Lurrikaren arriskua Euskal Herrian

Koldo Nuñez / 2013-03-28 / 571 hitz

Datu guztien arabera, 2013ko negua historiara pasatuko da prezipitazio ugarikoa izan delako. Leku batzuetan, gainera, inoiz neurtu den hezeena izan da, esaterako, Iruñerrian. Bertan duela 133 urte hasi ziren datuak biltzen, eta ordutik hona, aurtengoa hezeena izan da. Maila guztiak gainditu ditu. Aurten Euskal Herriko leku askotan ohiko negu batean egiten duen euri eta elurraren bikoitza eta gehiago egin du. Prezipitazioa erortzen denean, lurraren azalean mugitu, bildu, errekak sortu eta itsasoratu egiten da. Baina ez guztia, erortzen denean frakzio bat lurrundu egiten da, eta berriro atmosferara itzultzen da, eta beste frakzio bat lur azpira sartzen da.

Kantauri itsasoaren bazterrean bizi gara, eta mendebaldetik datozen haizeek bertako eskualde menditsura iristean prezipitazio ugariak uzten dituzte. Mendi hauek Iberiar Penintsularen mugimendu historikoek sortutakoak dira; alegia, penintsula milioika urteotan zehar iparrerantz egin ondoren, azkenean Europako plakarekin egin zuen talka. Ondorioz, Euskal Herriko mendiak sortu ziren. Mendiak sortzen dira lurrazalaren zimurren antzera, eta horiekin batera zartadura asko gertatzen dira. Haustura horiek failak dira. Asko daude Euskal Herrian, eta horietako bat Iruñeko faila da; Donibane Garazitik Lizarrara luzatzen da. Bertan eta beste faila askotan, Iberiar Penintsularen bultzadaren estresa pilatzen da, eta noizean behin, lurrikaren moduan askatzen da, alegia, failaren aldeak mugitu egiten dira eta inguru osoak dardar egiten du. Hau ez da maiztasun zehatz baten arabera gertatzen, eta, ondorioz, ezin dugu jakin noiz gerta daitekeen hurrengoa. Baina jakin badakigu lurrikarak gertatuko direla, failak bizirik baitaude gure eskualdean. Ez dakigu, ordea, noraino irits daitekeen haien benetako indarra. Izan ere, oraindik ere gure eskualdeko geologiaren ezagutza ez da batere sakona. Ezer gutxi egin da, esaterako, gure historia sismikoa zehatz-mehatz ezagutzeko, eta gehienez, azken mendeotara iristen da. Historikoki Euskal Herrian ez dira oso indar handiko lurrikarak gertatu, eta horrek eraman gaitzake pentsatzera ez direla zertan gertatu, eta, ondorioz, neurri bereziak ez hartzera. Baina aurtengo negu hezea bezalakorik ez zen ezagutzen leku askotan; alegia, espero ez zitekeena gertatu da. Zergatik ezin da gertatu berdin lurrikarekin, alegia, espero ez dugun indarreko lurrikara gertatu? Noski, zenbat eta gehiago jakin, hainbat eta errazago aurreikustea gerta daitekeena.

Zentzu honetan, negu honetan Nafarroan gertatu den ezohiko sismizidade handia neurri batean dagoeneko aurreikusita zegoen, ez noiz gertatu behar zen zehatz-mehatz, baina bai sismizidadea areagotu behar zela. Izan ere, Antonio Aretxabaleta geologo nafarrak eta beste batzuek badaramate denbora lanean hidrosismizitatearen gainean eta ikusita gertatzen ari zen prezipitazioen ugaritasuna, hasi ziren aurreikusten sismizidadearen areagotzea. Aretxabaleta aspaldi ari da, besteak beste, Jaengo lurrikaren inguruan lanean. Hantxe, Ubedan, 2000 lurrikaratik gora neurtu dira azken sei hilabetotan. Gehien-gehienak oso txikiak eta inolako arriskurik gabekoak. Bertan ere, prezipitazioek maila historikoak gainditu dituzte, eta balio izan dute urteotako lehorte eta gainustiaketaren ondoren oso baxu zeuden lur azpiko akuiferoak betetzeko.

Nafarroan, XX. mendean hiruzpalau 5 indarreko lurrikara ezagutu dira. Egun, dakigunaren arabera, 5 eta 6 indarreko lurrikarak gerta daitezke 100 edo 200 urtean behin. Aurtengo neguan, prezipitazio ugariekin batera, dozenaka sismo gertatu dira, batez ere Erreniega mendien inguruan. Azkena, martxoaren 23ko goizaldean izan zen, eta zorionez 4,1 indarra baina ez zuen izan. Oraindik askok ezeztatzen badute ere, egindako ikerketa askoren arabera, gero eta argiago dago nola lur azpiko urek eragina izan dezaketen mugimendu tektonikoen gainean, eta noraino lurrikaren maiztasuna eta indarra areago dezaketen. Hortaz, klima aldaketak zein gizakiok lur azpiko urekin egiten dugunak; esaterako, fraking-ak eta akuiferoen gainustiaketak erantzun sismikoa ezan dezakete. Horri gehietzen badiogu gure historia geologikoaren ezagutza mugatua, arrazoiak dauzkagu kezkatzen hasteko. Ezohiko neguak eta ezohiko lurrikarak edozein unetan gerta daitezke. Arriskua hor dago, eta ez gaude prestatuta inoiz lurrikara indartsua gertatzen bazaigu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.