Igor Susaeta / 2013-09-06 / 1.230 hitz
Bai idazle ezezagunek eta bai ezagun batzuek ere, autoedizioa baliatuta kaleratzen dituzte liburuak, ohiko argitaletxeen babesik gabe. Kalte baino, literatur plazari on gehiago egiten diotela uste dute adituek.
Azkeneko urteotan gora egin du, bai euskaraz eta bai beste edozein hizkuntzatan ere, autoedizioaren bidez kaleratutako liburu kopuruak. Argitaletxearen iragazki estutik iragan ez diren sormen lanak dira; editorearen epairik gabe, baiezkorik edo ezezkorik jaso gabe, plazan irakurgai dauden nobelak, poesiak, saiakerak edo bestelakoak. «Tarteka-marteka, errepide nagusietatik kanpo dabiltzanen altxor ezkutuak ekarriko dizkigu autoedizioak. Koskak koska, kalte baino on askoz gehiago egingo duela dudarik ez dut». Fernando Morillo Gaumin argitaletxeko editorea mintzo da. Xabier Mendiguren Elkar etxekoarentzat argitaletxeek ezin dute baldintzatu adierazpen artistikorako askatasuna, eta uste du sortzaileak beti eduki beharko lukeela autoediziorako eskubidea. «Ez daukat inongo kexarik, bere esparrua betetzen du». Iruditzen zaio, halere, editore on baten onespena jaso izanak ematen diola liburuari nolabaiteko berme bat irakurlearen aurrean. «Zuk ikusten baduzu autoedizio bat, esan dezakezu: ‘hau nolakoa ote da?’. Eta, aldiz, zure gustuko argitaletxe batek kaleratutakoa bada, eduki dezakezu irakurtzeko aldeko joera bat». «Makina bat» idazle ezezagun eta «ezagun askoak» ari dira autoediziora jotzen, Morilloren esanetan, beste bide batzuk probatu nahi dituztelako. «Azken finean, askeago izateko modua da».
Eta euskarri fisikoan izan ez arren, argitaratzeko beste modu bat ahalbidetzen duena www.entreescritores.com plataforma da. Loturak sortu du, Internet zerbitzuak eskaintzen dituen Donostiako enpresa batek. Atarian erregistratu ondoren, sortzaileek haien lanak sarean zintzilikatzeko aukera daukate. Erabiltzaileek on line irakur ditzakete gero, edo liburu irakurgailura deskargatu. Literatura zabaltzeko zerbitzu bat ematen dutela pentsatzen du Idoia Iradi Loturako Internet aholkulariak. Zerbitzaria gaztelaniaz soilik dago oraingoz, baina hilabete honetan euskaratzeko asmoa daukate; eta katalanez ere jarriko dute.
Hainbat atal ditu, eta 144 liburu dauzka irakurgai une honetan. Bat irakurri ahala, irakurleek haien iritziak plazaratu ditzakete, eta idazlea babestu dezakete. Izan ere, atal bakoitzak —euskaraz bakarra dago: nobelarena— garaile bat edukiko du. Hartara, euskarazko eleberriari dagokionez, boto gehien lortutako liburuak —2014ko martxoaren 1a bitartean jar daitezke webgunean— hartuko ditu Gaumin argitaletxeak, eta horietako bat hautatuko du kaleratzeko. Dena den, sariketa orotan bezala, argitaletxeak badauka liburu bakar bat ere ez kaleratzeko eskubidea; dela gutxieneko kalitaterik daukan obrarik ez dagoelako; dela baloratzeko obra nahikorik ez dagoelako. Eta gerta daiteke, era berean, idazleak ez onartzea Gauminen proposamena. Gaur egun, euskarazko ale bakarra dago plataforman irakurgai: Ainara Mayaren Igandeak nobela.
Literatura bultzatzeko, zabaltzeko, hedatzeko eta jendearen artean mintzagai bihurtzeko zenbat eta bide gehiago sortu, orduan eta hobeto, Mendigurenen iritziz. «Hori bai, ikusi behar da zenbateraino diren interesgarriak lan horiek, zenbaterainoko interakzioa dagoen irakurleekin…». Badauzka dudak. «Gaztelaniaz funtzionatzen duen plataforma batean, adar gisa-edo, euskarazko bat jartzeak… Funtzionatuko duen edo ez… Dudak dauzkat». Sortzaileak hainbat irakurlerengana hurbiltzeko aukera da webgunea, Morilloren irudiko. «Zenbat eta aukera gehiago egon (gurean euskal sortzaile eta irakurleentzat), orduan eta hobeto (euskal) gizartearentzat». Pentsatzen du, gainera, gisa horretako ideia batek «ametsen espektroa» zabaltzen lagunduko duela. Irakurleak, idazleak eta argitaletxeak harremanetan jartzeko «modu desberdin bat» proposatu zieten webgunekoek. «Gure lana euskarazko testuak begiratzea da».
Iradiren ustez, «galbahe lana» egiten dute plataformako irakurleek haien iritziekin. «Argitaletxeei lana errazteko modu bat ere bada. Izan ere, badakizu irakurleek baloratutako liburu bat dela, gustukoa izan dutela». Egin dezakeen galbahe lanari ez, sortzaile berriak aurkitzeko ematen duen abaguneari ematen dio garrantzia Morillok. «Irakurleak, hala, okasio paregabea edukiko du sortzaile desberdinak edo ezkutuak aurkitu eta dastatzeko».
Mendigurenek, baina, ez daki euskaraz beharrezkoa ote den halako plataforma bat. «Dauden argitaletxeek, ondo edo gaizki, jasotzen dutena irakurri eta epaitzeko lana hartzen dute». Hori bai, Entreescritoresek proposatzen duen berezitasuna iruditzen zaio, aukeraketa argitaletxe bateko irakurleek egin ordez, erregistratzen diren irakurleek egitea, «modu demokratiko batean». Halere, duda egiten du euskaraz hainbeste irakurle izango ote dituen; «ea zenbat erregistratuko diren benetan, zenbatek irakurriko dituzten testuak, nortzuek baloratu…». Izan ere, uste du «gaztelaniazko mundutik» pentsatuta dagoela plataforma. «Euskarazkoa oso desberdina da. Hasteko, denok txikiak gara; hemengo handiena ere txikia da gaztelaniazko argitaletxe batekin konparatuta». Badaki Morillok plataformak euskarazko oso irakurle gutxi dituela, «tamalez». Asmoa ez da «samalda bat» irakurle erakartzea, «ez baitago». «Mokoka-mokoka gure habian adreilutxo batzuk gehiago jartzen laguntzea da helburua». Argi dauka, «gure txikian» ez dela «lasterbiderik».
Errotetaren esperientzia
Ohiko argitaletxeen babesa ezin lortu duen edo babes hori gabe bere kabuz plazara atera nahi duen sortzaileari bide hori errazten hasi zen Erroteta zerbitzua, duela hamar urte. Jendeari lanak kaleratzeko aukera ematea zen hasieran haien asmoa, Joseba Berriotxoa zuzendariaren hitzetan. Aukeratutako tiradaren, eta tamainaren eta edizioaren kalitearen araberakoa izaten da egileak liburuagatik ordaindu beharrekoa. «Egun, liburu erraz batek, neurri txikikoa, eta tirada laburrekoa, 500 euroko kostua dauka», argitu du Berriotxoak.
Errotetak—Euban (Bizkaia) dauka bulegoa—, baina, eskaintza dibertsifikatu du azken urteotan, eta «idazle ezagunagoen» lanak ere kaleratzen dituzte. «Kasu horietan, ohiko argitaletxeek bezala lan egiten dugu». Eta badute, gainera, erdibideko eredu bat: «Egileak baldin badaki liburuak ez duela ibilbide luzerik izango, akordio batera iristen gara eta erdibana ordaintzen dira gastuak». 20-25 bat liburu kaleratzen dituzte urtero, horien %60, «gutxi gorabehera», euskaraz. «Zabalik gaude aukera guztiak aztertzeko». Argitaletxeak ez daukala ildo argi edo nabarmenik, alegia.
Mendigurenen iritziz, berriz, argitaletxe batek «bere estiloa, estetika, ideologia, gustua…» bilatu behar du. «Dena delako irizpideen arabera argitaratu behar dira liburuak. Beste bide hori [Gauminek entreescritores plataformatik hautat dezakeenaz ari da], aleatorioko ateratzearena, iruditzen zait, pixkat bat, nortasuna galtzea bezala». Gauminen ildoa «zabala bezala estua» da, Morillok aitortu duenez. «Barrura iristen zaigun zerbait izan beharra dauka». Hasieratik zeukaten argi nahi zutena: haien txikitik euskal irakurleak sortzen laguntzea, bereziki gazteen artean. «Horretarako, erakargarri zaigun zeinahi ahots, gai, formatu, jardun eta esperimenturi ekiteko prest gaude». Ez du ildo argi baten faltaren adibidetzat hartzen plataformarekin kolaboratu izana. «Gugana jo zuten laguntza eta lankidetza eske. Gauminek euskararen bidea zabaltzen eta argitzen laguntzeko ametsa du, eta probatu zitekeen ideia iruditu zitzaigun».
Mayak ere probatzea erabaki zuen. Argitaratu izan ditu olerkiak eta artikuluak euskal hedabideetan, eta iazko azaroan Chansons d’amour, ilargi beterik gabeko gauak kaleratu zuen Maiatz argitaletxearekin. «Argitaratzeko beharra nuelako zintzilikatu nuen nire euskarazko eleberria plataforman, eta, beharbada, bestela ere aurretik argitaletxeetan ukatu didatena, euskal irakurleek onestearen itxaropenarekin». Orain arte Txalaparta, Pamiela, Alberdania eta Susa etxeetara bidali izan ditu bere olerki bildumak, eta beti ezezkoa jaso dute. «Ezezkorako argudioak lanen kalitatea eta arrazoi ekonomikoak zirela esan izan didate».
Elkarrek «lau edo bost liburu» botatzen ditu atzera bat publikatzen duen bakoitzeko, Mendigurenek azaldu duenez. «Horien artean batzuk dira txukunak, eta zalantza askoren artean atzera botatzen direnak, arrazoi batengatik edo besteagatik. Beste batzuk oso kaxkarrak dira; idazten ere ez dakiten pertsonenak-eta. Printzipioz, denak jasotzen eta irakurtzen ditugu».
«Ezezagunari beldur»
Berriotxoak onartu du kaleratu izan dituztela kalitaterik gabeko liburuak. Dena den, Mendigurenek gauza bat utzi nahi du argi: «Ezin da esan editorerik gabe kalitaterik ez dagoenik; hori ez da egia. Batek oso ondo idazten badu, eta erabakitzen baldin badu berak egitea liburua —editoreengan konfiantzarik ez duelako edo berak kontrolatu nahi duelako prozesu osoa—, oso ona izan daiteke».
Morillorentzat, baina, «iritzi (ekonomiko eta intelektual) interesatu asko» dago autoeditatutako liburuen gainean. «Zenbaiten ustez arriskutsuak dira. To! Kalitaterik ezin dela bermatu errepikatzen da, esaterako. Baina hain nabarmena balitz, berehala antzemango liokete irakurleek, eta baztertu!». Mendigurenek bezala, Gaumineko editoreak uste du liburuaren arlo guztiak zaintzeko abagunea eskaintzen diola autoedizioak egileari, «obra aberastuz». Uste du, ordea, «kontua» beste bat dela. «Aldagai asko daude ekuazio horretan;eta gizakiok ezezagunari beldur beti».
Baina badira, Elkarreko editorearen iritziz, «kapritxoz, edo benetan sormen min, gogo eta nahi bati erantzunez» haien lanak plazan ikusi nahi dituztenak. «Eta beste aukerarik ikusten ez baldin badute, hauek [autoedizioak] bide zilegi eta aitzakiarik gabekoak dira». Eta aukera edukita ere, halere, argitaletxeen iragazkitik eta editorearen epaitik, baiezkotik edo ezezkotik, aldentzen diren sortzaileak badaude.