Erloju ez hain adimendunak

Irene Arrizurieta / 2013-09-21 / 1.237 hitz

Android sistema eragilea duten erlojuak ateratzen ari dira pixkanaka merkatura, eta azkena Samsungek ekoitzi du; funtzionatzeko, nahitaez Galaxy note 3 sakelakoari atxikia joan behar du erlojuak.

Erlojuak ere ordenagailu txikiak bilakatzeko bidean doaz. Aspaldi erabiltzen dira hainbat kirol jardueratan erlojuak distantzia, abiadura eta bestelako estatistikak neurtu, gorde eta ordenagailura pasatzeko gaitasuna dutenak. Baina gero eta sentsore, funtzio eta ahalmen gehiago dituzte, eta smartwatch izena eman zaie, hau da, erloju adimendunak. Erabilera ohikorako Android sistema eragiledun erlojuak ere atera dira, Sony SW One, eta Pebble, adibidez. Berriena Samsungek ateratako Galaxy Gear da. Ikusmin handia eragin arren, beste bien ondoan jarrita berrikuntza gutxi dakartzala diote adituek.

Egun edonora eramaten du jendeak teknologia: smartphone-ak, tabletak, liburu irakurgailuak, argazki kamera digitalak eta bestelako gailu elektronikoak benetako ordenagailuak dira. Heldu den urteetan, baina, urrats bat harago eginen du horrek: informatika ondoan eramatetik jantzita eramatera pasatuko da jendea, wearable computing deritzon joeraren bidez. Weareble computing terminoak jantzita edo soinean eramateko informatika esan nahi du. Ordenagailu berriok arropan bertan edo janzteko osagarri gisa (betaurrekoak, erlojuak…) eramaten dira. Dagoeneko hasi dira erakusten horrelakoen prototipoak, eta erloju bat baino gehiago jada merkatuan dago.

Erloju bat aukeratzea ez da lan erraza, eta daraman pertsonaz asko adierazi ei du. Horregatik, erloju adimentsuak ez dira edonorentzat. Merkatura ateratzen azkena Samsung konpainia korearraren Galaxy Gear-a izan da. Berlinen aurkeztu zuten berriki. Ikusmina handia zen, baina adituek diote ez dakarrela berrikuntza handirik. Lehen begiratuan, erloju sendoa da, eta kutxaren ertzetan lau torloju ditu, pantailaren eta bi uhalen artean. Uhala, segurtasunagatik, sendoa da, eta erloju handiak eramaten ohitua dagoena ez da harrituko, baina zerbait bereziagoa edo dotoreagoa nahi duenak ez du gustuko izanen. Ordua digitalean ematen du, eta ondoren agertzen dira eskaintzen dituen funtzioak. Ukipen pantaila du, 1,63 hazbetekoa, eta 320 pixeleko bereizmena. Bozgorailua ere badarama, bi mikrofono eta 1,9 megapixeleko argazki kamera. Beraz, orain arte merkatuan daudenekin konparatuta ez du berrikuntza handirik suposatzen. Sonny konpainiaren SW One eta ingeniaritza ikasle batek egindako Pebblerekin konparatuz aldeak ez dira handiak. Guztiek ere Android sistema eragilea erabiltzen dute, baina Sonnyrena eta Pebblerenak edozein sakelakorekin konektatuta balio duen gisan, Samsungenak ez. Gear Galaxy erloju adimendunak Galaxy Note 3 sakelakoarekin bakarrik funtzionatzen du, eta beti metro eta erdiko distantzia baino gutxiagoko tartean, bestela ez duelako funtzionatzen. Erlojuak markagailu funtzioa du. Mezuak idatz daitezke, eta egunerokoa edo kontaktuak eguneratu ere bai, esaterako.

Gakoa, aplikazioak

Gear Galaxyk merkatuan dauden beste erloju adimendunekin konparatuz berrikuntzarik ez dakarren arren, nork kaleratu duen ere aintzat hartu behar dela uste du Felix Espina Telekomunikazio ingeniariak eta Gasteizko Naudit Teknologia enpresako langileak. «Samsungek kaleratu du Android sistema eragilea erabiliz. Orain, Applekin batera, telefono adimentsu gehien saltzen duen marka da». Kasu honetan, erlojuak baino pisu gehiago markak du. «Produktu ona izango dela suposatzen da, asko salduko dena, baina jakinda telefonorik gabe erlojuak ez duela ezertarako balioko».

Erlojuaren errendimendua hobetzeko sortuko diren aplikazioetan egonen da gakoa, batetik, eta sakelakoarekin erabateko integrazio duena, bestetik. «Android izanda, abantaila dauka aplikazioak garatzeko garaian. Sistema propioa du, eta, horretarako, aplikazioak berriak behar ditu. Horrela bilakatuko da gailu erakargarria. Hirurogeita hamarrekin hasiko da, eta erlojuak ehunen bat onartu ei ditu. Bide horretan, Espinak uste du bluetooth bidez konektatzeko eskatzen duen aukerari wifi bidez konektatzekoak gehitzea izan beharko lukeela hurrengo pausoa.

Merkatuan dauden hiru erlojuen artean handiena den arren, 74 gramoko pisua du, baina, besteak bezala, autonomia txikiko pila du.

Erlojuak, 300 euro inguru

Deusen okerrik ez bada, hilaren 25ean jarriko da salgai Euskal Herrian eta beste hainbat herrialdetan Galaxy Gear erlojua. Samsungek zenbatean salduko duen ez esan arren, 300 euro inguru kostako dela uste da. «Prezioari diseinua eta tamaina gehitzen bazaio, osagarri baten osagarri laguntzaileagatik hainbeste diru ordaintzea arrakastatsua izanen denik ustea zaila da», dio Javier Ros Nafarroako Unibertsitate Publikoko ingeniaritza irakasleak. Marka bereko tabletak baino gehiago balio du, eta orain arte merkatuan daudenak baino garestiagoa da. Sonyrenak eta Pebblek merkeagoak dira, eta edozein sakelakorekin erabil daitezke. Adituen ustez, Samsungen asmoa merkatuan tokia hartzea izan da. «Garestia da, baina azken teknologia nahi duena hori ordaintzeko prest da», iritzi dio Espinak. Erloju adimentsuek merkatua badutela uste du. Pebble jarri du adibide. Ikasle kanadiar baten burutazioa izan zen. 800.000 dolar behar zituen erloju adimentsuaren proiektua garatzeko, eta hamar milioi dolar lortu zituen. «Interesa badago. Milaka pertsonak aurretik eskatutako produktua izan zen, eta dirutza hori lortu zuen».

Merkatua baduten seinale da, beste konpainia batzuek ere aterako dituzten iragarpena. Sonyk berak WS2 aterako du eta Qualcommek ere TOQ izenekoa iragarri du. Azken hori ia berria da sektorean. Sakelako adimentsuen eta tabletentzako mikrotxipak egiten jauzi bat eman du, eta urte bukaerarako erloju adimentsua iragarri du. Halere, teknologia zaleak zain daude Samsungen lehiakide nagusi Appleek iragarri duen IWachak zer ekarriko duen. «Beti besteei aurreratu izan zaie, baina oraingoan Samsung aurreratu da».

Beste batzuk

SONY SW2

Android sistema. Android sistema duten sakelako guztiekin funtzionatzen du.

Pantaila txikiagoa. Besteak baino pantaila txikiago du.

QUALCOMM TOQ

Bateria uhalean. Hiru eguneko autonomia izanen duela iragarri dute.

Salneurria. Samsungena bezala, 300 euro inguruan salduko da.

————————
Ez dira ohiko erlojuekin lehiatzen

Erloju adimendunek eskumuturrean eramateko betiko erloju marken merkatuko kontsumo ohiturak ez dituztela asko aldatu eta ez direla lehia uste du Laura Rosek, Lizarrako Ricardo Ros erloju dendako langileak.

Erloju adimentsuek eskumuturrean eramateko ohiko erlojuen merkatuko kontsumo ohituretan eragiten duten aztertzea ez da erraza. Ricardo Ros Lizarrako bitxi eta erloju dendan bi produktu erabat ezberdinak direla diote. Mende laurdena baino gehiagoko ibilbidea egin du dendak, eta merkatuan berrikuntzak egoten diren arren, erloju klasikoak preziatuak izaten jarraitzen dutela pentsatzen dute. «Uste dut gure merkatuan ez duela eragiten. Bi produktu oso ezberdinak dira. Biak ordua ematen dute, baina erloju adimentsua sakelako telefonoaren osagarri bat da», dio Laura Rosek, Ricardo Ros erloju dendaren jabeetako batek.

Erloju adimentsuaren bila teknologia kontsumitzaileak direnak joaten direla iritzi dio, produktu berriak bilatzen dituen laguna. «Teknologikoki berriak eta funtzio berriak ematen dizkieten produktuak nahi dituzte, baina onarturik produktu horrek iraungitze data motza duela. Badakite hilabete gutxira beste berriago bat aterako dutela, eta aurrekoa atzean uzteko prest dira», jarraitu du Rosek.

Dendara etortzen den bezeroak, baina, beste produktu bat nahi du. Betidanik, erloju suitzarrak saltzen ditu Ros familiak. Dendara etortzen den bezeroak kalitatezko erloju bat nahi duela azpimarratu du. «Erloju suitzar on baten bila datoz. Denboran irauten duen kalitatezko makina sendo bat nahi dute hona etortzen diren bezeroek». Altzairuzkoa, kristala arrailatzen ez zaion erloju mekaniko on bat, edo kordaduna nahi izaten dute. «Erlojugintza suitzarraren maisulanak dira, eta, gainera, makina horrek denboran irauten du».

Berezitasuna

Bezeroak erloju berezi bat nahi du, besteengandik ezberdintzen duen zerbait. Diseinuari ere asko erreparatzen zaio, garrantzi handia du. «Denborarekin maiz erlojuak ez du balioa galtzen, klasiko bat bilakatzen delako». Marka suitzarrek iraungitze data ez duten makinak egiten dituztela dio, eta beti berrikuntza txikiekin. Berrikuntza funtzioetan egon daiteke batzuetan, baina, batez ere, ordua emateko tenorean erlojuaren mugimendu mekanikoetan. «Sistema berriak patentatzen dituzte, baina zehaztasuna bilatuz».

Prezioan ere badute koska. Dendan baditu 50 euroko erloju suitzarrak, eta beste batzuk erloju adimentsuak baino garestiagoak. «Erloju adimentsuak ez dizu deus berririk eskaintzen, sakelako telefonoak eskaintzen duena ematen dizu. Zertarako dituzu gauza bera eskaintzen dizkizuten bi produktu?». Dena dela, onartu du bezeroen artean ere nahiak aldatuz doazela eta gazteek ez dutela lehen bezala erlojurik erosten. «Gure bezero izan zitezkeen gazte asko joan dira horrelako produktuak kontsumitzera. Prest daude sakelako telefonoetan dirua gastatzeko, baina ez erloju batean».

Marka teknologikoen arrakastaz oharturik, betiko erlojuak egiten dituzten markak ere hasi dira merkatu horretan sartzen. Olatu hori harrapatu nahirik, dendan ere hasiko dira erloju adimentsuen funtzioak dituzten erlojuak saltzen, heldu den hilabetean. Burg erloju etxe holandarrarenak dira, eta hiru bertsio izanen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.