Joxe Manuel Odriozola / 2013-04-03 / 687 hitz
Hizkuntzaren erabileran eragiten duten ohiko alderdiak gutxietsi gabe, uste dut hiztunak gutxitan hautatuko duela bere nortasuna, erosotasuna, askatasuna eta buruestimua kolokan jartzen duen mintzairarik. Horrekin esan nahi dut, hiztunak, ahal badin badu behintzat, ahaleginak egingo dituela bere nortasunaren parte den hizkuntza hautatzeko. Izan ere, hitz egiten dugunean faktore psikologiko, kultural eta emozional guztiak daude jokoan aldez edo moldez. Jokoan dagoena ez da bakarrik ideiak edo asmoak edo gauzak zertan diren aditzera emateko komunikazio-gaitasuna, jokoan daude orobat hiztunaren nor izatea eta oreka emozionala.
Ondo dakigunez, gutako bakoitzak izan dituen esperientziak lekuko, norbere hizkuntzaren etxea gozagarria da, bakoitzaren izaera, ezaguera eta buruestimua kolokan jartzen ez direnean. Hiztunaren pentsamendu-jarioa eta nortasun oreka bermatzen dituen hizkuntza hautatuko du hiztunak normalean, eta ez bere nor izatea lardaskatzen duen mintzairarik, ezinbestean ez baldin bada behintzat. Gauza jakina da, era berean, hiztunak bere pentsamenduaren muina adierazteko nekez aukeratuko duela bere hizkuntza nagusia ez den mintzabiderik, hartara behartzen ez badute.
Euskaldun berriari erraz esaten diogu euskaraz jarduteko, errazegi, hitz egitea, gugandik kanpo dagoen halako tresna instrumental bat erabiliz, ideia komunikatze hutsa balitz bezala. Euskaldun berria, gizaki oro bezala, pertsona da, mundu sozial eta kultural batean sozializatua, eta sozializazio horretan eraiki du bere unibertso pertsonala. Jadanik eraikia eta biribildua daukan mundu kognitiboa eta emozionala kolokan sentitzen du, oraindik ere erdizka besterik ez dakien euskaran. Onik onenean, ahaleginduko da bigarren edo enegarren hizkuntza duen euskaraz ere «bizitzen», baina ez da erdarazko etxean bezala gustura sentituko, autoestimuan desgaste handi samarra eragin diezaiokeen euskaran baizik. Nekatua eta akitua sentituko da maiz, bere pentsamenduaren ale mamitsuenak euskaraz xehatu nahi dituenean.
EGA edo antzeko goi maila akademikora iritsi den euskaldun berriak oro har izugarrizko nekea sentitzen du euskaraz bizitzeko. Bere nortasunaren eta pentsamenduen eratzaile eta adierazle oso eta erabateko duen erdarazko unibertso pertsonalaren zati bat euskaraz adierazten ere saiatuko da, beharbada. Baina orduan ere, maila akademiko dezente horretan ere, euskararen etxea hotza eta nekagarria zaio, erdarazkoa samurra, abegikorra eta atsegingarria zaion bitartean. Euskaltzalea baldin bada, ahaleginduko da euskararen bigarren etxean ere ondo sentitzen. Abertzalea baldin bada, agian beste horrenbeste egingo du euskararen etxea bere bizileku afektibo eta ideologikoa bilakarazten. Baina, azkenean, amore emango du seguru aski, salbuespenak beti dauden arren.
Hizkuntzaren kontzeptu instrumental eta mekanikoak erraz saihesten dizkigu bidean ikusitako oztopoak. Uste dut euskalduntzeko bidearen zailtasunei buruz ez dugula behar adina kontzientziarik. Ez dugula hiztunaren eta hizkuntzaren arteko dialektika sozial, kultural eta psikologikoak daukan barne-lotura sendorik ikusi nahi. Eta, horrenbestez, hizkuntzaren kontzeptu instrumental batek euskalduntzearen bideko sastraka eta sasi guztiak erre dizkigula, bidea garbi uzte aldera edo.
Ondo etorri zaigu beharbada eragozpen horiek aldez aurretik ez ikustea. Baina nago gero eta garbiago nabari dugula gauza bat, hala ere: euskara erabiltzea ez da askok uste duen bezain erraza, eta bidean dauden ezintasunak ezin dira ohiko arrazoien bidez soilik azaldu. Alegia: euskaldun hiztunen proportzioa txikia dela, ama-hizkuntza gutxik dutela, kontzientzia eta leialtasun linguistiko kaskarreko hiztunak direla eta abar. Arrazoibide horren barruan, beharbada, erraztasunaren alderdia izan liteke sendoena. Nolanahi ere, euskarazko erraztasun erlatiboa erdarazkotik urrun samar baldin badago, eta halaxe egoten da ia beti, badakigu nora joko duen hiztunaren praxi linguistikoak.
Problematika hori guztia areagotu egiten da bigarren edo enegarren hizkuntza mintzaira minorizatua denean. Aldiz, ama-hizkuntza euskara izan duenarentzat ez da betetzen horrelako «lege» psikolinguistiko eta soziolinguistikorik. Hala, euskaldun berriaren ibilbidea oztopoz beterik ikusi dugu, balizko euskaldun berria euskararen etxean eroso sentitzeko. Ibilbidearen abiapuntuan hizkuntza hegemonikoa dago kasu horretan, eta minorizatua du xede. Erdaldun berrien kasuan, ordea, hizkuntza minorizatua —euskara— zegoen jabetza linguistikoaren hasieran, eta hizkuntza hegemonikoa —erdara—, amaieran. Euskararen herria erdalduntzea nahiko erraza izan da ordezkapenaren hainbat alditan, baina erdararen herria euskalduntzea biziki gaitza.
Hizkuntza gauza garrantzitsuegia da pertsonarentzat mintzaira bat bestearen ordez eta bestea bataren ordez nolanahi erabil daitezkeela uste izateko. Hizkuntza ez da hor aukeran daukagun tresna komunikatibo soil bat nahieran erabiltzeko. Askoz gehiago da. Eta askoz gehiago izate horretan datza, hain zuzen, zirriborratu nahi izan dugun bidearen zailtasuna. Hau da: hizkuntzak bizi gaitu, gure unibertso pertsonalaren konfigurazioa hitzaren bidez eraikia dago, besteak beste. Hizkuntza gara, zentzu eta neurri batean.
Hizkuntz auziok botere-kontuak dira azken batean, hegemonia linguistikoaren gorabeherak. Gauza biziki garrantzitsu bat amaitzeko: hizkuntz hautua ez dago hiztunaren esku azken buruan, erabilera erregulatzen duten faktoreak estrukturalak dira, egitura soziolinguistikoari darizkionak.