Iker Tubia / 2013-11-22 / 393 hitz
Autismoa duten haurrentzako 2.000 piktograma jarriko dituzte Nafarroan leku publikoetan, ingurukoekin hobeki komunikatzeko aukera izan dezaten.
Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela esan ohi da. Batzuentzat, gainera, irudiak eleak dira, komunikatzeko bidea. Autismoa duten haurren kasua da hori. Hitzezko hizkuntza garatzeko zailtasunak dituztenek piktogramak erabil ditzakete ulertzeko eta ulertuak izateko. Hizkuntza unibertsala, alegia. Helburu horrekin, ANA Nafarroako Autismo Elkarteak piktogramak jarriko ditu eremu publikoetan, autismoa dutenek hobeki identifika ditzaten. Guztira, Nafarroako 2.000 tokitan paratuko dituzte.
«Utopia zena gaur errealitatea da». Pozez zoratzen, irribarreari ezin eutsirik aurkeztu du egitasmoa Amaya Ariz ANAko presidenteak. Proiektu horren bitartez, autismoa duten haurren komunikazioa erraztu nahi dute. Izan ere, haien agendetan dauden irudiak egingo dituzten jardueretan ikusteko aukera izanen dute.
Zortzi hilabeteko lanaren fruitu dira piktogramak. Lan horretan, Kukuxumusu izan dute bidelagun. Mikel Urmeneta eta Mikel Santos Belatz marrazkilariek kolorez beteriko piktogramak sortu dituzte. Ezohikoak. Haiek 58 egin dituzte, eta gainontzekoak ARASAAC Komunikazio Handigarri eta Alternatiboaren Aragoiko Atariak lehenagotik sortuak dira. Zehazki, eraikin publikoak —eskolak, udaletxea, kontserbatorioa…—bigarren horiekin hornituko dituzte.
Gozodendak, okindegiak, autobusak, supermerkatuak, tabernak, gimnasioak… Kukuxumusuren koloreek atonduko dituzte. Kasu batzuetan, bertakotu egin dituzte irudiak. Hala, Iruñeko Villavesa, taxiak, Osasuna futbol taldea edota autobusaren geltokiak marraztu dituzte, besteak beste. Belatz eta Urmenetaren piktogramak dibertigarriak, koloretsuak eta interpretatzen errazak direla esan du Maite Gabilondok, proiektuko koordinatzaile eta Kukuxumusuko kideak. Aitortu du hasieran beldur zirela ez ote zituzten irudi konplikatuegiak eginen. «Piktograma arruntetatik harago joan gara, eta elementu zein pertsonaia gehiago sartzera ausartu gara».
Arizek aurrera egiteko esan zien, eta emaitzarekin kontent dira; irudi «errealistagoak» lortu dituztela diote. ANA elkarteko presidenteak esan duenez, aldez aurretik barneratuz gero, edozein piktograma ulertzeko eta erabiltzeko gai dira haurrak. Gainera, Kukuxumusuren irudi koloretsuak asko maite dituztela azaldu du.
Lau haizeetara
Helburua autismoa duten haurrak laguntzea bada ere, bestelako asmo batzuk ere baditu ANA elkarteak. «Nafarroa osoak autismoa eta piktograma bat zer diren jakin dezan balio badu, gaitz erdi», esan du Arizek. Beraz, haurrak lagundu eta, gisa berean, gizartearen kontzientziazioan sakondu eginen dute eremu publikoetan piktogramak jarrita.
Bi helburu horiek lortuta, irudiak mundu osoan zabaltzea gustatuko litzaiekeela azaldu du Gabilondok. Hainbat elkarte jada harremanetan jarriak dira ANArekin, eta egitasmoa hedatuz joanen delakoan daude. Ez soilik Nafarroatik kanpo. Arizek esan duenez, jada badute beste helburu bat: heldu den urterako piktogramak 5.000 tokitan paratzea. Oraingoz Iruñeko Mankomunitatearekin eta Zabalguneko merkatariekin duten harremanari esker, irudi asko jarriko dituzte, zernahi azaltzeko denek ulertzen duten hizkuntzan.