Ainara Arratibel Gascon, Lander Muñagorri Garmendia / 2013-12-18 / 1.214 hitz
Orain arte soilik museoek eta arte galeriek zuten beren obren argazkiak Google Art Project plataforman jartzeko aukera. Hemendik aurrera, konpainiak ezarritako baldintzak betez gero, norbanakoek ere izango dute.
Interneten duen Art Project museoa zabaltzeko beste pauso bat eman du Google konpainiak. Museoek, elkarteek, erakundeek eta unibertsitateek beren artelanen argazkiak sarean jartzeko zuten gunea norbanakoei zabaldu die, Open Gallery aplikazioaren bidez. Hala, baldintzak betez gero, edozeinek izango du argazkiak sarean jartzeko aukera. Baldintza horien artean daude balio artistikoa eta argazkien kalitatea. Euskal Herrian, orain arte bi dira museo birtual horretan beren artelanen irudiak jarri dituzten museo eta erakundeak: Bilboko Arte Eder museoak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Biei oso aberasgarria iruditu zaie aukera.
Googlek 2008. urtean jarri zuen martxan egitasmoa. Museo eta arte galeria ospetsuenek bat egin zuten proiektuarekin: Londres ko National Galleryk, New Yorkeko MOMA museoak… Egun 57.000 artelan baino gehiago ditu. Milaka dira bertan ordezkatuak dauden artistak. Iaz 15 milioi bisitari izan zituen. Datuak igoz eta igoz doaz egunero. Erabiltzaileei artelanak kontsultatzeko eta museo horietako batzuetatik bisita birtualak egiteko aukera eskaintzen zaie.
Art Project egitasmoaren bultzatzaile Amit Soodek ez du uste proiektuak bisitariak kenduko dizkienik museoei. «Alderantziz. Artelanak sarean ikusteak museora joateko gogoa handitzen du. Museora joan ostean izandako sentsazioak gogoratzeko ere baliagarria da. Hori bai, onartu behar dut artelana aurrez aurre ikustearen sentipena alderaezina dela», esan zuen duela aste batzuk. Datu esanguratsu bat ere eman zuen: museoan artelan bat ikusten 11 segundo ematen dituzte bisitariek, eta sarean, minutu bat. «Jendeak trabarik gabe ikusten ditu obrak. Gainera, artelanari buruzko datu mordoa kontsultatzeko modua dago, baita bideoak ikusteko ere». Etorkizunari begira, bi erronka dituzte: oraindik bat egin ez duten museo ospetsuak erakartzea eta arte modernoaren eskaintza handitzea.
NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak iaz erabaki zuen proiektuarekin bat egitea. Unibertsitatearen sorreraren 25. urteurrenaren harira, erakusketa bat antolatu zuten unibertsitateak jabetzan dituen koadroekin. «Oso harrera ona izan zuen, eta iruditu zitzaigun bide gehiago topatu behar genituela unibertsitateak dituen margolanak ezagutarazteko, askorentzat ezezagunak baitziren», azaldu du Eloisa Ramirezek, Unibertsitate Proiekziorako errektoreordeak. Den den, horrek ezin zuen kosturik ekarri. «Unibertsitatean kultur jarduerak antolatzeaz arduratzen den lantaldearen bidez, Google Art Project ezagutu genuen, eta aukera ezin hobea iruditu zitzaigun». Hala, Googleko arduradunekin harremanetan jarri ziren, eta proiektuan parte hartzeko hitzarmena sinatu zuten. «Horrekin, irudiak plataforman ezartzeko eta programan sartzeko kodea eman ziguten, eta lanean hasi ginen». Lanik luzeena artelanen argazkiak ateratzea izaten da. «Gure kasuan, zortea izan genuen, gehienak aterata eta digitalizatuta baitauzkagu. Gainera, haiek eskatzen zituzten baldintzak betetzen zituzten irudiek».
Ia berrehun artelan inguru ditu NUPek, baina 103ren argazkiak sareratu dituzte. «Ez ditugu denak sartu, artelan guztien eskubideak ez direlako osorik gureak». Eskubide horiek osorik izanda ere, egileei jakinarazi egin zieten sareko museoan jarriko zituztela. «Egileek artelanak ematean akordio bat sinatzen dugu. Akordio horietako asko zaharrak dira, eta ez da jasotzen Interneten zabaltzeko aukera. Beraz, egokia iruditu zitzaigun jakinaraztea eta baimena eskatzea. Berehala esan ziguten baietz, haientzat aukera handia baita beren lana munduan ezagutarazteko». Iragan astean amaitu zuten irudiak ezartzen: «Litografiak, eskulturak, posterrak, margolanak… Denetik dago. Gehienak Nafarroako artistek egindakoak dira».
Egitasmoan parte hartzeak beste ekinbide batzuk abian jartzeko modua emango diela nabarmendu du Ramirezek: «Datorren urteari begira emakume artistei buruzko erakusketa bat antolatu nahi dugu. Plataformaren bidez, harremanetan jarri gara hainbat museorekin, haiek ere parte har dezaten».
Bilboko Arte Eder museoaren kasuan, Googleko arduradunak jarri ziren harremanetan haiekin. Google Arte Project zabaltzeko bigarren aldian izan zen. «Ordura arte hamazazpi museo bakarrik zeuden sartuta», adierazi du Marta Garcia Marurik, museoko Komunikazio zuzendariordeak. Egitasmoaren abantailak asko direla uste du. Garrantzitsueneko bat munduko museo onenak biltzen diren plataforma batean egotea da. Beste hau ere aipatu du: «Gure helburuetako bat da artea ahalik eta jende gehienarengana eramatea, eta honen bidez lor dezakegu. Adibidez, oso gailu interesgarria da gazteak artera erakartzeko». Museoaren eguneroko jardunari ere mesede egiten diola uste du. «Gure webguneak bisita gehiago ditu, eta bisitariak erakartzeko amua ere bada. Badira obrak sarean ikusi eta museo bisitatzera etortzen direnak».
146 artelan dituzte plataforman. «Batez ere obra klasikoak dira. Dena den, uste dugu oso ikuspegi egokia ematen duela museoak dituen funtsen inguruan». Artelanak aukeratzeko orduan «kalitatea» da erabili duten irizpidea. «Oso selektiboak izan gara. Lehen aukeraketa egin genuenetik, bakarra gehitu dugu. Saiatu gara hemengo arteari presentzia ematen, betiere museoak dituen nazioarteko obrak erantsita».
Artisten zalantzak
Informazioa elkarrekin banatzeko tresna egokitzat ikusten du egitasmoa Asier Mendizabal artista ordiziarrak. «Nik orain dela gutxi erabili nuen, Rembrandten hainbat grabatu ikertzeko». Baina artea informazioa baino gehiago dela uste du. Artelan bakoitzarekin hautematen dena eta pieza bakoitzak sortzen dituen sentsazioak ere bada artea, eta, horregatik, beldur da Google Art Projectek ez diola ikuspegi horri erantzungo. «Nik uste dut arteak baduela ikuslearekin konpromiso bat, eta horren bitartez harreman konplexuago bat sortzen da».
Koldobika Jauregi artista alkizarrak ere ez du gaizki ikusten proiektua, baina alde txarrak ere badituela uste du. «Informazio gehiegi dagoelako sentsazioa sortzen zait». Dena den, jendea artera inguratzeko balio dezakeen heinean tresna ona izan daitekeela dio. Baina ez du uste egoera hori askotan gertatuko denik ere.
Argudio bera erabili du egile berriek euren lanak bertan jartzeko izango duten aukerari buruz. Mendizabalek bat egiten du horrekin: «Informazioa maila berean jartzen da, baina hierarkiak betikoa izaten jarraitzen du». Hau da, oraindaino artea epaitzeko moduek indarrean darraitela. Eta hor arazoaren beste erro bat topatu diote bi artistek. Mendizabalek uste du Googleren tresnan euskal artearen irudiari eragin diezaiokeela.
Ideia horri tira egiten dio baita ere Haizea Barcenilla arte kritikari eta EHUko irakasleak. Lanerako tresna egokia dela nabarmendu du hark ere: «Baina zintzilikatzen dena zer den kontuan hartu behar da». Ildo horretan, Arte Eder museoari kritika egin dio. «Emakumeen lanak ez dituzte erosten». Halakoak gainditzeko modua izan daiteke norberak bere artelanak Googleren jartzea.
—————
Liburuen auzian, garaile
Epaile batek ebatzi du Googlek Booksek ez dituela egile eskubideak urratzen liburu zatiak eskaneatu eta Interneten jartzeagatik. 20 milioi dauzka sareratuta.
Artelanena bezalako beste hainbat plataforma ditu Googlek Interneten. Horietako bat Google Books da. Egileek ez, kasu horretan konpainiak berak eskaneatzen eta jartzen ditu liburuen zatiak sarean. 20 milioitik gora jarriak ditu erabiltzaileen eskura. Eta badirudi kopuru horrek gora egiten jarraituko duela. Izan ere, duela aste batzuk epaile batek arrazoia eman zion konpainiari, Ameriketako Estatu Batuetako Idazleen Gremioak jarritako salaketaren harira. Denny Chin epailearen arabera, Googlek egile eskubideak errespetatzen ditu. Gorte Gorenera jotzea da idazleei geratzen zaien aukera bakarra.
Duela bederatzi urte jarri zuten salaketa idazleek. Google egile eskubideen bidez babestutako liburuen erabilera «bidegabea» egiten zuela argudiatu zuten idazleek, eskubide horiek urratzen ari zela, alegia. Konpainiari 750 dolar (554 euro) eskatzen zizkioten eskaneatu eta sareratutako liburu bakoitzagatik. Auzia galduz gero, hiru milioi dolarreko (2.178.807 euro) kalte ordaina pagatu beharko luke konpainiak.
Chin epailearen ebazpenaren arabera, Googleren jarduerak «onura publiko handiak» eragiten ditu gizartearentzat. Harago doa 28 orrialdeko bere ebazpenean. «Zientzien eta arteen aurrerakuntzan laguntzen du, egile eskubideak errespetatuz eta kontuan hartuz. Izan ere, eskaneatzen direnak liburuen zatiak dira, eta horrek ez du zertan eragin liburuaren salmentan».
Idazleen Gremioko zuzendari exekutibo Paul Aikenek, berriz, esan du aztertu egingo dutela erabakiari helegitea jarri edo ez. «Google idazleak esplotatzen ari da, eta haien lanaz aprobetxatzen. Ondo aztertuko dugu zer egin».
Bada Google Booksen inguruan eztabaida sortu duen beste gai bat: eskaneatzeko orduan dauden akatsak. Konpainiatik kaleratutako langile batek, Andrew Normanek, bideo bat grabatu zuen langileek liburuak nola eskaneatzen zituzten erakutsiz eta egiten ziren akatsak bilduz. Ondoren, erakusketa bat paratu zuen. «Google Bookseko langileek ez dituzte konpainiako gainerako langileen lan baldintzak. Masiboki eskaneatzen dituzte liburuak, kalitateari erreparatu gabe», azaldu zuen langileak.