Odei Irigoien Aizpitarte / 2013-04-17 / 307 hitz
Joxe Mari Iturraldek iraultza boltxebikearen atarian girotu du ‘Rasputin eta San Petersburgoko gauak’.
Bikote euskaldun batek 1917ko iraultza boltxebikearen atarian Moskun harrapatuta ikusi du bere burua. Euren ahotatik kontatuta idatzi ditu Joxe Mari Iturraldek (Tolosa, 1951) Rasputin eta San Petersburgoko gauak eleberriko kontakizunak. Pertsonaia eta gertaera historikoak agertzen dira liburuan: «Iraultza eragin zuen, nahi gabe, Rasputinek. Berak ez zuen nahi tsarra gerran sartzea, iraultza lehertzea. Nahi gabe, bere orgiekin eta berak egindako kuxidade guztiekin, iraultza bultzatu egin zuen».
Bikote euskaldunak ikusi egiten du zer gertatzen den, baina ezin du ezer egin: «Han daude, jauntxo batzuen etxean zerbitzatzen eta horrela. Ikusten duten guztia kontatzen dute. Ez dakite handik nola aterako diren ere».
Egia apaldu sinesgarri izateko
«Nobela hau har daiteke fikzio bezala, nobela erotiko bezala, nobela historiko bezala…». Nobela historikoekin idazleek izan behar duten kontua nabarmendu du Iturraldek. Horretarako, ganoraz dokumentatu dela eta istorioan agertzen diren lekuak ere bisitatu dituela esan du: «Saiatu naiz hanka sartzerik ez egiten».
Rasputinek protagonismo nabarmena dauka kontakizunean, idazleak azaldu duenez. Haren nondik norako historikoei luze eta zabal erreparatu die hura eleberriratzeko orduan, eta hari buruzko hainbat esames egiaztatu dituela esan du: «Bere bizitza, bere orgiak, bere bukaera, nola harrapatu zuen tsarina bere menpe, nola maneiatzen zituen ministroak, zer saldukeria zegoen… hori dena da historikoa».
Egiak «apaldu» ere egin behar izan ditu Iturraldek, Rasputini dagokionez: «Kontatzen badituzu, jendeak ez du sinesten… Egia da garai hartako kondesek-eta ilara egiten zutela berarekin egoteko. Kondesa batek txortan egiten zuen berarekin eta esaten zion: ‘hurrengo egunean nahi baduzu, berriz etorriko naiz ni, eta nire lagun bat ere ekarriko dut’».
Beste hainbat dohain «berezi» ere bazituela aipatu du: «Nonbait, etorkizuna aurreikusten zuen; nonbait, jendea hipnotizatzen zuen eta sendatu egiten zuen… horrela sartu zen palazioan. Alexis enperadore oinordekoa, gorteko medikuek ezin zuten sendatu, eta horrek sendatu zuen. Oraindik gaurko zientziak ez daki nola, baina egia da sendatu egiten zuela».