Koldo Nuñez / 2013-04-25 / 595 hitz
Bilboko kaleetan barrena ari nintzen paseatzen orain dela hainbat urte, eta, halako batean, liburu zaharren denda batean sartu nintzen. Hainbat ikusi eta gero, XVIII. mendearen hasierako liburu txiki bat hartu nuen eskuetan. Apaiz batek-edo idatzitakoa zen, eta tituluan bertan erlazionatzen zituen ekaitzak, lurrikarak eta beste fenomeno batzuk. Liburu harrigarria, benetan, naturaren hainbat fenomenoren arteko berezko harremana azaltzen baitzuen idazlearen ustetan. Beste gauza askoren artean, egileak azaltzen zuen trumoiek lurrikarak abiatzen dituztela, eta, horretarako, hainbat adibide eta azalpen teoriko ematen zituen, irudi eta guzti. Garestia iruditu zitzaidan, ikaragarri bitxia nire zientzialari bururako, eta ez nuen erosi. Damutu nintzen gero, eta saiatu nintzen berriro aurkitzen, baina ezer ere ez. Ez dut itxaropena galdu berriro aurkituko dudala, era digitalean bada ere.
Lan horren egilea bezala, asko izan dira mundua ulertzen saiatu direnak. Esaterako, aspaldi aipatu zen lurrikara ikaragarri handi eta eguzkiaren muturreko aktibitatearen artean egon omen daitekeen lotura. Esaterako, Txilen 1960an 9,5 indarreko lurrikara izan zuten, eta, aldi berean, eguzkian orbain handiak eta ekaitz izugarri indartsuak ari ziren gertatzen. Baina, 1964an, Alaskan indar handiko sismoa gertatu zenean, eguzkian ohiko martxa zeraman. Bestalde, 2011ko martxoan Japonian izandako 9,0 lurrikararen garai berean, eguzkian muturreko jarduera zegoen. Hipotesi baten arabera, eguzkiaren ezohiko jarduera indartsuak eragina izan dezake bere inguruko planetetan eta gure Lurrean bertan azalaren dinamikak aldatu. Baina, oraingoz, hipotesia baino ez da, eta berriki argitaratutako ikerketek ez dute halakorik frogatu. Gainera, eguzkian muturreko indarreko jarduera egon den batzuetan ez da sismo handirik gertatu. Agian, eguzkiaren jarduerak badu eraginik, baina beste hainbat faktorerekin konbinatzen denean, Lurraren dinamika oso konplexua eta oraindik oso ezezaguna baita.
Orain arte, lurrazalaren plaken arteko jokoaren bidez azaldu dira lurrikarak. Esaterako, azken asteotan lurrikara handiak gertatu dira Iranen, eta azkena 7,8ko indarrera iritsi da. Sismo hori eta aurrekoak sakonera handian abiatu dira; azkena, 95 km lur azpian. Eskualdean, oso faila handiak daude, eta betidanik izan dira lurrikarak. Han, India eta Eurasiako plaken arteko elkarrekintza ari da gertatzen. Horregatik, 1989an Iranen eraikitzeko araudi berria onartu zen, zenbaiten ustean munduan aurreratuenetakoa lurrikarei aurre egiteko. Egia zen; lehengo udan gertatutako sismoetan, 300 bat lagun hil ziren, baina aurtengoetan, berriz, nahiz eta indar handiago izan, askoz pertsona gutxiago hil dira. Azkeneko sismoan, nahiz eta izugarrizko indarra izan, ondoko Pakistanek hartu zuen okerrena. Herrialde horretan eraikitzeko araudia ez da horren aurreratua.
Gurera etorrita, azken egunotan berriro izan dugu 4 indarreko sismoa Iruñetik gertu. Horrekin, badira 300 bat Erreniega mendien inguruan, alegia, Iruñeko failan eta horren ahaideak direnetan azken bi hilabeteetan neurtu diren sismoak. Iranen ez bezala, sakonera txikian abiatu dira sismo horiek; azkena, bost kilometroko sakoneran, eta, hainbaten adituren ustez, egondako prezipitazio-maila ikaragarriarekin lotuta egon daitezke, hau da, lur azpian egondako uraren mailaren aldaketekin. Hortaz, gehiago gerta daitezke hurrengo asteotan, erraz sanferminak arte, ura poliki barrura sartzen den heinean.
Eguzkiaren jarduera eta lurrikaren arteko loturarekin gertatzen den bezala, prezipitazio-maila eta sismoen arteko lotura oraindik gutxi aztertutako gaiak dira, bai eskualdean bai fenomeno gisa. XVIII. mendean idatzitako liburuak erakusten du nola ordurako bazegoen fenomeno naturalen arteko harremanak ulertzen saiatzen zenik. Gizakiarentzat horrenbeste garrantzia badu ere, gure jakintza sismologikoa oraindik urria da. Gure Lurra, geologikoki bizirik dago, etengabe aldatzen eta etengabe aktibo. Oso garrantzitsua da gure planeta sakonki aztertzea eta ezagutzea, neurri prebentiboak hartu ahal izateko. Herri batzuetan, beste batzuetan baino gehiago ari dira egiten. Azken asteotan Euskal Herrian gertatzen ari den sismizitatea aukera bat da gure kontzientziak esnatzeko eta azterketa sakonak egiteko. Arrisku sismikoko eskualde batean bizi gara, eta horren inguruan agian oraindik oso gutxi ari gara egiten. Ez gaitezen damutu etorkizunean, espero ez duguna horrelako batean gertatzen bada eta nahiko neurririk ez badugu hartu. Ezagutza da edozein arazori aurre egiteko lehen urratsa.