Erredakzioa / 2013-04-24 / 164 hitz
Laxaro Azkunek, Imanol Lazkanok eta Loidisaletxek elkarrizketak baliatu dituzte lana osatzeko.
Laxaro Azkunek, Imanol Lazkanok eta Joan Jose Eizmendi Loidisaletxe-k Errezildarren ateraldiak liburuan herriko pasadizo eta ateraldiak bildu dituzte, ehun inguru denera. Elkarrizketak baliatu dituzte materiala biltzeko: mahai inguruan hamar bat lagunekin topatu dira bizpahiru aldiz, eta banakako hainbat elkarrizketa ere egin dituzte. Horiez gain, Inaxiomari Atxukarroren Irriparrezko printzak liburuko pasarteak ere jaso dituzte euren lanerako.
Lazkanoren arabera, liburua irakurtzen duenak honakoa jasoko du: «Euskaraz pentsatu, euskaraz bizi eta euskararekin jolas egitea zein polita den» baieztatzeko aukera. Liburua egitea harentzat «gozamena» izan dela ere aipatu du. Euskara batua baliatu dute, baina zuzeneko kontakizunetan herriko euskalkia erabili dute.
Bertsolaritzak hizkuntzarekin jolas egitearekin daukan lotura ere aipatu dute. Izan ere, bertsolari andana sortu da herrian eta inguruan XX. mendean. Errezil eta bertsoa irudikatzen duten mapa osatu dute, material gehigarri modura.
Liburuaren lehen orrialdeetan Ernioko Gudaren gorabeherak jarri dituzte, eta gertakari hari Frantzisko Petrirena Xenpelar-ek, Pello Mari Otañok eta Jose Manuel Lujanbio Txirrita-k jarritako bertsoak gehitu dizkiote.