Javier Yanguas, Matia Institutuko zuzendari teknikoa: «Etxea berreskuratu beharko genuke adinekoen arretarako baliabide gisa»

Urtzi Urkizu / 2013-09-05 / 746 hitz

Gerontologia modu integral batean lantzearen eta pertsonen iritziak aintzat hartzearen aldekoa da Javier Yanguas. Haren ustez, pertsona bakoitzak behar ezberdinak dituelako.

Psikologia biologikoan doktorea da Javier Yanguas (Donostia, 1963). Adineko pertsonekin lotura duten hainbat elkartetan ardurazko karguak izan ditu azkeneko urteetan. Erorikoen berehalako antzemate sistema bat asmatu zuen beste ikerlari batzuekin batera. Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan parte hartu du aste honetan Donostian, zahartze aktiboari buruzko saioetan.

Gerontologia orain arte adineko pertsonen eguneroko bizitzatik aparte egon dela esan duzu udako ikastaroetan. Asko sumatzen al da hori?

Gertatu izan dena da gerontologia ospitaleekin lotuegia egon dela. Baliabideak jarri dira, bai, baina nola? Esate baterako, zahar etxeak Donostian Intxaurrondon edo beste auzo batzuetan egin dira, erdialdetik urrun. Oinarrizko ideia izan da adineko pertsonak bere etxetik atera eta norabait eramatea. Horrekin, pertsonak bere biografia eta nortasuna galtzen ditu. Etxebizitza berreskuratu beharko genuke baliabide gisa. Kontrako bidea egin beharko da, pertsonen etxebizitzetara itzuli, eta han kokatu arreta. Horrek ez du esan nahi, inola ere, zahar etxeak edo ospitaleak behar ez direnik. Baina adineko pertsonekin autonomia landu beharko genuke gehiago.

Zabaldua dago elbarriak integratu nahi direla gizartean, nahiz eta horretarako hirietan zailtasunak egon. Adineko pertsonekin, berriz, ez da gauza bera egiten. Ematen du azkenekotan daudela, eta ez duela zentzurik borrokatzeak hobeto egon daitezen. Ez luke hala behar.

Zer garrantzi du adineko pertsonarentzat bere etxean egoteak eta autonomia izateak?

Ikaragarria. Euskal Herrian behintzat garrantzia erabatekoa da. Kontuan izan behar da etxea erosten dugula eta familia osoaren kokapena etxean egiten dela, biografia osoa hartzen du kasu askotan. Etxearen inguruan sortzen da pertsonaren identitatea, bere auzo edo herriarekin. Pertsona hortik ateratzen baduzu, bere segurtasun eta tresna guztiak ukitzen dizkiozu. Gerontologia modu integral batekin ikusi behar dugu. Kontua ez da bakarrik gizarte eta osasun zerbitzuak ematea. Hiri batean bizi bazara, hiri ikuspegiarekin pentsatu behar da; hiriak gazteentzat, elbarrientzat eta adineko pertsonentzat ere badira. Pentsatu behar da gertuko ekonomia suspertu eta komunitatearen sentimendua nola bultzatu. Sare informalak ere planteatu behar dira, jendea babestua senti dadin. Beste ikuspegi bat behar dugu, integralagoa. Teknologia ere garatu beharko da arreta eta zerbitzuak hobetzeko. Auzoko edo herriko botikek, dendek eta bankuek zer rol joka dezaketen ere planteatu beharko da. Bizikidetzan gauzak nola izan behar diren pentsatu behar da. Erronka asko ekartzen ditu horrek, beste politika batzuekin lotuta baitago. Zoritxarrez, duela 30 urteko erakunde arkitektura daukagu. Gaur egungo beharretara egokitu beharko dugu denok, berrikuntzekin.

Etorkizuneko erronken artean arreta pertsonalizatzea nabarmendu duzu. Nola landu daiteke hori?

Gu dagoeneko ari gara hori lantzen, esate baterako Etxean Ondo proiektuan. Pertsonen iritziak, balioak eta sentimenduak aintzat hartzea funtsezkoa iruditzen zaigu. Horregatik, pertsona bakoitzari gauza ezberdinak eskaintzen dizkiogu. Pertsona bakoitzak dituen beharrei erantzun behar diogu. Elikadurarekin zerbait orokorra egiten bada, adibidez, pertsona bati ezin diozu inposatu berak hori nahi ez badu. Horrek etikarekin ere lotura du. Pertsona bati ezin diot nahi ez duen zerbait inposatu, nahiz eta jakin hori ondo legokeela. Kontu delikatua da, dena den.

Azkeneko hamar urteetan hainbat ikerketatan parte hartu duzu. Horietako batean ondorioztatu da zahartzaro hobea dutela bikotekidearekin bizi direnek bakarrik daudenek baino.

Bai, hori horrela da. Batez ere gizonezkoengan da nabaria. Gizon bat alarguntzen bada, beti kasu handiagoa egiten diogu emakume bat alarguntzen denean baino. Gizonak ahulagoak gara, eta hori nazioarteko ikerketa guztietan ageri da. Gizon bat alarguna bada, eta adinekoa, kontuz ibiltzeko esaten da behin eta berriz.

Beste ikerketa batean jasotzen denez, adineko pertsonen lehentasunak ezberdinak dira Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzean.

Batetik, kontuan izan behar da adinekoen bizi-kalitatea azaltzeko aldagai asko daudela. Adineko pertsonen artean aniztasun handia dago, gainera. Batzuetan, ematen du errepide berean edozein auto sartu nahi dugula. Baina, tokiaren arabera, jendeak ez ditu behar berberak. Donostian edo Bilbon bizi denak behar batzuk ditu, eta Errezilen edo Lizarragan bizi den adineko pertsonak, beste batzuk. Zergatik eman behar diezu denei gauza bera, pertsona bakoitzak behar ezberdinak baditu? Herri txiki askotan adineko pertsonak beste modu batean babestuak daude, dendariekin eta bizilagunekin harremanak bestelakoak direlako. Eman diezaiogun bakoitzari behar duena.

Teknologia aldetik aurrerapen handiak al daude adineko pertsonei laguntza emateko?

Bai, aurrerakuntza handiak egin dira Euskal Herrian, eta egin beharko dira. Indarguneak dauzkagu alor horretan. Zenbaitetan, zahartzaroaren erronka ezkortzat hartzen da, eta planteatzen da ea zenbat diru jarri beharko den. Baina zahartzaroaren erronka ez da gure herrikoa bakarrik, mundu osokoa baizik. Duela bi hilabete Txinatik etorri ziren Donostiara, ikusteko zer egiten dugun. Erronka ezkor horren zentzua aldatu behar dugu, erronka baikorra balitz bezala. Euskal Herrian ditugun metodoak, softwarea, eta egiten ditugun beste tresna batzuk munduan sal ditzakegu. Gainera, kontuan hartu behar da teknologia funtsezkoa dela etxeetan bizi diren adineko pertsonak kontrolatzeko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.