Juan Luis Zabala / 2013-04-26 / 527 hitz
«Norbanakoaren eta taldearen arteko harremanez» mintzo da Oier Guillan ‘Elkartasun basatia’ poema liburuan.
«Norbanakoaren eta taldearen arteko harremanez» mintzo da Oier Guillanen Elkartasun basatia poema liburua (Susa). «Liburuko poemak harreman horretan sortzen den tentsioan daude idatziak», egileak azaldu duenez. «Tentsio sortzailea», zehaztu du poetak, «batzuetan talka dena, besteetan gatazka, baina baita ere maitasun adierazpena, elkartasun basatia». Oier Guillanek (Errenteria, 1975) soilik poemekin osaturik argitaratu duen hirugarren liburua da Elkartasun basatia; aurreko biak Ate hautsiak (Arabako Foru Aldundia, 2008) eta Eskuen sustraiak (Susa, 2009) dira. Horiez gain, antzerkia, narrazioa eta poesia batzen dituzten liburuak ere argitaratu ditu.
Sei ataletan banatuta dago liburua: Esan gabe doa, liburuaren ideiategia aurkezten duen poema luze zatikatu batek osatua, «besteak beste, gutxiengoak omenduz eta gutxiengoaren ideia bera erlatibizatuz»; Identitatea euliari azaldua, identitateari buruzko gogoeta zertzeladak eskaintzen dituen atala, «euskaldun berri zahar baten ikuspegitik» emanak; Jendea izaki, taldeari zuzendutako begirada bat, «jendearen, multzoaren, oldearen berezitasunei erreparatuz»; Manikien odola, «norbanakoaren panpinatasunari erreparatzen dioten poemak» biltzen dituena, «gizarteak norbanakoaren gorputzean eta intimitatean uzten duen arrastoa» erakutsiz; Oinak hotz ditut baina ez nago hilik, «bufoiaren estetikara eta ideologiara» gerturatzeko saio bat, «norberaren konkorrak —kontraesanak, alde ilunak, bizitzaren ikuspegi poetiko-politikoaren argi-itzalak…— ez ezkutatzeko hautua» eginik gauzatuak, «autoironiaz eta asmo politikoekin mintzatzeko ahalegin batekin, politiko hitzaren zentzurik zabalenean»; eta Sudurrik gabeko pailazoa, «sasiantzezlana, teatro poetikoa, ahots hautsien koru batek lagundutako bakarrizketa modukoa».
«Elkartasun basatia poesia liburu bat da, baina teatroak bustita dator», Guillanek azaldu duenez. «Eszena garaikidean oso gertu ikusten ditut dramaturgia eta poetika, eta hori bera esploratzea eta ikertzea interesatzen zait. Horretan ibili naiz eszenarako egindako hainbat lanetan».
Antzerkiaren eragin agerikoa
Antzerkirako egindako lanen eskarmentuak bideratu du, neurri handi batean, poemetan lantzen dituen gaietara. «Teatroan oso modu nabarmenean bizi daiteke norbanakoaren eta taldearen arteko tentsio sortzaile hori, idazlearen egoa onartzeko eta era berean deuseztatzeko beharra dagoelako, idaztea funtsean norbanakoaren lana izanik ere idazleak teatroan etengabe egon behar duelako taldearekin negoziatzen».
«Partitura gisako testu asko» daude liburuan. «Interpretatuak izan daitezkeen testuak dira. Lehenengo interpretazioa, noski, irakurleak berak egin dezakeena da, eta horregatik eta horretara dator liburua paperean, baina testu hauetako asko ahotsarekin, gorputzarekin eta eszenak egun performatibitatearen bidetik eskaintzen dituen baliabide anitzetik interpretatuak izan daitezke».
Horrez gain, antzerkiaren eragin estetikoa agerikoa da poema askotan: hitzaren autonomia, musikaltasuna, erritmoa, errepikapenak… Gainera, poemetan «erabilitako hainbat elementu zehatz» antzerkiaren munduan oso ohikok dira: manikiak, panpinak, bufoiak, pailazoak, teatro idatzien aipuak, manifestuak…
Elkartasun basatia izenburuak «norbanakoaren eta taldearen arteko tentsioaren funtsa» adierazten du, Guillanek dioenez. «Kulturak, sormenak inoiz baino gehiago behar du norbanakoaren eta taldearen arteko zubiak eraikitzea. Batzuetan itsusiak dira zubiak, zikinak, basatiak, inperfektuak, kontraesanez beteak, mingarriak. Baina, hala ere, beti zubi. Zubi basatiak, beraz. Elkartasuna ez delako, maitasuna ez den bezala, lelo bigun bat, gobernuz kanpoko edo barruko erakundeentzako koartada bat. Elkartasuna jarrera aktibo bat da, sortzerakoan arriskuak hartzera eramaten gaituena, besteek sortzen dutena ikustera edo irakurtzera eramaten gaituena. Sareak sortzera eta kolektiboak bultzatzera animatzen gaituena, norbanakoaren lana taldearekiko tentsioan gauzatzera eramaten gaituena».
Elkartasun basatia jendaurrean aurkezteko, hainbat errezitaldi egingo ditu Guillanek ondorengo asteetan: maiatzaren 9an, Donostian, Literaktum jaialdiaren barruan; ekainaren 1ean, Larrabetzun, Literaturia euskal liburuen azokaren barruan; eta ekainaren 7an, Errenterian. Atzo, Donostian, Elkartasun basatia liburuaren aurkezpenaren hasieran, Esan gabe doa poemaren interpretazio dramatizatua egin zuen Guillanek, Asier Sarasolak lagunduta.