Amaraunean irratsaioak debalde sortzeko aukera

Aitor Aretxaga / 2013-05-08 / 398 hitz

Interneteko irratsaioak munduko edozein lekutatik entzun daitezke. Egokiak dira atzerrian bizi direnak etxean baleude bezala sentiarazteko, baita seinalea egoki jasotzen ez dutenek musikaz duintasunez gozatzeko ere.

Streaming gisako emanaldiak ohikoak egin dira azkenaldian. Horietan, ahotsa edota bideoa Internet bidez bidaltzen da; baina, batez ere, zuzenean jasotzen direlako hedatu dira hainbeste. Beste behin ere, web aplikazio batek erraztu du prozesua, eta, Grooveshark erabilita, erraz asko emititzen has daiteke ahotsa. Bestela, hodeiaz fidatu ezean, edo mugarik gabeko emisioa nahi izanez gero, norbere ordenagailua zerbitzari bihurtzea da alternatiba.

Broadcaster, bide motz eta errazena

Musika streaming bidez entzuteko aplikazio bat da Grooveshark, doako edo publizitaterik gabeko eskaintzak dituena. Spotify eta antzeko plataformentzat alternatiba gisa agertu ostean, lege arazoak izan ditu hainbat herrialdetan, erabiltzaileen artean musika dohainik partekatzeko eredua babestearren. Urrutira joan gabe, iOS gailuetan Cydia instalatuta daukaten erabiltzaileek bakarrik eskuratu dezakete dagokion aplikazioa, App Store-tik kendu baitzuten. Grooveshark zerbitzuari erabiltzaile gisa etekina ateratzeko ez da izena eman behar, ez eta saioa hasi behar ere. Guztiz sarean kudeatu eta entzun ahal da musika, eta, ondorioz, nabigatzaile arrunt batekin edozein sistema eragiletatik erabil daiteke. Webgunea honako hau da: http://grooveshark.com/.

Orain, lehen planora bueltatu da Grooveshark, aste pare bat baita hodeiko musika zerbitzuak funtzio berria estreinatu duela: Broadcaster. Harrezkero, aditua izan gabe, edonork bene-benetako irratsaioa izan dezake amaraunean. Ondoren, ohiko Grooveshark-en loturak erabili, eta norberaren musika irratia parteka daiteke webgunean bertan, URLaren bitartez, posta elektroniko nahiz sare sozialen bidez. Funtzio hori ere debaldekoa da, eta honetan datza: gunean sortutako erreprodukzio zerrendak URL helbidea daukan edozein erabiltzailerekin partekatzean. Berrikuntza nagusia da, emisioan abesti batetik bestera 30 segundo izan ditzaketen ahots grabazioak txerta daitezkeela; web atarian bertan eta ordenagailuko mikrofono xume bat erabilita graba daitezkeenak. Sistema horrek, gainera, soinu efektuak sortzeko aukera ere badauka.

Broadcaster erabilerraza da, ez du instalaziorik behar, domeinurik erosi beharrik ere ez dago, eta, are gutxiago, norbere ordenagailua zerbitzari gisa konfiguratu beharrik. Grooveshark barnean saioa hasi eta transmititzen hasteko, berriz, nahikoa da transmititzera gonbidatzen duen botoiari ematea (Start Broadcasting, orri oinean), eta gordetako norbere zerrenda emititzen hasiko da. Musika zerrenda hori uneoro eguneratu daiteke, eta halabeharrez, entzuleen nahietara moldatu; konektatu diren jarraitzaileekin komunikatzeko prest daukan solaguneari esker. Administrari leiho barneko zokondo batean ageriko zaio solasgune hori aurkezleari.

Bestelako aukerak software librean

Hainbat software dago norbere ordenagailutik streaming gisa emititzen hasteko, eta debalde deskargatu litezkeenak: SHOUTcast, Icecast edo Helix Server Basic dira horietako batzuk. Kasu horietan, baina, pausoak korapilatsuagoak dira. Hemen, aurrenekoarentzat jarraibideak: http://www.wikihow.com/Make-Your-Own-Radio-Station.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.