Odei Irigoien Aizpitarte / 2013-04-02 / 466 hitz
‘Alderik alde’ ilustrazio liburua eman du argitara ilustratzaile amezketarrak, bere bozeto eta marrazkiekin.
Alderik alde ilustrazioen liburuxka eman du argitara Maite Gurrutxagak (Amezketa, Gipuzkoa, 1983), Edo argitaletxearekin. «Bete ditudan bozeto liburuak erabili ditugu. Hor daude ariketak, momentuko intuiziozko lanak, gehienbat», azaldu du egileak. Pertsonaiak, etxeak, mota guztietako animaliak, paisaiak eta abar biltzen dira argitalpenean.
Bere koadernoei buruz «ondo pasatzeko eta eskua erabiltzeko leku bat» direla dio Gurrutxagak. Gozamen pertsonala eta ikastea bilatzen du hor. Boligrafoz eginak dira marrazki denak: «Arkatzik eta ezabagomarik ez erabiltzeko espazioa da, gero nire eguneroko lanean, ilustratzen-eta ari naizenean, erabiltzen ditudalako, asko gainera». Boligrafo berbera erabiltzen du beti; horretaz gain, tintak edo egunkari eta aldizkari zatiak ere badarabiltza. «Egunaren eta umorearen arabera erabiltzen ditut. Zatiak edo letrak erabiltzea joko bat bezalakoa da. Orri bat prestatzen dut letra batzuekin, haiei begira geratzen naiz, eta horiek ematen didate bidea sorkuntzarako. Jolas bat bezalakoa da niretzat collage-ekin egiten dudana».
Orrialdeen lau aldeetan egin ditu marrazkiak ilustratzaileak. «Igual hasiko nintzen orriak aprobetxatzeagatik… Orain, behintzat, horrela egitea beharrezko sentitzen dut, ateratzen zaidan zer edo zer da, inkontzienteki. Ez dauka helburu bat». Marrazki txikiak dira, bata bestearen ondoan, batzuk goian, besteak behean, eskuman zein ezkerrean… «Horrek ematen dizu elkarrizketak sortzeko aukera. Banaketari begiratzen diozunean, elkarrizketa gehiago sortzen da horrela beren artean».
Marrazten ikastea izan da bere helburuetariko bat. Animaliak ugari dira, baita giza figurak ere. «Zure lengoaiarekin ebatzi nahi dituzun gauzak dira. Hona jo dut askotan nola marraztu zerbait ebazteko. Pertsonen marrazkiekin elkarrizketa sortzen den bezala, animaliekin ere bai». Bere irudimenean presente dauden elementuak dira, haren ustez. «Imajinario bat sortzen duzu, eta horra jotzen duzu gero marrazteko».
«Animalia eta objektuetan neure burua erretratatuta ikus dezaket». Erretratugilea ez bada ere, bera ilustrazioetan presente dagoela uste du Gurrutxagak. «Ez dut bilatzen nire antzik izatea, baina badaude erretratuak, nahiz eta ezkutuan. Nola zauden, edo nola sentitzen zaren, forma bat edo beste hartuko du, baina zeure buruaz edo inguruaz ari zara hizketan, horregatik da hain lan pertsonala; denetarako lekua dago».
Ezohiko planteamendua
Pozik dago Edo argitaletxerekin lanean aritu izanagatik. «Ezagutzen ditut haietariko batzuk, eta arteari dioten maitasunarengatik lan egiten dute. Gustatzen zait beren planteamendua. Interesa erakutsi zuten nire lanarengatik; hau ez da ohikoa, beste argitaletxe batek nekez argitaratuko zuen horrelako lan bat». Edizioari oso zaindua deritzo Gurrutxagak. Agenda txiki baten itxura dauka liburuxkak, tapaki gogorduna eta goma batekin. Barruko papera akuarela-papera da, ohikoa baino sendoagoa. «Estetikoki garrantzia eman zaio paperari eta inprimaketari. Alde horretatik, erabat konektatu genuen. Aurren-aurrenetik eman nien baiezkoa».
Urtebete eskas da argitaletxea liburuak kaleratzen hasi zela, Gurrutxagak azaldu duenez. Laugarren liburua dute hau. «Ez da ohikoa hain lan pertsonalak argitaratzea; niretzat alde horretatik luxu bat izan da. Euren filosofiaren parte bat hori da, normalean argitaratuta ikusiko ez zenituzkeen gauza horiek argitaratzea». Gurrutxagak azaldu duenez, argitaletxeko arduradunek hor «hutsune» bat antzematen zuten. «Besteak beste, diziplina bisualari eskaini nahi diote espazioa».