Eskubide eta delituaren mugan

Oihana Elduaien / 2013-05-01 / 1.305 hitz

Desobedientzia zibila eskubidea da, ala delitua? Berez, desobeditzea ez da delitua, baina zeharka arau hausteak egin daitezke. Horiek zigortu egin behar dira, edo eskubideen urraketaren salaketa gailentzen zaio delituari?

Desobedientzia ez da delitua. Baina desobedientziak, delituzko ekintzaren bat egitea dakar, gehienean. Zigortu daiteke hori? Zigortu behar da? Jon Mirena Landa EHUko Zuzenbide Penaleko irakasleak argi dauka, indarkeriarik erabiltzen ez den bitartean, ez direla desobedientzia ekintzak zigortu behar. Aitzitik, ekintza horren azpian dagoen eztabaidari eutsi behar zaiola dio, demokrazia bera aberastuz.

Baina, ondorio penalak izan ditzake desobedientziak, eta baditu. Desobedientzialariak badaki hori, eta ondorioak baliatu egin nahi ditu, desobedientzia egitera eraman duen arrazoia azalerazteko. Hala dio zuzenbide penalean aditua eta EHUko irakasle Rafael Sainz de Rozasek. Salaketa egiteko, eta gizarteak salaketa horren oinarriez gogoeta egiteko baliatzen du zigorra ere. «Badakizu ondorio penalak izango dituela, eta ondorio penalak erabili nahi dituzu, gizartea suspertzeko, mugiarazteko, espabilatzeko».

Legeak aukerak ematen ditu desobedientzia zibila zigortzeko. Hain justu, Zigor Kodeko 551. artikulutik 556. artikulura dago araututa, baina, Landak argi dauka «sen onak» egon behar duela guztiaren oinarrian. Kodea hertsiki hartuz gero, zigorrerako arrazoiak bilatuko dituen polizia, fiskal eta epaileak egongo diren arren, demokrazian halako eztabaidei aurre egiteko «itsu-itsuan» zuzenbide penalera jotzea «autoritarioa» dela dio.

Lege arau batzuk zehaztea ondo iruditzen zaio, funtzionario publikoak babestu egin behar direlako «guztion alde ari direnean». Baina, testuinguru politiko argi batean, aldarrikapen politiko batekin, jende multzo batek desobedientzia egiten badu, ez du uste hor zuzenbide penalak esku hartu behar duenik. «Ez dut esaten legezkotasun printzipioaren gainetik pasatu behar dela, baizik eta demokraziaren dinamika babestu behar da. Herritarrak baldin badaude, serio, gauza baten kontra, modu baketsuan, kasu egin beharrekoak dira. Zentzuzkoagoa da bide penala baztertu, eta bide demokratikoetatik aritzea».

Izan ere, demokraziaren beraren esentzia dago jokoan. Halaxe ulertzen dute zuzenbide penaleko bi adituek. Eztabaida politiko edo soziala dago desobedientzia ekintza ororen azpian. Jarrera norberak hartzen du, edo taldean, baina, desobedientzia zibila tresnatzat hartzea erabakitzen duenak, ez du «bere arazoa» konpondu nahi. Sainz de Rozasek dio abiapuntuan jarrera morala dagoela, etikoki sendo oinarritua eta errotua. Ekintza publikoak egitean, «ikuspegi demokratikotik, erronka botatzen diozu gizarteari. Hor prozesu bat sortzen da politikoki oso aberasgarria dena».

Mahatma Gandhiren hitzak dakartza gogora : «Justua ez den sistema batean, pertsona justu baten lekua espetxea da». Justua ez den zerbait gertatzen ari dela salatu nahi du desobedientzialariak: «Gizarteari esaten diozu, ‘jakin dezazuen, justua ez den arrazoi honengatik naramatela preso’. Hortik sortzen den eskandalua lortu nahi da, indar bat sor dadin, gauzak aldarazteko».

Biek ala biek diote modu baketsuan egin behar dela desobedientzia zibila, baita «modu inteligentean» ere. Izan ere, arrazoia duzula uste izan arren, askotan ez daukazu gizartearen gehiengoa zurekin, baina gutxiengotik abiatuta, gehiengo horri akuilua sartu nahi diozu, kontzientzia moralean, justiziaren zentzu zabalaren inguruan.

Aldarrikapen horiek lekua izan behar dute, Landaren irudiko, «demokrazia sendoetan», betiere, modu baketsu eta politikoan egiten badira. «Esango nuke desobedientzia aldarrikapen politikoak egiteko modu zintzoa dela, are batez bestekoaren gainetik dagoena. Jendeak arriskatu egiten du bere ideiak defendatzeko, baina inori kalte egin barik». Ez du zalantzarik hori errespetatu egin behar dela. Aldarrikapenarekin ados egon edo ez, aldarrikapena bera errespetatu egin behar da, eta ez bide penaletik jo.

Horretarako, indarkeriarik eza modu inteligente batean erabiltzeko premia azpimarratu du Sainz de Rozasek: «Nire aurka egiten duzun indarkeria hori, ondo erabiltzen badut, zure kontrako bihurtuko da». Horretarako, «gizartearen inguruabarrak» ondo aztertu behar direla dio: «Ezinbestekoa da indarkeriarik ezaren ezaugarri hori, desobedientzia zibilaz hitz egin ahal izateko. Eta ez bakarrik tresnetan edo bideetan, baizik eta batasun bat egon behar du, koherentzia bat tresnen eta helburuen artean, denbora osoan. Koherentziatik ateratzen duzu indarra, eta askoz errazago izango duzu transmititzeko, aurrera eramateko, eta politikoki defendatzeko».

Ados dago Jean-Francois Blanco Iparraldeko DEMOen mugimendukoen defentsan aritutako abokatua ere: «Bortizkeriarik ezak esan nahi du ezin dela gaitzetsi, molde baketsuak errazago ahalbidetzen du sostengua eta jendearen engaiamendua, eta maiz anitz jendek emana da, eta horrek, errepresio judizial eta poliziala zailago izatea dakar».

Sainz de Rozas bur-belarri ibili zen intsumisioaren mugimenduan. Abokatu lanak egin zituen, besteen artean, eta legeak ematen dituen zirrikituak baliatzen saiatzen ziren. Izan ere, zirrikituak egon badaude: Bidezkotze kausak deritzotenak.

Egindakoa delitua izan arren, hori ez zigortzeko dauden arrazoi posibleak dira bidezkotze kausak. Horien artean daude «beharrizan arrazoiak» eta «askatasun ideologiko, politikorako eskubidearen egikaritzea», besteak beste. Desobedientzia egiten duenak onartu dezake delitua egin duela, eta, ideologia askatasuna eta adierazpen askatasuna egikaritzen ari zela argudiatu. Hala izanda, justifikatuta legoke egindakoa. Baina epaileen esku gelditzen da, eskubidea egikaritzen ari zen, edo egindako delituak indar gehiago daukan erabakitzea. Sortzen duzun kaltea egin duzun onura baino txikiagoa izatea da gakoa.

Landak azaldu duenez, aurrez aurre jartzen dira autoritate bati desobeditzean egindako kaltea, eta eztabaida demokratikoaren barruan errebindikazioa egiteko asmoa. «Eztabaida demokratikoak ere sostengatu egiten du estatu demokratikoa, sustatu egiten du eztabaida publikoa, eztabaida ideologikoa. Eta hori, demokraziaren bihotza da. Zeri eman lehentasuna?». Berak argi dauka hori beharrizan egoera dela, «kalte bat bestearen aurka. Eman diezaiogun lehentasuna bigarrenari. Ahatz gaitezen autoritatearen kontra egindako kalteaz, babestu nahi ditugulako demokrazian dauden funtsezko eskubide horiek». Legeak interpretaziorako aukerak ditu, eta eskubideak bermatzeko; «zenbat eta irudi demokratiko zabalagoa izan, hobe».

———————-
Hainbat kasu

Aske Gunea. Jarduera politikoa egiteagatik Segiko kide izatea egotzita zigortutako sei gazte babesteko, ehunka lagun eseri ziren Donostiako Bulebarrean. Ertzainek banaka-banaka kendu zituzten handik, apirilaren 19ko goizaldean.

Gandhi. Indiako mugimendu independentistako kide aktibo izan zen Mahatma Gandhi (1869-1948) politikari, abokatu eta pentsalaria. Indarkeriarik gabeko ekintzak eraman zituen aurrera. Gatzaren martxa abiatu zuen 1930ean, britainiarren monopolioa salatzeko. Askotan egon zen preso.

Rosa Parks. AEBetan eskubide zibilen aldeko borrokan erreferenteetako bat izan zen Rosa Parks (1913-2005). Autobusean pertsona zuriei eserlekua utzi, eta atzeko aldera joateko obligazioa zuten beltzek, eta Parksek uko egin zion horri. Espetxeratu egin zuten. Mugimenduaren txinpartatzat jotzen da.

‘Errebelde ezezaguna’. 1989an Txinako Tian’anmen plazan tanke ilara baten aurrean zutik jarri zen herritarrari deitzen zaio Errebelde ezezaguna. Beregana zihoazen tankeei geldintzeko imintzioak egin zizkion, gorputzaren indar hutsarekin. Tankeak gelditu egin ziren.

Henry David Thoreau. Esklabotzaren kontra zegoelako, zergak ordaintzeari uko egin zion idazle, poeta eta filosofo amerikarrak (1817-1862). Preso sartu zuten. Berak idatzi zuen Desobedientzia Zibila liburua. Harena da esaldi hau: «Gobernurik onena gutxien gobernatzen duena da».

——————–

Legearen eskailera mailak

Espainiako Zigor Kodean hiru desobedientzia maila zehazten dira. PPren esku dagoen gobernuak are zorrotzago zigortu nahi ditu desobedientzia jarrerak.

Espainiako Zigor Kodean hiru maila daude, une honetan, desobedientzia zibilari dagokionez. Larritasunaren hierarki osatzen dute, Jon Mirena Landaren arabera. Larriena, atentatuaren delitua, eta 551. artikuluan eta ondorengoetan dago araututa. Poliziari erresistentzia egiteko orduan indarkeria maila oso handia edo «jarkitze larria» dagoenean aplika daitezke. Oso larriak diren indarkeria jarduerak edo mehatxu sinesgarriak gertatzen direnean. Bitik lau urte arteko espetxe zigorra du.

Mailaketa horretako bigarren eskailera, 556. artikuluan dago araututa, modu larrian desobeditzea. «Esate baterako, ostiko bat ematea ez da atentatu bat, baina izan daiteke desobedientzia larria», dio Landak. «Testuinguruaren eta efikaziaren arabera ere aldatu egiten da. Poliziek beraien lana egin behar dute, eta zuk oztopatu egiten duzu. Testuinguru bat dago. Beraz, testuinguru horretan zuk egiten duzun jarduera baloratzen da efikaziaren arabera».

Hortik beherakoak ez lirateke delituak, Landaren ustez. Delitu barnean egoteko, atentatu edo desobedientzia larri bat behar du. Gainerakoak, funtzionario publiko bati errespetu falta, atxiloketa bat egoten denean norbaitek bultzakada txiki bat ematea, edo utzi bakean esatea… falta bat izango lirateke gehienez, inolaz ere ez delitua». Falta horiek 634. artikuluan daude araututa, eta isunak dira zigorrak, ez espetxea. Tarta edo arraultzak botatzean jarriko luke muga Landak. Bi ekintza horiek falta gisa hartu behar liratekeela dio, hortik aurrerakoak, indarkeria ekintza gisa.

Orain, neurri horiek gogortzeko asmoa du Espainiako Gobernuak. Estutu egin nahi ditu mugak. «Astakeria bat», Landaren irudiko. «Askatasuntzat jotzen ditugu hainbat jarduera delitu izatera pasatzea nahi dute. Funtsezko eskubideak desagertu egingo dira, horretarako oinarri gehiegi eduki gabe. Aldaketa zigor gehiago egoteko bada, askatasun gutxiago esan nahi du, guztiontzat».

Zuzenbide penalak ez duela erabilera hori izan behar sinetsita dago: «Batzuek, agian, nahi dute zuzenbide penalaren bitartez konpontzea dena, baino hori arazo larri bati irtenbide autoritario bat ematea da. Ehunka edo milaka pertsona inplikatuta daudenean, ezer gutxi dakarkiguna».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.