Pako Sudupe / 2013-09-11 / 749 hitz
Beti dute erakarmen berezia aberriaren ertzetan bizi diren euskaldunen berriek, bereziki haiek diru publikorik jaso ezinean direlarik, euren lurraldean euskara ofiziala ez delako. Tutera ondoko Fontellasen dago Erriberako nafarren Argia ikastola.
Banekien dokumentala aurkeztu behar zutela, Badira bagara izenekoa, Mondragon Unibertsitateko ikasle zirela, Olatz Artolak, Itxaso Frauk eta Marta Prolek egina. Ez ninduen dezepzionatu. Gipuzkoan egin dutena, beste euskal lurraldeetan ere egingo dute, urrian, Nafarroa Oinez han izanen dela baliaturik.
Gisa denez —han ziren Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta MUko errektorea, besteak beste—, Argia ikastolako lehendakariak bereziki premia ekonomikoak aipatu zituen. Erriberako hamalau herritako ikasle askotxok kilometro franko egin beharra dute ikastolaratzeko, eta diru-laguntzarik apenas, Euskararen Foru Legearen zonifikazioa tarteko. Guraso eta lagunek lan asko egin behar dute eraikina margotzen, egokitzen, altzariak eramaten. Euskaltzale bakoitzak euro bat bada ere emango bagenie, haientzat laguntza handia. Alde erreibindikatibo hori presente egon zen, noski, baina beste alderdi jakingarriago batzuk ere bai.
Dokumentala ikusita, euskararen transmisioaren garrantzia geratu zitzaidan gogoan iltzatua, eta hori sentimenduz egitearena. Egon dira zenbait euskaltzale hara bizitzera joandakoak —Karmen Albisu, esaterako— euskara transmititu egin nahi izan dutenak. Eta egon dira transmisio horren hartzaile izatea onartu dutenak: ahaide, lagun eta abar. Hortik sortu da Tafallatik behera, Ebro alderago, gure aberriaren gune estimagarri hori. Bardeetako basamortuaren ondoan oasia. Eta horrekin batera kontzientzia, euskaldun guztiok osatzen dugun nazio kulturalaren kontzientzia, eta ikastolatik kanpo ere, nahiz aukerak oso ere murritzak izan, euskara atxiki beharra, mantendu eta erabili beharra.
J.M. Jimenez Jurio zenak Nafarroako euskararen historiari eskainitako liburuan, zamorar albaitari baten kasua kontatzen du. XVI. mendearen erdialdean, tuterar emazte batekin esposatu zen, eta Tuteran bizitzen jarririk, Nafarroako erresumako «protoalbéitar» plaza lortu nahi izan zuen —erresumako albaitarien artean nagusia—. Iruñeko albaitariek zamorar albaitariaren asmoaren aurka egiteko auzitara jo zuten, eta argudio nagusi gisa erabili zuten zamorarrak euskararik ez zekiela. Jimeno Jurioren hitzak euskaraturik:
«Soilik hizkuntzari helduz, ondorioztatzen dugu XVI. mendearen erdialdera arrunta eta ohikoa izan behar zuela euskara entzutea Erriberan, erresumako zati handieneko hizkuntza, batez ere merkatari, mandazain eta euskaraz baino mintzo ez zirenengatik, eta euskal elebakar haiek ferratzaile, albaitari, mediku, zirujau, botikariak, eskribau eta beste ofizialeen beharrean ziren. Batzuetan, interpretearen premian gertatzen ziren, Zamorako albaitariarekin bezala. Inola ere ez da sumatzen mendialdeko nafarrak beren hizkuntza ezberdinagatik baztertzeko joerarik; aitzitik, ematen du damu zirela haiei zuzenean ulertzeko gauza ez izategatik, euskaraz jakiteko gogoarekin batean». (Navarra, historia del euskera, Txalaparta, Tafalla, 1997, 97).
XVI. mendetik hona gauzak asko aldatu dira hizkuntzaren aldetik; besteak beste, euskaldun elebakarrik ez da egun Erriberan, eta segur aski, euskarak orduan baino aurkari gehiago ditu nafar-espainol sentitzen direnen artean, euskararekin batean euskal abertzaletasuna zabalduko eta indartuko den beldur; baina, euskaraz ez jakitea damu dutenak badira, eta ikasi nahi dutenak ere bai, eta dokumentalak dioen bezala, izango bagara haiek izatea ere behar-beharrezkoa dugu.
Baina guztietan miragarriena, dokumentalean bi neskak aditzera eman zutena gertatu zitzaidan. Honelatsu adierazi zuten: ikastola askatasunaren espazioa da guretzat, kalean ez bezala —euskaraz ez dakiten lagunak ditugu— han euskaraz egin dezakegu. Irakasle eta ikasleen artean konplizitate berezia dago, eta adierazi zuten bezala ematen zuen askatasunaren kontu hori ikastolan bai, kalean gehienetan ezin murritzago horretatik harago zihoala, euskara eta askatasuna lotuak bezala ikusten zituztela.
Neska horiek adierazten duten gogo hori, euskararen ikuspegi hori, askatasunarekin lotze hori, zenbat botatzen den faltan sarri askotan, Euskal Herrian leku euskaldunagoetan bizi direnen artean. Euskaraz jakin, baina erabili nahi ez. Gaztelaniaz Hegoaldean, eta frantsesez Iparraldean, nahitaez jakin beharra dagoen honetan, eta ingelesa ere, maila batean ezinbesteko den honetan, zergatik euskara ikasi, eta zergatik euskaraz egin? Argia ikastolakoen erantzuna: sentimendua transmisioan, euskara eta askatasuna lotzearena…
Eusebio Osa ahaztuak, gutxi gorabehera Argia ikastola sortu zen garai inguruan, honela idazten zuen Egin-en, euskara euskal hiztunontzat zer denari buruz:
«Euskal hiztunontzat euskara —bakoitzarentzat bere hizkuntza-hizkera— askoz ere gehiago da. Lan eta komunikazio-tresna izateaz gain, giro bat eta egurats bat ere bada. Alfonso Sastre gureak sarri esan ohi du gaztelera dela bere aberria. Gehiegikeria? Bai hizkuntzarekiko harreman utilitarioak bizi dituenarentzat, bai hizkuntza asignaturazko gorabehera bihurtu zaionarentzat, bai ofiziozko linguista arima-galduarentzat. Ez poetarentzat, ez hizkeraz maiteminduarentzat eta hizkuntza-hizkera bere odol-haragietan barreiatu duenarentzat.(…) Euskara, beraz, gure aberria. Zerk batuko, zerk bategingo gaitu sakonago gauzak, pozak, nigarrak, jaiotzak eta heriotzak izendatzeko hizkera berdinak baino? Hau omen da kreazioaren funtsa, gauzei izena ezartzea. Hau dateke kulturaren gailurra. (Lotsa guztien gainetik, Egin, 1985-05-03).
Nafar kontzientzia duenak Erriberan, funtsean, bi aukera ditu: 1. Euskara mendiko nafarren ondarea dela pentsatu, berarekin zerikusirik ez duena, edo 2. Beretzat hartu. Hor ditugu Argia ikastolako zuzendari-irakasle-ikasleak, gurasoak, eta era askotako laguntzaileak, denak behar-beharrezkoak, bigarren aukerari indarra emateko. Euskararen ofizialtasuna ere bai, noski, Nafarroan eta Euskal Herri osoan. Nola ez diegu, bada, lagunduko!