Asier Alejo: «Proiektu soila ez, arrakasta izaten ari den jokoa egin dut»

Iker Tubia / 2013-04-03 / 632 hitz

Dirua erabiltzen ikasteko aplikazio bat sortu du Asier Alejo NUPeko ikasleak. Astebetean mila lagunek baino gehiagok erabili dute jokoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikaslea da Asier Alejo (Iruñea, 1990). Ingeniaritza informatikoa ikasi du —egun goi mailakoa ikasten ari da—, eta karrera bukaerako proiektu soila zena, arrakastatsua izan den joko bihurtu da azken egunotan: Aprender a contar dinero —dirua kontatzen ikasi— aplikazioa. Diruaren kontaketa egiten ikasteko tresna da, batik bat Downen sindromea duten haurrentzat, baina edozein haurrek erabil dezake. Oraingoz gaztelaniaz har daiteke Internetetik, doan, eta aurki euskaraz erabiltzeko aukera izanen da.

Zergatik sortu duzu aplikazioa?

Teknologia asko gustatzen zait, batez ere sakelako telefonoak eta tabletak, eta horietan erabiltzeko joko bat egin nahi nuen. Tutoreak esan zidan Downen sindromea duten haurrei laguntzeko gauza asko egiten ari zirela. Hasiera batean, helburua objektuak mugitzen irakastea zen; adibidez, mahaia jartzea, aita edo amari boligrafoa ematea… baina, azkenean, txanponekin egin nuen jokoa. Okindegi batean egiten dut lan, eta gurera datozen haurrek ez dakite esku artean duten diru kopuruarekin zer eros dezaketen. Beraz, azkenean aplikazio xume bat egin nuen, eta saltzailearekin duten interakzioa irudikatu.

Haurrek sakelako telefonorako programak erabiltzen dituzte?

Teknologia berrietarako sarbide goiztiarra dute gaur egun, eta oso erraz dute jokora heltzea —euskarriko idazmahaian ikurra izatearekin aski da—. Jostatzea oso erraza da, hasi botoia sakatu eta gaia aukeratu baino ez da egin behar. Saltzailea solasean hasiko da orduan, eta zer ordaindu behar dioten esanen die.

Jokoa xumea da, baina aplikazioa prestatzeak lan handia eskatzen du.

Jokoa erraza izateak eta kargatzeko denbora laburrak izateak lan handia eskatzen du. Halako aplikazioek aukera eman behar dute bost minutuz jostatzen ibili, joan behar baduzu utzi, eta, gerora, utzitako tokian jarraitzeko.

Nota ona atera al duzu?

Hamarra jarri didate, notarik altuena. Egindako planteamendu xumea atsegin zuten, baita haurrekin eta bideo joko zaleekin egindako probak ere. Azken horrekin erabiltzeko erraztasuna, kargatzeko abiadura eta irudiak baloratu nituen. Proiektua diseinatzen nuen bitartean ikerketa lana egiteak eragina izan du azkeneko notan.

Beraz, ez duzu soilik aplikazio bat egin, lana zabalagoa izan da.

Jakina, azkenean, pixka bat ikertu behar izan dut, eta okindegian ikusi dudana bakarrik ez; baita mailen garapena ere, gutxiagotik gehiagora mailaka doan irakaskuntzan: mailakatze horretan, haurrei errazagoa zaie kalkulua txanponekin egitea, billeteekin baino.

Jokoak mailak dituela esan duzu.

Lehenbizi saltzailea parean duzula mota guzietako txanponak dituzu: bi eurokoa, euro batekoa, eta 50, 20, 10 eta 5 zentimotakoak, eta agertzen den produktuaren prezioa ordaindu behar duzu. Ongi eginez gero, saltzaileak zoriondu eginen zaitu, eta bosgarrenean euro bat oparitzen dizu. Eta hiru aldiz gaizki egitekotan, gezien bidez erakutsi eginen dizu zein diren erabili beharreko txanponak. Kopuru zehatza ordaindu behar duzunez, erraza da. Bigarren jokoa zailagoa da, eta kontrako eragiketa egin behar da: diru aski duzun edo ez jakin behar duzu. Bi joko horiek lehenbizi txanponekin eta ondoren billeteekin egin behar dira: kopuru zehatza ordaindu eta diru aski duzun kalkulatu. Azkenik, saltzeko makina dago. Erosiko duzun produktua aukeratu, billetea arrastatu eta kanbioak itzuli egiten ditu.

1.000 lagunek baino gehiagok erabili dute aplikazioa.

Harrera ona izan du, eta jende askoren mezuak jaso ditut. Adibidez, jokoa hartu zuen lagun baten anaiak garun paralisia du, eta eskerrak emateko idatzi dit, integratzen eta memoria pixka bat lantzen lagundu diolako. Beste batek esan zidan 2 urteko lehengusuak erabiltzen zuela. Erabiltzaileen iritzia kontuan izan dut. Beste iruzkin batzuetan hizkuntza gehiagotara itzultzeko eskatu didate, oraingoz soilik gazteleraz dagoelako. Jende gehiagorekin hitz egiten ari naiz hizkuntza gehiagotan eskaintzeko: euskaraz, ingelesez… Izan ere, onarpena du, oso ongi funtzionatzen ari da. Nik uste nuen karrera bukaerako proiektu soil bat izanen zela, baina ez, arrakasta izaten ari da.

Doan har daiteke aplikazioa.

Haurrentzako aplikazioa izanik, eta helburua irakastea denez, uste nuen ez nuela deus kobratu behar. Nik asko ikasi dut proiektuarekin, eta etorkizunean joko konplexuagoak sortzen baditut pentsatuko dut errentagarritasun ekonomikoa nola atera. Baina, kasu honetan, nahiago dut ikasteko erabiltzen bada. Dohainik jarrita arrakasta eta zabalkunde handiagoa izanen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.