Erredakzioa / 2013-12-18 / 182 hitz
Fernando Reyk eta Mikel Vilchesek egin dute ‘Baztan’ trilogiako bigarren nobelaren itzulpen lana.
Zaindari ikusezina nobelan bildutako frogak erakusteko prest dago Amaia Salazar inspektorea, Foruzaingoaren homizidioen arloko burua, Hezurren ondarea nobelaren hasieran. Baina akusatuak bere buruaz beste egin du, hitz bakarreko oharra utziz: «Tarttalo». Zaindari ikusezina-ren ondoren argitaratua, Hezurren ondarea Dolores Redondo idazle donostiarraren Baztan trilogiako bigarren liburukia da. Gaztelaniaz kaleratu zuen lehenik Destino argitaletxeak, jatorrizko bertsioan (Legado en los huesos), eta berehala iritsi da euskaraz ere plazara, Erein argitaletxeak argitaratua Fernando Reyk eta Mikel Vilchesek egindako itzulpenari esker. Trilogiako lehen liburua ere —Zaindari ikusezina— Ereinek kaleratu zuen, Josu Zabaletak euskaratuta.
Dolores Redondoren Hezurren ondarea nobelaren itzulpenak lan handia eskatu die Reyri eta Vilchesi, Reyk adierazi duenez, baina gozatzeko eta ikasteko ere balio izan die. Nobela Nafarroan kokatzen denez, nafarreraren ukituak eman dizkiote euskarazko bertsioari, naturaltasuna eta sinesgarritasuna bilatuz. Bi itzultzaileok «nafarrera normalizatu bat» irudikatu dute pertsonaia guztiak euskaraz hizketan jartzerakoan, Amaia Salazar inspektorea bera bezala guardia zibilak.
Baztan trilogiaren ardatz nagusia hilketa bat eta haren inguruko ikerketa bada ere, familia harremanen inguruko gogoetarako bideak ere zabaltzen ditu Hezurren ondarea nobelaren irakurketak.