Esklaboen sistema berritua

Amagoia Mujika / 2013-03-30 / 1.699 hitz

AEBetan immigrazioaren erreforman aldi baterako langileen programa zabaltzeko eskatu dute enpresariek, baina giza eskubideen aldeko taldeentzat egun nekazarien bizi-baldintzak ez dira aldatuko, legeztatu arren.

AEBetako herritar gehienek ez dakite egunero etxean jaten dituzten jaki asko eta asko umeek lantzen eta jasotzen dituztela nekazaritza landetan, eskolan egon beharrean. Urteak paperik gabe eta baldintza ezin okerragotan lan egiten duten senideen ekonomiari laguntzeko halabeharrez joan behar izaten dute lanera; edota aldi baterako AEBetara legez egiten dutenen seme-alabak dira. 500.000 adingabe inguru dira, 12 urte baino gutxiago dituztenak tartean. Haiek bezala, euren gurasoek ere ez dute inolako babesik gaixotzen badira, istripuren bat izaten badute edo nagusiarekin arazoak badituzte, tratu txarrak jasan dituztelako edo agindutakoa ordaindu ez dietelako. Inpunitatearen aurrean, ezin dute ezer egin, deportatzeko arriskua baitute. Southern Poverty Law Center AEBetako hainbat injustizia ikertzen dituen abokatuen eta aholkularien taldeak ehunka elkarrizketatu ditu, eta, jakinarazi duenez, esklabotzaren garai berriak dira hauek, eta AEBetan egiten ari diren immigrazioaren erreformak egun dagoen sistema aldatzeko lanari heltzen ez badio, legeztatuko dituztenen bizi-baldintzak ez dira hobetuko.

Nekazarienak ez behintzat, eta asko dira, AEBetako nekazaritza produkzio guztiaren oinarria. Kalifornian —bera da AEBetan gehien ekoizten duen lurraldea— 1.000.000 bat daude legez kanpo, eta 150.000 kontratupean. Baina paperak dituztenek garaia amaitzen denean etxera itzultzen dira, hurrengo uzta arte, eta horrela bizitza osoan, naziotasuna lortzeko aukerarik gabe. Horregatik, kontratupean iristen diren askok erabakitzen dute legez kanpo geratzea.

Immigrazioaren erreformari buruzko eztabaidan, hainbat politikarik eta enpresarik sasoika lan egiten dutenen programa jende gehiago hartzeko zabal dezatela aholkatu diote Senatuari, atzerriko langileen joan-etorri egonkorra ziurtatzeko, eskulan merkea baliatzen duten industrietarako, gero eta gutxiagok jotzen baitute lan horietara. Baina Kongresuak jauzia egin aurretik egungo programa berrikusi beharko lukeela uste dute, ordea, giza eskubideen aldeko erakundeek.

H-2 egungo programak nekazaritzako langileak eta AEBetako hainbat industriatarako aritzen diren aldi baterako langileak hartzen ditu, eta giza eskubideen urraketaz beterik dago, oso ahula den jendearen egoeraz aprobetxatzen direlako. Programa hori immigrazioaren erreforma egiteko eredu ez izatea eskatzen dute, baina oraindik azalpenik eman ez duten arren, erakundeok beldur dira legez kanpokoak legeztatuta ere, behe klasekoen bizi-baldintzak ez direla hobetuko.

AEBetako Lan Departamentuak kontrolatzen du H-2 programa teorian, baina praktikan ez da horrelakorik gertatzen. Langileon kontrako abusuak eta gehiegikeriak egunerokoak izaten dira. Merkatu lehiakor batek beharko lituzkeen oinarrizko babesik ez dute, ezta tratu txarrak jasanez gero lanez aldatzeko aukerarik ere. Enplegua ematen dien enpresariari loturik daude, euren lana amaitzen duten arte. Abusuak salatzen dituztenek deportazioa edo bestelako zigor batzuk izaten dituzte.

Southern Poverty Law Centerrek Kongresuari txosten osatu bat eman dio. Txosten hori aurreko ikerketen berrikusketa bat da. Deskribatzen diren gehiegikeriak «sagar ustel» batzuen kontua baino gehiago direla esaten du. Atzerriko langileak merkantzia balira bezala tratatzen dituen sistemaren biktimatzat jotzen dituzte txostenean.

Naziotasuna, arazo

Beharrezko direnean inportatzen dituzte, berme juridiko mahikorik eskatu gabe, merkatu librearen aitzakian, eta eskubide osoko herritar izateko aukerarik gabe. Immigrazio erreforman lanean diharduten senatari errepublikanoen eta demokraten taldean daukaten arazo larrietako bat da zenbat urtera eman behar zaien naziotasuna, baina aldi baterakoen prozesua aldatzen ez bada legeztatutakoen ondorengoak prozesu horretatik kanpora geratuko liratekeela salatu dute.

Legearen baliabideetara jotzeko aukerarik gabe, aurrez agindu dietena baino soldata txikiagoa jasotzen dutela ere nabarmentzen dute arazo larrien artean, eta zorrak pilatzen dituzte, miseriazko egoeran bizitzera betikotzen, eta lanagatik izan ditzaketen eri eta lesioak artatzeko aukerarik gabe. AEBetan visarekin dauden jornalari mexikarrak: moderno ahaztuak deritzon ikerketa argitaratu berri du Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoak —immigrante gehienak mexikarrak dira—, eta jasotzen du elkarrizketatu dituztenen artean %95ek giza eskubideen urraketa kasuak aipatu dituztela.

Horrez gainera, ikerketa horretan aipatzen dute langileok bis, pasaportea eta bidaia gastuengatik 400 euro inguru ordaindu behar izan dituztela, eta horiek ordaintzea nagusiari dagokion arren, %62k esan dute zati bat baino ez dutela ordaindu, edo ezer ere ez.

Horregatik, langileek 300 eta 1.000 dolar arteko maileguak eskatzen dituzte, eta hori gehiegi da, oso pobreak diren lekuetatik iristen baitira denak. %53k ez dute informaziorik izan eskubide eta betebeharren inguruan. H2 programak, ordea, kontratatzen duenak berez baldintza horiek eta gehiago bete behar dituztela esaten du.

«Lotsagabekeria»

Charles Rangel demokratak, Giza baliabideetarako Kongresuko Batzordeko presidente ohiak, honela azaldu du H-2a: «Inoiz ez dut esklabotzatik horren gertu dagoen programarik ezagutu». Rangelek ateratako ondorioa ez da exagerazioan oinarritzen, eta ez da horrela aritu den lehena. Lan Departamentuko Lee G. Williamsek Brazeroen programa, H-2aren aurreko bertsioa —milaka mexikar iritsi ziren II. Mundu Gerran eta ondoren lan egitera—, esklabotza legeztatzeko sistema moduan deskribatu zuen. Paperaren gainean langileak legez babesteko modu asko erakusten zituen, baina praktikan, nekazarien baldintzez sistematikoki gezurra esaten zuten, tratu txarren biktima izaten ziren. Cindy Hahamovitch historialari eta jornalarien programetan adituak esan duenez, «Amerikako historian nekazaritza programarik osatuena zela ziotenak arduragabekeria eta lotsagabekeriaz betea zegoen».

Praktikan, ezberdintasun gutxi daude atzoko brazeroen eta gaurko H-2 programen artean. Gobernuak programak esaten dutena betetzeko hartzen dituen neurriak historikoki funts gabeak izan dira. Abokatu pribatuek ez dute kausarik hartzen, eta langileek ez dute zerbitzu juridiko publikorik gehiegikerien aurrean auzibideak hasteko.

H-2a, azken batean, zerbitzarien sistema modernotzat jotzen dute giza eskubideen erakundeek. Europako antzinako zerbitzarien aldean, baina, aldi baterako egungo langileek ez dute eta ez dute izango estatubatuar izateko eskubiderik. Erabili eta botatzeko langileak dira.

AEBetan jaiotako langileek ere aldi baterako sistemaren hutsuneen ondorioak jasaten dituzte. Soldata gutxiren truke kontratatzen dituzte enpresariek legez baina kontrolik gabe immigranteak kontratatzeko aukera duten bitartean; oinarrizko eskubide eta babesik gabe, nekez hartuko dituzte bertakoak, askoz garestiago ateratzen bazaie. Enpresariak atzerritarrak kontratatzerakoan behartuta daude frogatzera lan hori egiteko bertakorik ez dagoela, baina hori ez da praktikan gertatzen, eta aski dokumentatuta dago atzerritarrak kontratatzen dituzten enpresatan bertako langileen lan baldintzak askoz okerragoak izaten direla.

Southern Poverty Law Centerrek lehen txostena argitaratu zuenean, 2007an, H-2 programa indargabetzeko aholkua egin zuen, eta aldaketa txiki batzuk izan dituen arren, gaur-gaurkoz, abusuan oinarritzen jarraitzen du. Lan Departamentuak azken urteotan hainbat araudi proposatu ditu, baina ez dira indarrean jarri, Kongresuak atzera bota dituelako.

Gobernuz kanpoko erakundeen ustez, gaur egun ezinezkoa da aldi baterako langileen programa bat egitea abusu sistematikorik gabe. Horregatik aholkatzen dute H-2 langileen programa ez litzatekeela zabaldu behar immigrazio erreformaren aitzakian, eta ez duela uzta batetik bestera dabiltzan langileen eredu izan behar. H-2ak jarraitzeko erabat aldatu behar dela uste dute.

Egoera larria

Egoera aldatzen ez bada, udan 40 gradu ingurutan lan egiten jarraituko dute ume nahiz helduek, uzta sasoiak eskatzen duenean, hamabi bat orduz, pestiziden ondorioak jasaten, pobreziara betikotuta. «Munduko lanik txarrena, arriskutsuenetakoa eta okerren ordaintzen dena da», Judith Wold Mediku boluntarioen talde bateko zuzendariaren ustez. «Osasun sistema arazo bat da herri honetan, eta immigranteentzat arazoa ehun aldiz gehiago izaten da». Milioi erdi umeen artean, adibidez, 100.000 batek izaten dituzte urtero lan istripuak eta gaixotasunak.

David Strauss Nekazarientzat Aukerak programaren zuzendariarentzat, berriz, gauzarik okerrenetakoa ikusezinak direla da: «Estatubatuarren artean galdetuz gero, inor gutxik daki zer den immigranteen landa. Distantzia handia daukagu gure mahaian jaten dugun jan merkearekiko, eta merkea etorkinei esker izaten da».

Nekazarien Batasuneko idazkari Sergio Guzmanek immigrazio erreforma «ezinbestekotzat» jotzen du, baina naziotasuna emanda, ez aldi baterako langile eginda. «Guk ez dugu nahi aldi baterako langilerik, daudenak legeztatzea baizik. Nahiko eskulan dago uztak aurrera atera ahal izateko, kanpora jo behar izan gabe».

Barack Obamak 11 milioi immigrante legeztatzeko egitasmoak haiei zuzenean eragingo lieke, baina ez dago argi onurak zenbaterainokoak izango dituzte, izango badituzte.

Langileak merkantzia bailiran tratatzen dituen sistemaren biktima dira

——————

Izen-abizenak 11 milioi herritarrentzat

Senatari demokrata eta errepublikanoen arteko taldea egiten ari den immigrazioaren erreforma bukatzear dago, eta apirilean Senatuan aurkeztuko dutela jakinarazi du Obamak.

AEBak nazio direnetik immigrazioa erabakigarria izan da herrialdearen garapenean, eta, tarteka, polemika arrazoi. Azken bi hamarkadatan, inoiz ez bezalako mugimendua egon da, 1920tik handiena, eta lehen aldiz paperik ez duten atzerritarrak gehiago bilakatu dira legezko tramiteak eginda dauzkatenak baino. Errepublikanoak eta demokratak ados daude zerbait egin behar dela esaterakoan, eta bitariko senatarien taldea ari da proposamena prestatzen. Data zehatzik eman gabe, apirilean proposatuko duela esan zuen herenegun Obamak.

Azken hamarkadan saio bat baino gehiago egin dituzte, baina orain arteko ondorio praktikorik gabe. George Bushek hainbat saio egin zituen, baina bere alderdiko kontserbadoreenen ezezkoa jaso, eta bertan behera utzi behar izan zituen hasitakoak. Obama iritsiz gero, ezer gutxi aldatu zuen estatu federalak, baina 2012ko hauteskundeetako kanpainan sekulako garrantzia hartu zuen, latinoen botoak erabakigarriak baitziren. Obama presidentearen alde egin zuten hispaniarren %71k, eta Mitt Romneyren alde %27k. Bi aldeak, errepublikanoena batez ere, neurriak hartzera behartu ditu, kontserbadoreak beldur direlako arazo gaindiezina izan daitekeela etorkizuneko hauteskundeetan.

Obama, berriz, saiatuko da hispaniarren botoa demokraten aldean mantentzen. Kongresuak immigrazio sistema sakonki eta azkar berrikus dezan nahi du: herrialdeko 11 milioi paperik gabekoren egoera legeztatzea da helburua. Demokratek nahi bezala, senatarien taldeak legez kanpokoei aldi baterako baimena emateko aukera onartu dute, eta ordainez, errepublikanoek muga eta barruko zaintza gogortzeko eskatutako neurriak ere bai. Etxe Zuriaren eta errepublikano eszeptikoenen arteko arazo nagusia da legez kanpokoentzat paperak lortzeko bidean zein baldintza bete behar diren, eta zenbat denboran.

Presidenteak urtarrilean prestatu zuen proposamena, eta bi alderdietako senatariek osatutako taldeak oinarri batzuk ezarri zituen helburu horri begira, hala nola mugako segurtasuna gogortzeari buruzkoak eta aldi baterako langileen eta bisitarien kasuan baimenak amaitzen direnean joaten direla ziurtatzeko baldintzak. Presidenteak, ordainez, Kongresuarekin batera lan egingo duela esan zuen, legea berak egin beharrean.

Immigrazioa Bushekin

2004ko urtarrilean immigrazio legea berrikusteko deia egin zuen George Bushek. Kongresuari eskatu zion jornaleroen programa bat prestatzeko. Langile gonbidatu gisara hiru urterako geratzeko baimena izango zuten, eta ondoren beren jaioterrira itzuli. Tenporero gisara legalki geratzeko aukera ere zabaldu zuen, baina eztabaida ireki eta gero ez zuen gaia erabili urte hartako kanpainan. Hiru urtean bi alderdien batzordea bultzatu zuen, baina 2007an, alderdikide kontserbadoreenen presioen ondorioz, bertan behera utzi zuen. Urte hartan hamabi milioi lagun inguru zeuden legez kanpo.

Bien bitartean, 2005ean legez kanpoko immigrazioak ezinegona sortu zuen herrialdean, batez ere Arizonan eta Georgian izugarri hazi baitzen kopurua. 2005eko abenduan Kongresuak errepublikano kontserbadoreek bideratutako lege bat onartu zuen, muga segurtasuna handitzeko eta kontrola gogortzeko. Elizen inguruko taldeek eta hispanoak ordezkatzen dituztenek protesta egin zuten.

2006an, Senatuak —Edward M. Kennedy demokratari eta eta John McCain errepublikanoari eskerrak— herritartasuna lortzeko proposamen bat egin zuen, baina Ordezkarien Ganberaren segurtasunari buruzko lege proiektua sendoegia zen hura gainditzeko, eta ez zuen aurrera egin. Urrian, herrialdean gertatzen ari ziren aldaketak zirela-eta, 2008rako 700 miliatako (1.126,5 km) hesia eraikitzeko agindua eman zuen Kongresuak.

Obamaren kasuan, bera izan da AEBetako historian jende gehien deportatu duen presidentea. Azken urtean 1.400 pertsona bidali dituzte egunean, eta arazo handienetakoa sortzen dituen familia banaketak dira. Lanera zoazela noiz harrapatuko zaituzten ez jakitea ere bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.