Garikoitz Goikoetxea / 2013-09-18 / 1.276 hitz
Finantzaketa publikoa ahulduta, bestelako diru iturrien bila hasi dira unibertsitateak. Donazioak indartu asmo ditu EHUk. Atzerriko unibertsitate batzuetan indar handia du eredu horrek, baina errezelo handia sortzen du.
Munduko unibertsitate handienetako batena zen eskaria: «Unibertsitatearen etorkizuna inoiz ez zen egon kanpaina baten esku. Datozen belaunaldietarako inbertsioa bermatu behar dugu». 2008a zen, eta Oxfordeko Unibertsitatearena zen deia. Oxford Thinking kanpainari ekin zioten, unibertsitaterako baliabideak bermatzeko. Diru iturri tradizionalak ahultzen hasi zirelarik etorkizuna ziurtatzeko. Asmoa zen 1.250 milioi libera biltzea (1.500 milioi euro), eta iazko martxorako gainditu zuten xedea. Enpresek, fundazioek eta herritarrek jarri dute dirua. Asmoa handitu dute: 3.000 milioi libera lortu nahi dituzte (3.600 milioi euro). Donazioen bidea beste unibertsitate batzuek ere hasi nahi dute. Bai Euskal Herrian ere. Baina hau ez da Oxford.
Azken proposamena Iñaki Goirizelaiak egin du, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak. Joan den astean zuten ikasturtea hasteko ekitaldia. Unibertsitatea estu dagoela ohartarazi zuen —«mugara iristear gaude»—, baina horren ardura ez daukala Eusko Jaurlaritzak soilik. «Ez diezaiogun gobernuari bakarrik eskatu. Egin dezagun geuk ere». Donazioei buruz ari zen, talde pribatuek eta herritarrek unibertsitatean dirua jartzeaz, «unibertsitatearen eta inguru ekonomiko eta sozialaren arteko elkarlana hobetzeaz».
Gaia hizpidera ekartzea zen asmoa, proposamen zehatzak egitea baino gehiago. «Apurka joan behar da garatzen», dio Goirizelaiak berak. «Beste kultura behar behar dugu. Unibertsitateak egin behar du bere lana, autoexijentzian sakonduz, eta gizarteak ikusi behar du merezi duela apustu egitea». Beste alor batzuetan bezala. «Euskal Herrian beste alorretan egiten da, baina ez hainbeste unibertsitatean. Bada garaia planteatzeko».
Euskal unibertsitateak, urrun
Goirizelaiaren planteamendua ez da salbuespenekoa. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialdeetan, batez beste, unibertsitateko finantzaketaren %32 da pribatua. Hortik gora, %64 da Ameriketako Estatu Batuetan, %66 Japonian, %75 Erresuma Batuan, eta %78 Txilen. Education at glance 2013 txostenean bildutako datuak dira.
Urrun dago Euskal Herria datu horietatik. EHUn, aurten, finantzaketaren %11,2 da pribatua; NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan, %17. Edonola ere, bietan, ikasleek pagatzen dituzten tasei dagokie zatirik handiena. Azken ikasturtean salto handia ageri da. Ikasleen tasak areagotu izanari dagokio hori, eta bide publikotik pairatutako murrizketei.
Egoera horretan dator Goirizelaiaren proposamena, baina Jaurlaritzak nabarmendu du ez dela bat-batekoa. «Unibertsitateak eta ikerketa zentroak aspaldi ari dira bide berriak irekitzen. Egokia da, eta inportantea». Itziar Alkorta Unibertsitate sailburuordeak uste du dirua lortzeaz harago jo beharko litzatekeela. «Ezagutza eskualdatzea da unibertsitateak indartu behar duen alorretako bat».
Ezinegona enpresen lekuaz
Enpresak unibertsitateari laguntzen. Ezinegona eragiten du sektore askotan. «Arriskutsua da enpresak laguntzaile izatea. Zerbait eskatuko dute trukean. Heziketa haien erara moldatu behar ote dugu?». Paloma Virseda mintzo da, NUPeko Ikasleen errektoreordea. Ez du zertan, Goirizelaiaren esanetan. «Unibertsitate askotan jartzen dute dirua enpresek trukean ezer eskatu gabe, eta Euskal Herrian bertan baditugu adibideak». Nabarmendu du helburua ez dela soilik enpresek laguntzea, edozeinek baizik. Goirizeialaren tesia da unibertsitateak gizarte osoari egiten diola on, eta, beraz, gizarteak lagundu behar duela. «Paco Etxeberriak egindako lana hor dago, esate baterako. Egunero egiten dugu horrelako ekarpena. Jendeak ‘merezi du’ esatea nahi dugu».
Enpresarien ordezkariek atea itxi diote, ordea, donazioak besterik gabe egiteari. Argi adierazi du Confebask elkarteko ordezkari Carlos Peredak: «Unibertsitateak lortu nahi badu ekarpen pribatua, horrek nolabait itzuli behar du enpresara». Kontua da «itzuli» nola egiten den: dirua jarri duen enpresari zuzenean eman behar zaion zerbitzuren bat, edo modu orokorragoan itzul daitekeen, ikerketen bidez eta. Arrastoren bat eman du Confebaskeko ordezkariak. Lanbide Heziketaren adibidea aipatu du: enpresen eta eskolen arteko lankidetza, ikasleen praktikak… «Harremanak behar dira unibertsitatearekin, Lanbide Heziketarekin ditugun gisan».
Unibertsitatean enpresen markaren promozioa egitea da beste aukera bat. Gaur egun ere gertatzen da. NUPen, langileen fitxatzeko txarteletan, Santander bankuaren logotipoa jarri zuten unibertsitatekoaren alboan. NUPek eta bankuak sinatutako akordio baten ondorio da: 300.000 euro jasotzen ditu unibertsitateak urtero. Arartekoak eskatua dio NUPi logotipoa kentzeko txarteletatik.
‘Endowment’-a
Donazioen partez, katedren eta kontratuen alde egiten dute enpresek. «Helburu jakinak jartzea hobe da. Proiektu interesgarri bat badago, itunak edo kontratuak egin daitezke. Denentzat da ona», esan du enpresarien ordezkariak. NUPeko errektoreordeak ere egokiago ikusten du aukera hori. «Baditugu katedrak eta kontratuak, asmo zehatzekin, enpresen arazoei irtenbideak emateko. Baina irakaskuntzara ez da ekarri behar enpresek nahi dutena».
Donazioak egiteko aukera bada orain ere; are, errenta aitorpenean aringarri da. «Donazioak egiteko aukera badago. Kudeaketa da konplikatua», ohartarazi du Goirizelaiak. Hor nahi du legea aldatzea, «malgutasuna izateko». Endowment sistema jarri du mahai gainean. Zabaldua dago AEBetan. Finean, donazioekin-eta diru sail bat sortzen dute unibertsitateek, eta horri errentagarritasuna aterata lortzen dituzte baliabideak. Harvardeko Unibertsitatearena da handienetako bat: 35.000 milioi dolarreko funtsa du, eta azken 30 urteetan, batez beste, %14ko errentagarritasuna jaso du urtero. 200 lagun ari dira lan horretan.
Kontuan hartzekoa da finantzaketa pribatu handiena duten herrialdeetan zein den ikasleen egoera: AEBetan, bilioi bat dolarreko zorra dute ikasketak ordaintzeko maileguetan; Erresuma Batuan hirukoiztu egin dute unibertsitateko karreren gehienezko prezioa; eta Txilen protesta handiak egiten ari dira ikasleak, pagatu behar dutenagatik kexu. Erakunde batzuek uste baitute finantzaketa pribatua handituta zilegi dela diru publikoa gutxitzea. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohiak, adibidez, NUPerako saila nabarmen jaitsi eta gero, honela esan zion errektoreari: «Finantzaketa pribatua bilatu, onenek egiten duten bezala».
Lehen donazioa NUPen
Jaurlaritzak ezetz dio, ez dagoela arriskurik: «Endowment-arekin aurrezkiak egin ahalko lituzke unibertsitateak, egonkortasuna lortzeko, baina publikotasuna ez dago zalantzan». Alkortak nabarmendu du legeak behartzen duela Jaurlaritza EHUren funtzionamendurako dirua ematera. Virsedak oharra egin du: «Daukanari ezin zaio kendu ardura, eta unibertsitate publiko bat da gurea».
Finantzaketa asmoak badira, baina ikasleei tasak igotzea da oraindik bide errazena. Nafarroan nabari da. Eskola utzi dutenen tasa bikoiztu egin dela ohartarazi du errektoreordeak. EHUn eta NUPen funtsak sortu dituzte, pagatu ezin dutenei laguntzeko. Eta hasi dira donazioak: NUPen, mila euro bildu dituzte Esperientzia Geletako ikasleek. Matrikula bat ordaintzeko adina. Etorkizuna ikasle bati bermatzeko adina.
———————–
Ikasle zaharrak, ikasle berrien bultzatzaile
Nafarroako unibertsitate pribatuan eta Deustukoan urteak dira ikasle ohien donazioak jasotzen dituztela. Elkarte batzuen bidez, bekak ematen dizkiete ikasketak pagatu ezinik dabiltzan ikasleei. Opusen unibertsitatean, bi milioi baino gehiago ematen dituzte laguntzetan.
Titulua eskuratzean amaitzen da unibertsitatearekiko erlazioa ikasle gehienentzat. Ez guztientzat. Nafarroako unibertsitate pribatuan eta Deustukoan urteak dira ikasle izandakoek elkarteak osatuta dauzkatela. Unibertsitateari lotuta jarraitzen dute, beste gisa batean bada ere. Donazioak egiten dituzte aldian aldian, eta, besteak beste, oraingo ikasleei laguntzak ematen dizkiete, beka estilokoak, ikasketak ordaindu ahal izateko.
Unibertsitatean ikasteko eduki zuten aukera beste batzuei ematea dute xede ikasle ohiek. «Oinarrizko garai batean daude. Etorkizunean gizartea hobetu ahalko dute, eta ikasle berriei lagundu, orain eurak bezala zailtasun ekonomikoak dauzkaten ikasleei lagundu». DeustoAlumni elkarteko kideek kate gisako bat osatzea dute helburu laguntza horiekin, eta unibertsitatearen balioetan sakontzea. «Mundu bidezkoagoa, elkartasun gehiagokoa eta humanoagoa eraikitzeko, zerbait positiboa jartzea da beken helburua».
Baliabide ekonomiko gutxi dituztenentzat dira laguntzak, eta oso espediente ona dutenentzat. Deustuko Unibertsitatean, Batxilergoko nota 8 baino handiagoa izatea eskatzen dute lehen urtean laguntza jasotzeko, eta berritzeko, batez besteko hori eta ikasgai guztiak gainditzea. Opusen unibertsitatean, 8,5 baino batez besteko handiagoa behar da laguntza jasotzen hasteko, eta berritzeko, 8tik gora—karrera batzuetan aski da 7arekin—. Beka ofizial guztiak eskatuta eta ordaintzeko ezina justifikatuta izan beharra dago.
Nabarmen handitu dira ikasle ohien laguntzak. Nafarroako Unibertsitateko zenbakiak oso argiak dira. 2004-05eko ikasturtean, 180.000 euro pasatxo eman zizkieten 33 ikasleri —bakoitzari 5.560 euro, batez beste—; 2008-09ko ikasturtean, 807.000 euro banatu zituzten 162 ikasleren artean —4.980 euro bakoitzeko—; eta iazko ikasturtean, bi milioi eurotik gora igo zen laguntzetan emandako diru kopurua, eta 267 ikaslek jaso zituzten. Batez beste, 7.500 euro. Zortzi bider igo da ikasle kopurua, eta dirua, hamaika bider.
Laguntza horietan, matrikula ez ezik, sartuta daude ostatua eta horrelakoak ere. Kontuan hartzekoa da, hala ere, prezioa: ikasketek 9.000 eurotik gora balio dute normalean. Gainera, laguntza jasotzeko, gurasoen etxean ez bada, unibertsitateko egoitza batean bizi behar da lehen bi urteetan —8.000 euro inguru balio dute—.
Opuseko ikasle ohien laguntzak lortzeko arauak dio jaso dituztenek «obligazio morala» dutela ahal dutenean programan dirua jartzeko, atzetik datozen ikasleek ere aukera bera izan dezaten.