Iñigo Astiz / 2013-12-20 / 451 hitz
Euskal Herrira etorri direnen esperientzia eta antologia literarioak dira ‘Erlea’ aldizkariaren 7. zenbakiaren bi ardatzak.
Igokunde batez mintzo da Bernardo Atxaga idazle eta Erlea aldizkariaren koordinatzailea. Gerra aurreko euskal literaturaren estutasunetik, gaur egungo sendotasunera. «Arazoak arazo, Euskal Herriko kulturgintzak maila asko igo ditu, eta kokatu da orbita nahiko aberats batean». Eta hor kokatu du Erlea-ren jaiotza. «Kultura sofistikatu guztietan, maila handiko kultura guztietan dago halako aldizkari bat. Kanadan badute Brick aldizkaria, AEBetan badute Paris Review, Londresen badago London Poetry…». Azaltzen duenez, erreferente horiek zituen buruan Atxagak Euskaltzaindiari Erlea abiatzeko proposamena luzatzerakoan. Zalantza ere egin zuela aitortu du, baina pozik dago emaitzarekin. «Hasieran ez nekien halako indarrik egongo ote zen, baina denborak erakutsi du indar hori badagoela eta hemen izan dezakegula Brick, Paris Review edo London Poetry aldizkarien pareko zerbait». Baikor idazlea. Zazpigarren alea aurkeztu du orain.
Osotasun gisa landu nahi izan du Atxagak aldizkaria, eta bi ardatz nagusi hautatu ditu horregatik; «bi atmosfera». Euskal Herrira etorritakoen esperientziari buruzkoa da bata, eta literatura antologiei buruzkoa bestea. Kanpotik heldutakoen lekukotasunak bildu ditu horregatik Atxagak, baita kanpotik heldutako gurasoak dituzten sortzaileen ekarpenak ere. Juan Carlos Perezen lekukotasuna dakar, esaterako, baita Garbiñe Biurrunena ere. Eta Euskal Herrian egindako antologiei buruzko testuak daude gero. XIX. mendeko poema antologia bati buruz idatzi du Iñaki Sarriugartek, adibidez, eta Emeterio Arreseri buruz aritu da Koldo Izagirre.
Baina aldizkariak eutsi egin dio orain arteko atalei ere, eta Antonia Manoti egin dio objektuen bidezko elkarrizketa idazleak, Jon Paredes Manot Txiki-ren amari. Eta justifikatu du hautua. «Hemen inoiz egon badira bi komunitate, etorritakoak eta bertakoak, egon zen momentu bat, tragikoa, bi komunitateek eduki zutena elkartzeko aukera izugarria, eta hori izan zen Jon Paredes Manot Txiki fusilatu zutenean. Extremadurako mutil bat, borroka armatuan ibili zena, eta azkenean fusilatu egin zuten. Istorioa oso tragikoa da. Eta zergatik ez egin elkarrizketa bere amari?».
Sarrionandiari elkarrizketa
Ez da aldizkariko solasaldi bakarra. Joseba Sarrionandiari elkarrizketa egin dio Joxemari Iturraldek, eta Miguel Sanchez-Ostizi Alberto Barandiaranek. Jon Benito, Lucien Etxezaharreta, Mikel Urdangarin eta Karmele Jaioren poema eta ipuinak ere badakartza aldizkariak, besteak beste, baita zenbait libururen gaineko kritikak ere. Urtean bi zenbakiko agerpena izan du orain arte Erlea-k, baina zenbaki bakarra izango du urteko hemendik aurrera.
Gutxiengoaren alde aritu da Atxaga aldizkariaren aurkezpenean. «Jaialdi makro eta futbol partidu makroen aurrean, egia da gurea gutxiengo bat dela, baina kulturaren historia aztertuz gero gutxiak sekulako garrantzia izan du». Zenbakia ere jarri dio, gainera, gutxiengoari. Idazlearen kalkuluen arabera, 1.700 irakurle badaude Euskal Herrian. 1.700 irakurle dena irakurtzeko prest daudenak. Poztekoa iruditzen zaio kopurua, eta aldizkariaren azalera eraman du kopurua. Erlea-7, 1.700en aldizkaria. Baikor. «1.700 pertsonarekin etxe bat egin dezakezu. Erakunde bat altxa dezakezu, zalantzarik gabe».
Karen Amaia, Ernesto Valverde, Mikel Valverde, Jose Ramon Urtasun eta Zaldieroarenak dira aldizkariko irudi, argazki eta ilustrazioak.