Cristina Perez / 2013-12-17 / 543 hitz
Gaur egun, guztien ahotan dago elikadura, osasunarekin daukan erlazioagatik. Elikagai zientzian, aurrerapen handiak izan dira azkeneko hamarkadetan, eta ikerketa horiek diote ongi elikatzea dela biderik aproposena osasun fisikoa eta emozionala hobetzeko eta mantentzeko.
Zientziak frogatu egin ditu elikagaien propietateei buruz orain dela gutxi arte belaunaldiz belaunaldi transmititu diren jakintzak. Aurrerapen zientifiko horiek erakutsi dizkigute, era zehatz batean, elikagaien nutrienteek dauzkaten funtzionamenduak eta gure osasunean egiten dituzten mesedeak. Ikerketa horiek guztiek gauza bera diote: pertsonaren ezaugarri guztiak kontuan dituena dela dieta egokiena, hau da, kontuan dituena bakoitzaren kultura, gustuak, nutrizio egoera, osasun egoera, jarduera fisikoa, ohitura dietetikoak eta bizi ohiturak. Beraz, dieta pertsona bakoitzarentzat pertsonalizatua da; ez dago guztiontzat balio duen dietarik. Aldiz, badago elikagai motei eta nutrienteen beharrei buruzko irizpide unibertsal bat.
Zer esan nahi du dieta orekatuak?
Elikagai orekatuak, elikagai ezberdinak eta kopuru aproposak ditu dieta orekatuak. Pertsona bakoitzaren ezaugarriak kontuan izan behar ditu —pisua, adina, fisiologia, gorpuzkera…—, baita pertsonaren bizi ohiturak ere —jarduera—. Halaber, energia beharrak eta mantenugaien beharrak bete behar ditu dieta horrek, egoera osasuntsua lortzeko.
Elikadura mota eta osasuna
Elikagai zuzen, denetariko eta erabatekoaren bidez lortzen du gure gorputzak normal funtzionatzea, hau da, gure behar biologiko guztiak asetzea. Gainera, elikadura orekatuak gaixotasunak salbuetsi edo murrizten ditu.
Kontuan izan behar da gizartean dauden gaixotasun nagusiek, hala nola hipertentsioak, gizentasunak, diabetesak, gaixotasun kardiobaskularrek eta minbizi mota batzuek, harreman zuzena dutela elikagai desorekatu batekin. Ez dago kausen eta ondorioen efektu zuzena, baina frogatuta dago elikadura ezegokia faktore garrantzitsua dela gaixotasun horiek garatzeko arriskua izateko.
Beraz, energia eta mantenugaien kontsumoak orekatua izan behar du, osasuntsu egon ahal izateko.
Zer dira mantenugaiak?
Elikagaietan dauden substantziak dira mantenugaiak, eta organismoak aprobetxatu egiten ditu, bizitza aurrera eraman ahal izateko. Substantzia horiek proteinak, karbohidratoak, gantzak, bitaminak eta mineralak dira. Mantenugai bakoitzak bere funtzioa du.
Proteinek funtzio estrukturala daukate, hau da, beharrezkoak dira gure gorputzaren zelulak eta ehunak berritzeko eta mantentzeko.
Karbohidratoek eta gantzek funtzio energetikoa dute, eta bizi funtzioak ——arnasa hartu, zirkulazioa eraman, digestioa egin, gorputz tenperatura mantendu, eta abar—— egiteko behar den energia lortzen da mantenugai horien bidez.
Bitaminek eta mineralek, aldiz, funtzio erregutzailea daukate; organismoan egiten diren prozesu metaboliko guztiak ahalbidetzen dituzte.
Mantenugaiak lortzeko hartu behar diren elikagaiak
Elikagaiek ez dituzte mantenugai guztiak era homogeneoan banaturik. Elikagai bakoitzean, mantenugai bat edo beste dago nagusiki; beraz, ondo banatu behar dira elikagaiak dietan, gorputzak ondo funtzionatzeko behar dituen nutriente guztiak izan ditzan.
Horretarako, arau hauei jarraitu behar diegu:
• Asko aldatu behar da elikagai mota, baina ez kopuru handitan hartu.
• Elikagai talde bakoitzetik ere aldatuz joan behar da —barazki ezberdinak hartu, fruta ezberdinak aukeratu…—.
• Bost otordu egin behar dira, bakoitzaren bizi erritmora egokituta.
• Oiba olioa edo beste fruituen olioa hautatu behar da; animalien gantzak, aldiz, baztertu.
Egunero hartu behar dira barazkiak ——bai egosita, bai entsalada moduan——, eta bi fruitu gutxienez.
• Esnekiek gaingabetuak izan behar dute, eta gomendagarria da egunean gutxienez bi ale hartzea.
• Zereal integralak egunero hartu, otorduak ogi integralarekin lagunduz.
• Pasta integrala, arroz integrala edo lekaleak astean bitan jatea gomendatzen da.
• Astean lau aldiz, haragia ——hautatu gantz baxuko haragiak——, arraina eta arrautza.
• Ur nahikoa edan behar da, esaterako, egunean litro bat ur gutxienez.
• Elikadura orekatuari bizi ohitura aktibo eta osasuntsuekin laguntzen bazaio, ezin hobeto mantenduko da pertsonen bizi kalitate fisikoa eta emozionala.