Izokinak Yemenen

Zihara Enbeita / 2013-10-23 / 249hitz

Gure semea -ago fasean dago. Aurrekoan nioen legez etengabe besteak baino -ago izateko norgehiagokan. Nor lehenago, nor arinago, nor handiago, nor listoago. Eta alferrik, Idurre Eskisabelek dioen moduan, gure etxeko hiztegian -ago eta -ena ez daudela esatea. Alfer-alferrik. Praktika bestelakoa da. Gurasoak ere parkean norgehiagoka bera erabiltzen dute euren autoestimurako. Txarra zein ona izan. Besteek baino lo gutxiago egitea edota besteak baino gaiztoago izatea ere norberaren alde erabiliz.

Bitartean batzuk apurka-apurka martziano itxura hartzen goaz, eta konturatu gabe antenak ateratzen hasi zaizkigu. Gurasoak izan aurretik zelan edo hala bagenekien zer gura genuen bizitzan. Behin guraso titulua hartuta, badakigu, edo hala uste dugu behintzat, zer ez dugun gura eta zer gura dugun gure ondorengoentzat, badakigu zein heziketa mota gura dugun, zein eratako mundua irudikatu gura dugun. Eta horregatik, askotan batzuok ez ditugu gehiengoak maite. Berba hori ezin dugu entzun ere egin. Argi ikusi dugulako askotan gehiengoak ez dabiltzala zuzen. Eta gutxiengo sentitzen gara ikastolan, parkean, familiartean, lagunartean eta inoiz bikotekidearekin.

Izokinak moduan, korrontearen kontra bizi behar dugula ulertu dugu. Paul Torday-en Izokin arrantza Yemenen (Salmon fishing in Yemen) liburuko Eskoziatik Yemenera eroandako izokinen moduan sentitzen gara batzuetan, gure habitatetik kanpo, lur harrotzean. Baina burugogorrak gara, eta saltoka-saltoka bidean gora goaz, trabei izkin eginez. Korronteak indar handia du, ordea, eta urak berarekin eramaten gaitu askotan. Soinean dugun motxilak pisu handiegia duelako. Belaunaldiz belaunaldi betetzen joan den motxila hori. Eta horrelakoetan geure buruarekin haserretzen gara, ez dugulako korrontearekin bat igeri egin gura, gu izokinak garelako. Konturatu gabe izokinetik beste dugula beste arrainetatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.