Mikel Arrizabalaga / 2013-11-29 / 556 hitz
Ausagaztelu mendian dagoen gotorlekua jentilen bizilekua izan omen zen, eta, horregatik, bertan dagoen zuloa ‘Jentilen Labea’ izenez da ezaguna.
Elezaharrek diotenez, Ausagaztelu jentilen bizilekua izan omen zen, baina gaur egun ezagunagoa da Nafarroako erresuma defendatu zuen gotorleku gisa. Antzina artzainen bizilekua izan zela baiezta genezake, Oria ibaiaren ibarretatik Ataun aldeko mendietarainoko ibilbidea egin ohi zuten artzainek ederki ezagutzen baitzuten igarobide natural hori. Aralarko udako larre tokiak eta kostaldeko neguko larreak lotzen zituen (GR 35) transhumantzia bide honek, eta Enirioko galtzada ezaguna zeharkatzen du.
Ausagaztelu
Zaldibiatik Olakosaroi atsedenlekura (Akapulko izenez ere ezaguna) igo gara, eta bertan dagoen aparkalekuan autoa utzi eta gero, ur biltegietara doan errepidean barrena bete ditugu lehen metroak. Asfaltatutako bidea amaitzean, GR 35ari dagozkion bide seinale zuri-gorriek erakutsi digute hartu beharreko bide zuzena, eta, horrela, lauza handiz osatutako antzinako Enirioko galtzadan abiatu gara. Gaintzolako iturria atzean utzi, eta Aitzarteko pasora heltzean marka zuri-gorriak utzi eta PR GI-61arenei (zuri eta horiak) jarraitu diegu. Malda gogortzen hasi denerako Almitzetako borden ondora iritsi gara. Errekontako lepora zuzentzen den xenda utzi, eta larre berdeak zeharkatuz, ezker aldetik Ausokoegiko bordetara heldu gara. Gertu ikusi dugu gailurra, eta inguratzen gaituen paisaiaz gozatuz erraz lortu dugu Ausagaztelura igotzea, 900 metroko garaierara.
Artzain eta ganaduzaleentzat bide nagusia zen Enirioko galtzada, eta gaztelu batek babesten zuen; hortik datorkio izena mendiari. Galtzada horrek Goierri eskualdea eta Irurtzun herria lotzen zituen, eta gaur egun oraindik gaztelua izandakoaren aurriak ikus daitezke. Gazteluaren goiko aldean eta dorre nagusian 1999az geroztik indusketa lanak egin dira, eta, dirudienez, harresiak eta dorre nagusi batek osatzen zuten egitura nagusia. Gailurretik gertu, zulo bat dago, eta, elezaharrak dioenez, Ausagaztelu jentilen bizilekua izan omen zen; horregatik, Jentil Zulo edo Jentilen Labea izenez ere bada ezaguna.
Talaia paregabe honetatik dagoen ikuspegiaz gozatu eta gero, Errekonta aldera zuzentzen den xendatik jaisten hasi gara, eta lepoan Larraiztik datorren bidearekin bat egin dugu. Ataburu aldera doan malda igotzen hasi orduko, eskuin aldetik ikusgaitz den xenda bat aurkitu dugu. Soilik, bertako artzainek eta mendizale beteranoek ezagutzen duten bide honetatik alanbrezko hesiaren ondoraino igo eta gurutzatu egin dugu. Ezker aldetik datorren bide nabarmenarekin bat egin, eta belarrezko tapiza zapalduz Enirioko lurretara jaitsi gara.
Jentilarri eta Enirioko galtzada
Enirioko lurretan, hasieran utzi dugun transhumantziaren bidearekin (GR-35) egin dugu topo berriro. Aralarko ingurune paregabe honek historia luze eta interesgarria du. Euskal Herriko mankomunitaterik zaharrena dela esan daiteke, 600 urteko historia luzea baitu. Mankomunitate horren helburua Enirio-Aralarko mendien kudeaketaz arduratzea da; mendiguneen ustiapen kolektiborako moduaren azken lekukoetako bat da. Abiapuntura itzuli aurretik, kilometro eskas batera dagoen Jentilarriko trikuharri ezaguna bisitatzea erabaki dugu. Trikuharria albo banatan lerrokatutako harriez osatuta dago, eta, gainean, sabai modura du harri handiena. Trikuharri honen inguruan ere bada beste elezahar bat: Kixmi bezala ezagutzen zuten Jesusen jaiotzaren berri izatean, geratzen ziren jentil asko trikuharri honen azpian gorde omen ziren, euren garaiaren amaiera iritsia zela jakinik. Nonbait hau izan zen jentilen heriotza lekua.
Jentilen Labea eta Harria atzean utzi ditugu, eta orain Jentilen Galtzada izan zenaren bila abiatu gara. Etorritako bidetik atzera egin dugu, eta bide seinale zurigorriek erakutsi diguten norabidean galtzada zaharraren arrastoen bila jaisten hasi gara. Galtzadaren parterik handiena nahikoa hondatuta badago ere, pagadi batean txertaturik dauden zenbait tartetan ageri diren harlauza handiek erakutsi digute haren jatorrizko itxura. Jentil indartsuek eramandako harriekin egina omen den galtzada batek abiapunturaino eraman gaitu. Atzean utzi ditugu jentilen kondairak, euskal mitologiako izaki erraldoi eta indartsuak Aralarko paraje hauetan bizi izan zireneko elezaharrak.