Gorka Julio / 2013-04-25 / 281 hitz
Internet zuretzat lanean jartzeko tresna» gisa aurkezten dute ifttt.com. Baina hori baino gehiago ere bada. Hainbat kanaletako informazioa hartu, zuk jarritako baldintzen arabera, definitzen duzun ekintza egiteko prestatuta dagoen sistema bat da. Alerta sistema bat izan daiteke, baina baita hori baino gehiago ere. Gauzen Internetaren aplikazio sinple baina errealak egiteko bidea.
Zerbitzu hau ulertzeko bost kontzeptu ondo ulertu beharra dago. Lehena kanalak dira, informazioak jaso edo bidaliko diren zerbitzuak, alegia. Aukera asko dago horien artean Facebook, Instagram, RSS jarioak, hainbat blog zerbitzu…
Beste bi kontzeptu garrantzitsuak baldintza eta ekintza dira. Baldintza gertatu behar den horri deitzen zaio. Facebookeko argazki batean etiketatu naute adibidez. Ekintza, aldiz, hori gertatu ostean egin beharreko ekintza. Hori gertatzean, bidali argazki hori posta elektroniko bidez.
Azken-aurreko kontzeptu garrantzitsua osagaiak dira. Baldintza bat gertatzeko beharrezkoa diren informazio zatiak. Gure adibidean, Facebookeko argazkian etiketatua izatea. Beste tresna batzuetan posta elektronikoaren kasuan adibidez, postaren gaia, gorputza, bidaltzailea…
Bukatzean errezeta bat dugu. Aurreko lau osagaiak baturik eta ondo egituraturik sortzen duten emaitzari honela deitzen zaio. Errezeta horiek kudeatzeko eta itzali eta pizteko aukera izango dugu kontrol panel baten bidez.
Errezetek normalean 15 minututik behin kontsultatzen dituzte kanalak, loturiko baldintzak eta horren ondoriozko ekintzak gauzatzeko. Hala ere, badira azkarrago burutzen diren baldintzak ere, horiek tximista baten ikonoa dute ondoan.
Oraindik aukera gehiago ere eskaintzen ditu, mundu fisikora salto egiteko aukera, esate baterako. Blink(1), Weemo switch eta motion tresnen bidez, adibidez. Lehena, jartzen diogun baldintzaren arabera pizten den led argi bat da. Bigarrena eta hirugarrena, baldintzen arabera erantzuten duten entxufe eta mugimendu sentsorea dira.
Orain arte zailak ziren gauzak jende askoren eskuetan jartzea lortu du zerbitzuak. Pena da oraindik horrelako zerbitzu zentralizatuen beharra izatea era honetako gauzak egiteko. Edozein eran, kontzeptuak badu garrantzia.