Iratxe Esnaola / 2013-05-05 / 426 hitz
- Izenburua: Venusen delta
- Egilea: Anais Nin
- Itzultzailea: Garazi Arrula Ruiz
- Argitaletxea: Txalaparta
Egunerokoak datozkit gogora Anais Ninen (Neuilly, Frantzia, 1903-Los Angeles, AEB, 1977) izena entzutean, eta harekin batera, Paris eta New Yorkeko bizitza bohemioa. Egiaz ez nituen ezagutzen diru beharrak aginduta Ninek aberats anonimo batentzat idatzi zituen narrazio erotikook. Orrialdeko dolar baten prezioan burutu zituen 40ko hamarkadan eta 1970ean argitaratu bi bildumatan, Txoritxoak eta Venusen delta izenekoetan. Nik ez dakit zergatik narrazio erotiko zein pornografikoei halako tolerantzia diedan, kalitatea gorabehera. Esan nahi dut pertsonaien topikotasunak, egoeren errepikapenak, leku komunen iragateak ez didala kirrinkarik egiten, demagun, abentura istorio batean bezain. Sinesgarriak ez diren egoerei sinesbera nagokie, ameto ematen diet. Ninek berak esan zuen pertsonaiok muturreko karikaturak iruditzen zitzaizkiola. Apika, ipuin laburrenetan daitezke, baina, orokorrean, apenas hori ere. Bere lumak leku komuna garaitzen du pertsonaien zalantzak, apeta gorde zein konfesaezinak zelatatzeko aukera ematen digulako, berogarri zena ezagutzaren bitartez beroago eginez. Ipuin bakoitzaren jatorrian bada sexuketaren inguruko egonezin edo galderaren bat, eta ez gutxitan, sexu harremanei beldurra, nahiz inoiz ez sexu errepresiorik. Izatez, gutxiengoak dira zentsurak edo puritanismoak markatutako pertsonaiak, eta horiek ere, langa saltatzen amaitzen dute azkenean.
Sexuketon geografiak hiriak dira. New York iragan, Limako auzo txinatar lurrintsua usaindu, eta Parisen barrena ibili, bereziki, Montparnasse eta Montmartre inguruetan, Bois itzaltsuan, Senaren ertz eta gabarretan, opio erretegi, putetxe eta artistei alokatutako geletan. Sexua drogekin nahasten da. Badira exhibizionistak, fetixistak, lehenengo aldiak, objektuen adorazio zaleak, enkontru kasualak, maskara festak, orgiak eta testu erotikoak, usainekin obsesionatutakoak, sexu grina pizteko kitzikagarri afrodisiakoak, voyeurrak, begiratuak izan nahi duten egotikoak, masturbazio eta ispilu aurreko gorputz ezagutza bakarkakoak, taldekako nahasteak. Ninek asegabeko desiren mina magistralki iragaten digu sexuketara iristen ez den indibiduoaren tentsioaz goza dezagun, eta bere-berea du zentzumen guztiei leku egitea, detailea bilatuz, pazientziaz narratuz, sentsualtasuna aurkituz edozertan. Kuriositateak maite dituzuenontzat Euskalduna eta Bijou ipuinean margolari euskaldun pobre bat da protagonista, putetxe atarian ezagutzen duguna, 30 libera poltsikoan. Ezagun batek kontatu omen zion Nini istoriotxo horiā¦
Hitzaurrea du bildumak, Nin-en Egunerokoen III. bolumenetik hartutako pasartez osatua. Bertan, erotikotasunaz eta sexuaz autoreak zituen usteak dakusagu. Sexu jardunaren kontaketa maskulino eta femeninoaren artean aldea dagoela uste du, eta bera idazten hasi artean, gizonen hizkuntzak ezegoki kontatu duela emakumetasunaren sexualitatea. Emakumeak emozioetara eta maitasunera lotuago ikusten ditu naturalki. Egia da narrazioetan emakumetasun esentzial baten izatea iragazten dela, baina aldi berean, maskulinotasuna eta femeninotasuna uztartzeko desioa askotan agertzen da, genero kategoriak zalantzan jarri ez arren. Premisa horiekiko izan ditzakedan desadostasunak zerikusi gehiago dute hitzaurreko iritzi esplizituokin, testuekin berekin baino. Atzean uzteak pena ematen didan bilduma da. Aldarte kitzikagarrian katigatu naute Ninen prosak eta Garazi Arrula Ruizen euskara xarmantak.