerrago infektatzen direlako, eta bestetik, T CD8 zelulen defentsak infektatzen diren zelula apur horiek oso azkar identifikatu eta suntsitzen dituelako.
Lerro horretatik abiatuta, Visconti ikerketa etorri da gero, berriki argitaratu duzuen artikuluaren atzean dagoen lana.
Kontrolatzaileekin lan egin eta gero, jakin nahi genuen ea kontrol fenomeno horiek beste subjektu batzuengan aurkitu ote genitzakeen, edo induzitu, bestela. Orduan, zalantza horiek genituela, mediku batzuk gurekin harremanetan jarri ziren, eta esan ziguten GIBa zuten haien paziente batzuk gai zirela infekzioa kontrolatzeko behin tratamendua eten eta gero. Normalean, tratamendu antierretrobirala eteten bada, birusa botikekin hasi aurreko mailara itzultzen da, eta etenaldi horrek ez dakar inolako onurarik, beraz. Mediku horiek, baina, ikusi zuten paziente batzuek baietz, infekzioa kontrolatu egiten zutela denbora luzean, tratamendua etendakoan. Horiek ikertzea proposatu genien, bai eta talde luzeago bat ere, Frantziako askotariko ospitaletara joz. Lan honetan ageri diren hamalau kasuak aurkitu genituen, eta horiek guztiek ezaugarri komun bat dute: tratamendua fase goiztiarretan jaso zuten —infektatu eta hurrengo hiruzpalau asteetan diagnostikatutako pazienteak dira—.
Eta zer dela-eta eten zuten tratamendua bere garaian?
Tratamendua eteteko martxan jarritako protokoloetan parte hartu zutelako. Bere garaian, terapia antierretrobirala eraginkorra zela ikusi zenean, ez zegoen oso garbi zer gertatuko zen tratamendua urte askoan hartu eta eteten bazen. Protokolo batzuk jarri zituzten martxan, eta ikusi zuten paziente gehientsuenengan birusa erreplikatzen hasten zela berriz, tratamenduaren aurreko maila bertsuan. Fase kronikoan gaur egungo terapiekin tratatzen diren pazienteen % 99k ezingo dute inoiz infekzioa kontrolatu tratamendua eteten badute.
Zuek azterturiko hamalau horiek bai, ordea. Baina nola dakizue tratamendua goiz jasotzeagatik kontrolatzen dutela infekzioa, eta ez, demagun, kontrolatzaile naturalak direlako?
Batzuk eta besteak alderatu genituen, hori izan zen lan honetan egin genuen lehenbiziko gauza. Eta desberdintasun asko topatu genituen. Adibidez, kontrolatzaile natural gehienak infektatu eta berehala hasten dira kontrolatzen. Sistema immunitarioa, haien defentsak, oso azkar hasten dira lanean. Gainera, noski, haien infekzioa ez da sintomatikoa, birusaren karga oso txikia delako hasieratik. Terapia jaso dutenen kasuan, ordea, hamalautik hamabik sintoma nahiko larriak izan zituzten infektatu berritan: kontrolatzaileen birusaren karga halako ehun zuten. Gainera, kontrolatzaile gehienek kondizio genetiko onuragarria dute, eta terapia jaso dutenek, aldiz, ez; haien kondizio genetikoak zerikusia du birus karga handia izatearekin. Azkenik, defentsa immunitarioak oso eraginkorrak dira kontrolatzaileen kasuan, eta mekanismo hori ez dugu topatu terapia jaso duten pazienteengan.
Zer gertatzen da, orduan, hamalau paziente horiekin?
Ez daude sendatuta, birusak dituzte zeluletan, baina aktiboki ari dira horiek kontrolatzen. Oraindik ez dakigu mekanismoak zeintzuk diren, baina badakigu pertsona hauek ikaragarri murriztu dutela gordailu birala, tratamendu goiztiarrari esker. Oso zelula gutxi dituzte infektatuak, eta hori, argi eta garbi, abantaila handia da infekzioa kontrolatzeko. Baina badakigu badagoela beste zerbait, kontua ez dela infektatutako zelulen kopurua murriztea bakarrik. Izan ere, pertsona batzuek antzeko infekzio maila dute zeluletan terapia eteten dutenean, eta gero kontrola galtzen dute.
Birusa beste batzuei kutsatzeko arrisku txikiagoa al dute modu batean edo bestean GIBa kontrolatzea lortzen duten pertsonek?
Transmisio arriskuak lotura garbia du organismoan dagoen birus mailarekin. Badakigu, adibidez, infektatu berri den jendeak oso transmisio arrisku handia duela. Infekzioa kontrolatzen duen jendeak transmisio arrisku txikiagoa duela uste da, baina ez dago datu askorik horren inguruan. Hala ere, ezin dugu baztertu une batzuetan blip delakoak izaterik. Une horietan, birusaren kargaren berraktibazio bat gertatzen da; berriz ere kontrolatu daiteke gero, baina paziente hauen kargaren eguneroko kontrolik egiten ez denez, kontu handiarekin ibili behar dira beti.
Ikerketa honek zer ibilbide du orain?
Lehen aldiz erakutsi dugu infekzioaren kontrol aparteko bat induzitu daitekeela berau kontrolatzeko berezko ahalmenik ez duen paziente talde batengan. Orain, bi helburu garbi ditugu: batetik, kontrol aktiboaren mekanismo erantzuleak zein diren ulertzea, eta bestetik —eta ziurrenik hau da garrantzitsuena epe laburrean—, argitzea zergatik infekzioa hasi berritan tratatzen duten paziente batzuek (kasuen % 10-15) kontrolatu egiten duten urte askoren ondoren terapia eteten dutenean, prozesu bera jarraitzen duten gehientsuenek ez bezala. Hori da gure lehentasuna orain. Izan ere, desberdintasuna topatuz gero, iragarpen markagailuak topatu ahal izango ditugula uste dugu, horiek adieraziko digute zer pazientek duten arrakasta aukera handiena terapia eteten badute.
Duela gutxi, GIBarekin jaiotako neskato bat sendatu egin zutela zabaldu zen hedabideetan. Hari ere jaio eta berehala aplikatu zioten tratamendua. Zer iritzi duzu sendatu hitza erabiltzearen inguruan?
Terminologiari dagokionez, uste dut joera anglosaxoi bat dela. GIBaren infekzioa sendatzea da gu guztion helburua, baina oraingoz urrun dagoela uste dugu. Oraindik erabat argitu behar dugu birusa non dagoen ezkutatuta, jakin baitakigu badaudela ikusten ez ditugun gauza batzuk. Horrelako kasuetan sendatze funtzionala terminoa baliatzea proposatu izan da; horrek esan nahi du ez zaudela sendatuta, birusa zure organismoan dagoela, baina bizimodu normala daramazula, kontrolatzeko gai zarelako. Nik neuk ez dut sendatzeaz hitz egitea atsegin, funtzional hitza bidean geratzen delako askotan, eta itxaropen faltsuak eragiten ditu. Ezin dugu baztertu infekzioa beranduago berriz agertzea. Mississipiko (AEB) haur horren kasuan, birusa bere organismoan dago; oso neurri txikian, baina ezin da esan erabat sendatu denik. Gure Visconti ikerketako pazienteen kasuaren oso antzekoa da. Bi ikerketek iradokitzen dute tratamendu oso goiztiarra jasotzea gakoa dela infekzioa kontrolatzera iristeko.