Gurutze bat baino askoz gehiago

Asier Garcia Uribarri / 2013-09-05 / 1.279 hitz

Gorbeiako inguruak parke natural izendatu zituzten, 1994an. Bi isurialde, bi klima, bi herrialde, zortzi herri eta ehunka herritar batzen ditu Gorbeiak. Neolitotik gaur egunera arte gizakiek Gorbeia inguruak ustiatu dituzte, garaian garaiko gizartearen eskaerei moldatuz.

Gorbeiako parke naturala bi isurialdetan banatua dago. Batak Ebrora ematen du, eta besteak Bizkaiko Golkora. Horrek eragiten du ingurune berean bi klima egotea: atlantikoa eta kontinentala, eta bioaniztasun handia egotea. Horrez gain, mendiak berak Gorbeialdeko biztanleen bizimodua asko markatu du. Ingurukoen jarduera ekonomiko nagusiak, era batean edo bestean, mendeetan mendiarekin lotuak egon baitira. XX. mendearen erdialdean, baserriaren beherakadarekin lanbide tradizionalak albo batean geratu ziren. Hala ere, oraindik, ingurukoen erreferentzia gune bat da Gorbeia. Gaur egun, mendizaletasunak hartu du protagonismoa. Azken finean, Arabako eta Bizkaiko mendirik garaiena da, 1.481 metro baititu.

1994an izendatu zuten Gorbeiako ingurunea parke natural, eremu hori babesteko lehen saioa ia 80 urte lehenago egin bazen ere. 1920an, Bizkaiko Aldundiak Gorbeia ingurua parke nazional izendatzeko eskaera egin zuen. Eskaera ez zen orduan onartu, eta urteetan baztertuta gelditu zen, 1994an parke naturalaren izendapena jaso zuen arte.

Parkea Areatza, Arteaga, Zeanuri, Orozko, Zeberio (Bizkaia), Zigoitia, Goiuri-Ondona, Urkabustaiz eta Zuiako (Araba) udalerrien artean dago. Parke naturalaren inguruko informazioa izateko bi interpretazio zentro daude, bata Bizkaian eta bestea Araban. Bakoitza Aldundi batek kudeatua. Arabako zentroa Zuiako Sarria auzoan dago. Bizkaikoa, ordea, Areatzako plazan. Azken horretan lan egiten dute Olaia Crespok, Naiara Etxebarriak eta Nerea Etxebarriak. Han, Gorbeiako interpretazio zentroa izateaz gain, hainbat ekintza antolatzen dituzte. Baina euren lanik handiena hezkuntza programak dira. Urritik ekainera eskoletako umeei erakusten diete zer den Gorbeiako Parke Naturala eta zer aurkitu dezaketen han. Armañon eta Urkiolako parkeekin batera lan egiten dute, euren ekintzak koordinatuz eta argitalpen komun bat argitaratuz.

Etxebarriak dioenez, mendizaletasuna da gaur egun Gorbeiara jende gehien erakartzen duen ekintza. Duela ehun urte baino gehiago, eta mende berrirari ongietorria emateko, inguruetako mendirik garaienetan gurutze bat ipintzeko deia zabaldu zuen Leon XIII. aita santuak. Dei horri erantzuteko, 1901ean lehen gurutzea jarri zuten Gorbeiako tontorrean. Hark 33 metro zituen, Jesusek hiltzerakoan zituen urteak beste. Baina garaiegia zen, eta hilabete batzuk baino ez zuen zutik iraun. Hurrengo urtean, hamar metro gutxiago zituen beste gurutze bat jarri zuten. Beste hark lau urte iraun zuen. Azkenik, 1912an gaur egungo 18 metroko gurutzea jarri zuten.

Gurutzea ipini zutenetik, mendizaletasunak gora egin du. Hasieran, erromesaldiengatik, eta geroago, kirol hutsarengatik. Egun, hainbat ibilbide markatu aurkitu daitezke parke naturalean. Batzuk mendietara igotzeko dira. Kontuan izan behar da Gorbeia ez dela parke naturaleko mendi bakarra; harekin batera, Oderiaga, Ubitzeta, Kolometa eta beste asko daude. Beste bide batzuk, ibilbide zirkularrak edo GR-ak dira. Mendizaletasunaren beste zantzu nabari bat da zenbat mendi aterpe dauden Gorbeia inguruan. Gehienak pribatuak dira, baina Euskal Mendizale Federazioak badu bere aterpe publikoa ere, Arrabako landan. Eta ezin ahaztu uztailaren 31n, San Ignazio egunean, bizkaitarrek Gorbeiara igotzeko duten ohitura. «Urtero, milaka mendizale igotzen dira gurutzera uztailaren 31n; Bizkaian gelditzen den mendi erromeria bakarrenetakoa da. Duela urte batzuk, aurreko egunetik goian kanpatzen zuten hainbat gaztek, baina gaur egun hori ia galdu da», esan du Etxebarriak.

Bioaniztasuna

Gorbeiako parkean bi babes maila daude. Batetik, parke naturala dago, eta, bestetik, parkearen barruan Itxinako biotopo babestua. Itxina ingurune karstikoa da, eta geologikoki oso garrantzitsua. Ingurune karstikoa denez, leize asko ditu, batzuk ehun metrokoak baino gehiagokoak. Horrez gain, kobazuloak, dolinak, lapiazeak eta lur azpiko ibaiak ere badaude. «Ibaietako batek zazpi kilometro baino gehiago ditu» nabarmendu du Crespok. Gainera, Itxinan bertan bakarrik hazten den goroldio mota endemiko bat dago. Biotopoa Orozkon dago, 1.000 metroan, eta 571 hektareako zabalera du.

Gorbeiako parke naturalean bioaniztasun handia dago, eremu berean bi klima elkartzen direlako. Landarediaren aldetik, Arabako aldean, klima kontinentalean, gehien bat erkametzak, ametzak, haritzak eta pagoak daude. Altuben 20 kilometro karratuko pagadia dago, Arabako handienetarikoa. Bizkaia aldean ere pago ugari dago. Baina horrez gain, haginak, ostozuriak, haltzak, gorostiak eta hezetasun handia behar duten urkiak ere badaude. Parkeko eremuaren %45 berezko basoak dira, eta %25 baso landaketek osatzen dute, espezie aloktonoek. «Baserrien beherakadan, hazkunde azkarreko zuhaitzak zer moduz egokitzen ziren ikusteko probak egin zituzten. Hala ere, gaur egun birlandaketak hemengo zuhaitzekin egiten dituzte», parketxeko langileen arabera. Espezie aloktono hauek daude: pinu insignis amerikarra, alertze japoniarra, lawson altzifrea, eta abar.

Indiako gaztainondoa ere asko landatu da Euskal Herrian. Gaztainondoa oso zuhaitz garrantzitsua izan da baserritarrentzat, gaztainekin ogi antzeko opil bat egiten baitzuten. Etxebarriak azaldu du XVIII. mendean bertako gaztainondoa desagertzeko zorian egon zela. Oinbeltz edo tinta deitutako gaixotasun bat Lekeitio eta Ondarroa aldetik sartu zen Euskal Herrira, eta gaztainondo mordoa kutsatu zituen. Gaztainondo gabe ez gelditzeko, birlandaketa prozesu bat abian jarri zuten Indiako gaztainondoekin.

Hain beharrezkoak zituzten gaztainak biltzeko, baserritarrek kirikinausiak egiten zituzten. Horiek, berriz, metro bat garai ziren zirkulu itxurako harresiak dira. Gaztainak kirikiño eta guzti biltzen zituzten han. Horrela, euren inguruan egonda, urtebetean ere irauten zuten. Etxeko ganbaran gordez gero, usteldu egingo lirateke. Hainbat kirikikinausi gelditzen dira, gaur egun, Gorbeiako parke naturalean.

Fauna aberatsa du Gorbeiak. Badira oreinak, orkatzak, basurdeak, azeriak, basakatuak, katajinetak, uhandreak eta arrabioak. Hezeguneetan, hainbat igel mota bizi dira. Hegaztiei dagokionez, sai zuriek uda pasatzen dute Gorbeia aldean. Baina badira urte osoa han ematen dutenak ere: basahateak, saiarreak belatxingak, eskinosoak, eta abar. Horiez gain, baserrietako abereak ere badaude. Gorbeia inguruko berezko txakur arraza ere badago: Gorbeiako artzain txakurra.

Ofizio ugarirentzako lekua

Gorbeia eta animaliak lotzeko orduan, askori artzaintza etorriko zaie burura. Abeltzaintza, oro har, oso garrantzitsua izan da Gorbeialdean. Euskal Herrian neolitotik egiten den jarduera da. Parke naturalaren inguruan 122 artzain etxolen arrastoak topatu dira. Baina, 1950eko hamarkadan baserriak jasandako beherakadaren ondorioz, jendea ofizioa utziz joan da. Gaur egun, Zeanuri eta Orozko aldean soilik lauzpabost artzain baino ez dira horretatik bizi. Hala ere, Cresporen arabera badaude beste lanbide bat dutenak eta era berean 20-25 ardiko aziendak zaintzen dituztenak.

Baina abeltzaintzaz gain, Gorbeialdean lanbide asko egon dira. Etxebarriaren aburuz ikazkintza izan zen mendiko lanbiderik garrantzitsuenetarikoa. Garai batean, 144 ikazkin etxola zeuden. Baina gehienak, egurrez eta lurrez egiten zituztenez, galdu egin dira. Harriz egindakoak baino ez dira mantendu. Etxolez gain, txondorplazak dira ikazkintzaren beste arrasto nabari batzuk. Txondorrak egiteko inguru lauak behar dira, horien faltan eskailera antzekoak egiten zituzten aldapetan. Horiek dira txondorplazak. Ikazkintzaren beste arrasto bat pagolepatuak dira. Txondorrak egiteko, pagoetako egurra erabiltzen zen. Pagoak bi metroan mozten zituzten. Pagoak berez pinuen antzera hasten dira: luze eta estu. Baina, bi metrotan moztean, altuera horretan adarrak botatzen hasten ziren. Gaur egun, gisa honetako hainbat pago ikusi daitezke. Baina jada inor gutxik ditu pagoen adarrak mozten, eta pisu handiegia hartu eta erori egiten dira denboraren poderioz.

Elurzuloena da garai batean Gorbeia inguruan ekonomikoki garrantzia izan zuen beste jarduera bat. «Europako elurzulorik handiena Gorbeian dago, Neberabarri. Hau, 26 metroko leize natural bat da» dio Etxebarriak. Neberabarri Itxinan dago, Orozkoko udalerriaren barruan. Elurzulo horren erabilera enkantean ateratzen zuen udalak, eta urtero langile batzuk ustiatzen zuten. Neberabarriko elurzuloak era natural batean, oso berandura arte edukitzen zuen elurra, iparraldeari begira eta itzaletan dagoelako.

Leizearen gainean harrizko zubi bat dago, eta handik polea baten bidez pilatutako elurra jasotzen zuten. Elurrak hobeto iraun zezan, elur geruzen artean belarra sartzen zuten. Elurra, gero, mando edo idi batzuekin inguruko herrietara jaisten zuten. Elurrak erabilera ugari zituen argi indarrik ez zegoen garaietan. Etxebarriak kontatu duenez, Areatzan bazegoen aspaldi ospitale txiki bat. Gorbeiako elur asko hara eramaten zen: sendagaiakedukitzeko, hanturak jaisteko, odol-galtzeentzat, eta abarretarako. Horretaz gain, Bilbo eta Gasteizko aberatsei saltzen zieten elurra limonada egin zezaten. XVI eta XVII. mendeen artean hasi eta XX. mendearen hasiera arte iraun zuen jarduerak.

Neolitotik egon dira Gorbeiara begira inguruko herritarrak. Mende askotan jende askoren ogibidea izan da. Gaur egun ere, bada oraindik, batzuk lanbide tradizionaletan eta beste batzuk lanbide modernoagoetan. Baina azken urteetan aisiak erakarri du jende gehien Bizkaiak eta Arabak partekatzen duten parke natural honetara. Altube zeharkatzen duen AP-68 autobidea kenduz gero, ia berez den moduan iraundu naturak inguruotan. Etorkizunean ere bere hartan iraun dezan, denen eskura dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.