Aitor Aretxaga / 2013-11-27 /540 hitz
IPad Air tableta berria eta iOS 7 sistema eragilearen eguneraketa izan dira Applek urrian Londresen egindako biltzarreko izarrak. Jendearen artean txalo gehien eragin duen iragarpena, baina, aurrenekoz softwarea doan emateko erabakia izan da. 2013. urtea sendo ixteko asmoz, Applek berrikuntza ugari aurkeztu ditu.
Londresko Keynote bilkuran aho bete hortz utzi zuen mundua Applek. Bosgarren belaunaldiko iPad berrien aurkezpena eta Mac ordenagailuentzako sistema eragilea doako egitea izan ziren berrikuntza nagusiak. Beste hau ere ederra: Apple gailu berri bat erosten dutenei doan emango dizkiete iWork bulegotika paketea eta iLife multimedia programa bilduma.
Bestelakorik ere ekarri zuen urriak Cupertinoko enpresan. IOS 7 telefonoentzako eta tabletentzako eguneraketa eskuragarri dago iPhone eta iPadetan. Itxuraz, eguneraketen eta baliabideen kudeaketa naturalagoa ekarri ditu horrek. Ondo dagoena imitatzea zilegi da, eta Android sistemari kopiatu dizkiote jakinarazpenen goiko txokoa, atzeko planoko aplikazioen kudeaketa eta konektatzeko teknologien beheko panela.
Doan eman, geroago jasotzeko
Mac ordenagailuen sistema eragilearen azken bertsioa doan emateko Appleren erabakiak interpretazio asko izan ditzake. Hasteko, bistakoa da hura deskargatu eta erabiltzera ausartuko direnak gehiago izango direla. Eta horrek, beste sistemetako bezeroak erakartzeaz gain, software denda itxira edo App Storera bideratu ditzake audientzia berriak. Ez da salbuespena gainera, estrategia aldaketa baizik. MacOS X Mavericks honetaz gain, ondorengoak ere horrela izango dira. Applek egoera berria baliatu zuen Microsoft lehiakidea zigortzeko. Windowsen eta Officen ordainpeko lizentziak kritikatu, eta haien baliokideak Mavericks eta iWorks goraipatu zituen, alegia.
Tableta hoberenak izaten segitzeko iPadak
IPad Air eta iPad Mini Retina berriak aurkeztuta, tabletetan parekorik ez duela erakutsi du berriz ere Applek. Nexus lerroko tableten erronkari eutsi, eta gainerako lehiakideekin aldea handitzea lortu dute oraingoan. Kalitatea areagotu, eta besteek eskaintzen ez dutena dakarte iPad berriek. Beste behin ere, tableten merkatuan erreferente izatera itzuli da iPad marka, Air eta Mini aldaerekin. Salgai daude azaroaren 1etik Euskal Herri osoan. Zurian edo beltzean eros dezakete erabiltzaileek.
IPad Air da Appleren harribitxia, eta aurreko bertsioak baino arinagoa izateagatik datorkio izena. Tabletaren hamar hazbeteko tamainari eutsiz, markoa %43 txikitu diote, pantailaren mesedetan. Lodiera eta pisua ere murriztu dizkiote, 7,5 milimetrora eta 453 gramora, hurrenez hurren.
Beti esan ohi da tabletak nahiko erraz hausten direla. Halakorik gerta ez dadin, inoizko iPadik gogorrena omen da honakoa, gainera. Hardware aldetik, berriz, etxeko A7 prozesagailua jarri diote. Eta, horri esker, aurreneko iPada baino zortzi aldiz bizkorragoa eta grafikoki 72 aldiz ahaltsuagoa da.
Gailuaren beste zehaztapenak aipatze aldera, 5 megapixeleko iSight kamera dauka. 1080p bereizmeneko bideoak grabatzeko balio du kamera horrek, besteak beste. Aurreko aldeko FaceTime HD kamera aldatuta, bideokonferentzien kalitatean jauzia nabaria da. Alde bitarako mikrofonoa dauka; horrela, aldi berean hitz egitea dago, solaskideek elkar zapaldu gabe. 479 euro balio duen wifidun sinpleenetik hasita eta 699 euroko LTE konexioa duen iPadera, bertsio desberdinak dira merkatuan jarri dituztenak.
Gainera, iPad Mini edo Appleren 7 hazbeteko tabletaren urteurrenean, haren eguneraketa merkaturatu dute. Mini Retina jarri diote izena. Pantailaren bereizmena 2.048×1.532 pixeletara igo, eta iPad Air handiagoenarekin parekatu dute. Honi ere A7 txipa txertatu diote, handiaren antzeko errendimendua lortu ahal izateko.
Hala ere, gutxiagorekin nahikoa dutenek, aurreko iPad Mini txikia eskuragarri izango dute dendetan, Mini Retina berriak ez baitu ordezkatuko. Zaharra 299 eurotik hasita dago salgai, eta berria 399 eurotik aurrerako bertsioetan merkaturatzea erabaki du Applek.
Berrikuntza horiek gutxi ez balira bezala, itxura guztien arabera, 13 hazbeteko iPada ere laster iragarriko dutela zabaldu da hainbat lekutan.