Gorka Julio / 2013-09-26 / 294 hitz
Venezuela, Israel, Ekuador… Baina nola da posible, Gorka? Nola iritsi dira pertsona horiek nire blogera? Hori da, Google Analytics instalatu berri duen batek egindako lehen galdera. Tresnan sakondu ahala, galdera gehiago etorri ziren: baina nola daki honek nongoak diren, zein nabigatzaile erabiltzen duten, zein hizkuntza, zein herritik konektatzen diren… Orain denbora errealeko datuekin liluratuta dabil, oraintxe bertan bi ikusle ditu blogean, eta zer egiten ari diren ikusten ari da.
Webguneetan zehar nabigatzean gure ordenagailuan gordetzen diren cookie-en bidez, ibilbideak eta trazak uzten goaz. Orain, araudi berri baten ondorioz, horiek nolabait erregulatzen saiatzen ari dira. Zenbait webgunetan ikusiko zenuten cookie-ak onartzeko oharra. Garrantzitsuak badira ere, cookie-ak baino Analytics-ek garrantzi handiagoa izan dezake, nahiz eta kezka gutxiago piztu.
Alde batetik, Googleren produktuekin sinergia erabatekoa du, eta, adibidez, AdWords (iragarkiak) erabiltzeko ia ezinbestekoa da. Beste alde batetik, jende askok estatistikak konparatzeko neurgailu bateratu gisa erabiltzen du; de facto estandar bat izango balitz bezala. Azkenik, oso erabilgarria da, sinpletasuna eta sakontasuna ondo uztartzen baititu.
Badira estatistika tresna asko, fidagarrienak beti datuak gordinean zerbitzarietan jaso eta geure kabuz aztertzeko aukera ematen dutenak dira. Analyticsek, aldiz, datuen irakurketa bat egiten du, eta hori erakusten digu.
Googleren produktuak aztertzean Analytics alboratua gelditzen da askotan, baina, beharbada, Googleren tresnaren arrakasta jende arruntarentzat ia oharkabean pasatu izana da. Ia edozein gunetan sartu, eta Analyticsi informazioa ematen ariko gara.
Noski, Analytics gure guneetan erabiltzen dugunok onura ikusten diogu tresnari. Tresna hori gure guneetan instalatzean, gure informazioaren truke, Googleren analitika tresna erabiltzeko aukera izango dugula badakigu. Baina bakoitzak har dezakeen erabakiaz gain, Googlek jasotzen duen informazioa zein den eta nola erabiliko duen ez du erabaki indibidual bat izan behar.
Enpresa pribatu hauek gure datuekin egin dezaketena erregulatzea beharrezkoa da, baina ez dut ulertzen cookie-ei ematen zaien garrantzia, pribatutasunaren alorrean beste hutsune asko uzten direla jakinda.