Egilea: Jeff Kinney
Itzultzailea: Miren Arratibel
Ilustratzailea: Jeff Kinney
Argitaletxea: Alberdania
Bilduma: Gizajo baten egunkaria
Urtea: 2012
ISBN: 978-84-9868-357-8
R: 6.787
Gaztetxo baten eguneroko honek irakurketaz gozatzeko aukera ona eskaintzen digu. Izan ere, egunez egun gertatzen zaizkionen berri ematen digu Greg Heffley nerabeak, bai ikastetxean bai etxean, guraso zein anaiekin, eta, pasadizo horien bidez, barre ez ezik, gogoeta ere eragingo digu irakurleoi, familia-harremanez, adiskidetasunaz, maitasunaz, heziketaz, eskolaz… egiten dituen iruzkinen bidez.
Gaztetxoa izan arren, oso zentzuzko iritziak adierazten ditu Greg-ek hurbileko jendearen jokabideaz, heldu zein gazte izan. Aitarekin tira-birak izaten ditu maiz, bizitzan Gregek nolakoa izan behar duen eta zer lortu behar duen ez baitute biek berdin-berdin ikusten; esaterako, aitak semea futbolean jokarazi, boy-scout talde batean sarrarazi, edota akademia militar batera bidaliko duela mehatxu egiten dionean. Amarekin duen harremana bestelakoa da, xamurragoa-edo. Anaien kasuan, Rodrick, zaharrena, beti irabazle ateratzen da haien arteko liskarretan; eta Manny, gazteena, mainati hutsa da, gurasoek gehiegi mainatzen dutelako.
Begi-bistakoa da, bestalde, beste kultura bateko ohiturak azaltzen direla kontakizunean, baina horiek ez dira inola ere oztopo suertatzen gertakizunen nondik-norakoa ulertzeko, eta gazteen sen kritikoa garatzeko bide ere eman dezakete.
Ikasle-koaderno baten itxura du liburuak, zuzen idazteko marrak eta guzti. Irudiak ere oso egokiak eta adierazkorrak dira; biak ala biak osagarri polita dira, egunerokoaren bizitasuna eta xarma areagotzeko.
Euskara bizian eta adierazkorrean itzulita dago, eta, alde horretatik ere, gozamena izan daiteke liburu dibertigarri hau irakurtzea.