Iñigo Aranbarri / 2013-09-29 / 248 hitz
Irailak 26 ditu eta automobila lurpeko parkingetik ateratzera zoaz. Hurreratu zara makinara, sartu duzu txartela eta pantaila gainean pausatu duzu hatza. Keinu mekanikoa duzu. Atzamar bera, antzeko makinetan, bandera bera beti kanpoan bazabiltza.
Bestela, ikurrinari sakatzen diozu aukera ematen badizu, ez koloreengatik, ezpada hizkuntzagatik, susmoa duzulako estatistiketan agertuko dela mintzaira bakoitzaren erabilera ere, eta ez zenuke nahi zurea kentzerik. Hala ez denean gorri-horiari eman ohi diozu. Ez du zure beharrik, arrazoi praktikoak nagusitzen dira. Berdin egiten duzu Interneten zabiltzanean, edo turista hor barrena, izan museoa edo jatetxea. Zirrizturik gabe ulertu nahi duzu esaten zaizuna.
Ordaindu eta bazoazela hasi dira zirtolari ilaran atzekoak. Mexikarrak dira, eta madrepatriaka entzun dituzu, algara gaiztoan. Eta orduan ekarri du solasak absurdoa. Eurek, zergatik behartzen duen makinak bandera arrotz bat sakatzera norberarena den hizkuntzan artatzeko. Zuk, gaiztoago, banderak ez dituela lurralde bateko hizkuntzak egundo hartzen. Ia bota diezu Arestirena: «Cierra los ojos muy suave / Meabe / pestaña contra pestaña / que solo es español quien sabe / Meabe / las cuatro lenguas de España». Areago, ezta Mexikon bertan ere.
Etxerakoan, errotaren kirrinka ganbelan. Zer behar dago banderena? Euskararen analogia marjinal eta gerokoa bazter utzita, topatu duzulakoan zaude: estatu bat, bandera bat, hizkuntza bat. Kolonialismoaren logika diseinura aplikatua. Entzun duzu hitza, la madre patria. Eta zeure burua ikusten duzu Belgraden edo Marrakexen, diru beharrean keinu mekanikoa egiten. Eta banderatxoa pantailatik: «banekien itzuliko zinela».
Irratia piztu duzu. Hizkuntzez ari dira, eleaniztasunaz, mugak gainditzeaz, despolitizatzeaz eta aberastasun komunaz.
Hizkuntzen egun europarra ospatzen da gaur, gogorarazi dizute.