Aitor Aretxaga / 2013-04-10 / 189 hitz
Sherpa izeneko aplikazioa urrian plazaratu zenean, ez zen bakarra Android sakelakoak ahots bidez kontrolatzeko balio zuena, baina berehalako arrakasta izan zuen. Bizkaiko Anboto enpresa izan zen ekarpenaren egilea. Baina, besteak beste, abiaduragatik kritikatua izan zen. Orduan ere, iOS-eko Siri-ren parean jartzen zuten batzuek, baina jadanik, Apple-ren aplikazioaren gainetik jarri da zalantzarik gabe.
Orain, Sherpa 2.0 okerrak zuzendu eta gaitasunak areagotuta dator, hainbat berrikuntzaz hornituta. Itxura berritu diote interfaze grafiko berria sartuta, HOLO izenekoan oinarritua. HTML 5 integratuta ekartzean, ikusgarritasunean irabazi du; eta bilaketa motore berria ezartzearekin emaitza hobeak jasotzen dira; erantzuteko denborak ere nabarmen hobetu dira.
Ahots bidezko aginte sistemak ezaugarri dibertigarri moduan sortu ziren, baina Sherpa berri honek hautsak harrotuko dituela dirudi, jada erabiltzailearengandik ikasi eta pertsonalizatutako informazioa itzultzen baitu. Era berean, nahi den musika hautatu eta streaming bidez entzuteko aukerari orain kontzertuetarako sarrerak erosteko aukera gehitu diote.
Android 2.2 bertsiotik aurrerako euskarrietan ezinbesteko bihurtuko da aplikazioa; informazioa, laguntza edo beste eginbeharrekoak hitz eginda soilik beteta ikusteko lanabes bikaina baita. Azkenik, horrelako aplikazioen zailtasunik handiena hizkuntza menperatzea da, eta Sherpa ondo moldatzen da espainieraz; ingelesez ere eskuratu daiteke nahiago bada, probatzen baitabiltza. Informazio gehiago, aplikazioaren webgunean dago: http://sher.pa/.