Goizalde Landabaso / 2013-09-10 / 247 hitz
Ursouia, Itchasou, Irouleguy, Aussurucq eta Tchoko maitia. Aspaldi dabilkit buruan Joseba Sarrionandiaren poema. Ruper Ordorikak kantatua. Ia-ia lurrari dei egiten dion antigoaleko izenen soka erlijiosoa da. Abestian ez bezala, baina, gerorako akaso izen zaharrik ere ez da geldituko. Ez dakit zergatik liluratzen duen hainbeste berria den orok. Zaharrak heriotza gogorarazten digulako? Hilkortasuna agerian uzten duelako? Batek daki. Kontua da zenbat eta berriago orduan eta hobea dela zenbaitentzat. Etxe zahar eder baina zirriztuak eraisten dituzte berri eta arima bakoak eraikitzeko. Hiri eta herri berriak goratu nahi dituzte hutsetik hasita. Izen zaharrak desagerrarazten dira plaka soil batekin. Zazpikaleak aspaldi dira Alde Zaharra Bilbon. Bai, ez leku denetan; metroan Casco Viejo da. Tra(d)izioa aipa lezakete hautu batzuk egiteko, itsatsiago dagoela gizartean eta blablabla. Ez zaitzatela engainatu, tradizioa suntsitzen ari diren izen horiek dira.
Hamaika adibide eman diezazuket, eta ziur nago, zuk ere beste horrenbeste eman diezadakezula. Lantokitik egunero ikusten dut Deustuko Botika Zaharrean kokatuta dagoen erietxe pribatu batean letra larriz «Zorrotzaurre». Zer nahi duzu esatea? Hazkura ematen dit. Eta ez ezazu okerretik hartu, Zorrotzaurreren kontra ez dut ezertxo ere ez. Izenak berak adierazten duen legez, Zorrotzaren aurrean dagoen zatia da, hau da, inoiz dirurik bada eta Deustuko zati hori Manhattan bilbotarra bilakatzen badute Abrara begiratuko (eta begiratzen) duen azken-azken muturrean dagoena. Botika zaharra da, ordea, kokatuta dagoen tokia. Ezjakintasunetik izango du. Zabarkeriatik, agian.
Kontuak kontu, ez dakit jabetzen ote diren izen zaharrak lurperatu ahala gure iragana ere hobiratzen ari direla. Alegia, izan ginena ezabatzen dutela; eta bide batez, izango garena.