Angel Erro / 2013-10-16 / 152 hitz
Bitan gertatu zait oso denbora gutxian. Bi aldiz gaizki ulertu dut notizietako titularra. Kezkatzen hasita nengoke (prentsa egunero arakatu behar dudan heinean), batez bestekotasunak lasaituko ez banindu.
Egunotan plazaratu duten hezkuntzari buruzko txostenean irakurketa-ulermena ez dabilkigu kriskitinka egoteko moduan. Aurrekoan institutu batean Historiako eskolak ematen dituen irakasle berri eta ondorioz oraindik txundibera batek kontatzen zigun esaldi bakun eta erraz batek zenbat arazo sortzen ahal zizkien gaurko ikasleei. Ni berarekin batera harritzen nintzen, orain nire buruarekin bezalaxe.
Igandean, Errusian gertatu eraso xenofobo batzuen harira, 1.200 lagun atxilotu zituztela irakurri nuen eta une batez damutu nintzen Errusiako gobernuari diodan herraz, uste izan bainuen atxilotuak erasotzaileak zirela. Gero ohartu naiz 1.200 lagun horiek etorkinak direla denak, erasotuak.
Gauza bera, Lampedusako (lehen) urperatzearen ondorioz, agertutako notizia batekin: hildakoak italiar nazionalduko zituzten, bizirik salbatutakoak salatuko. Ongi idatzia zegoen, baina nik aldrebes ulertu nuen. Benetan. Ez da zutabea osatzeko trikimailua.
Esan gabe doa nahiago dudala nire logika, kazetena baino.