Txoriak begia dakusa

Hasier Rekondo / 2013-12-08 / 476 hitz

  • Izenburuak: Heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza
  • Egilea: Joxan Artze
  • Argitaletxea: Elkar

Txoriak begia du existentzia eta post-existentzia ulertzeko molde eta galbahe. Begiak sostengatzen duen kosmos harmoniaduna dakusa Poetak (hemendik aurrera P maiuskula erabiliko dut Joxan Artze, Usurbil, 1939, aipatzean), eta horren berri eman nahi digu, minuskula aintzat hartzen duen izaera naif baten jabe. Barrutik barrurako poesia ehuntzeko, elurtzeko, isiltasunez mamitzeko, sortua da bizitza honetara Poeta; sorkuntza tinta beltzez elurra zapaltzearen gisako fantasia eternala dela profetizatu nahi du. «Poesia ez dago hilda (begira zer dioskun ahapetik den zernahik), egotekotan, hilda dagoena poeta izenekoa da; esanezina esateari uko egin diona, entzunezina entzuteari utzi eta gero…».

Luze egon da isiltasunaren unibertsoan poemak noiz helduko Poeta: «Bai, ausaz luze jo digu liburuon hezur-mamitzea». Lilia, txoria, elurra, zuhaitza, sua, zoriona, Jainkoarekiko harreman zuzena finean, ditu transmititzeko lanabesak. Poeta medium bilakatu baita, Poeta eta mediuma gauza bera baitira, transmisore legez biltzen baititu poema autonomoak, sortzaile handiek darabiltzaten antena finduak zabaldu behar ditu bakarrik. Poesia baino zerbait gehiago baitago jokoan poema biltze horretan, ez da gutxi alafede. Bizitzaren eta Heriotzaren arteko zubi zuzenak ibili ditu Poetak, entelamendu askatzailea jaso du ordainetan. «Heriotzak ere bertsu dagi gurekin, mundu honetakoak egiteko eman zitzaigun jantzia eranzten, erantzi eta erantzi, heriotzak heriozten gaitu bizia ez den guztitik…».

Begiaren barrualdetik begiratzen dio errealitateari, maya, errealitatearen ifrentzua, baita ilusioa ere; metastasi gisara hedatzen zaio ilusioaren testigantza emateko su gartsua, «bai, guk diru asko kutxan, asko-asko, baina ez bakerik, bake usainik ere ez bihotzean». Eta xede horrekin ditu hitzak aukeratu Poetak. «Ez al da olerkariaren lana hitz mugatuez mugagabea adieraztea?».

Ez Dok Amairuko garaietako poesia kanpora begira landua zuen Poetak, poesia esperimentalaren bideak jorratuz eman zen aditzera; Isturitzetik Tolosan barru (1969), Laino guzien azpitik eta sasi guztien gainetik (1973) ale bikoitza eta Bide bazterrean hi eta ni kantari… (1979), azken garaiotan bere bide transzendentalena ezagutu izan dugu: 1987ko Ortzia lorez, Lurra izarrez hartan dena esanda zeukalakoan agortutzat eman zuen bere ahotsa.

Aitzitik, bi liburu berrirekin ekin dio mugagabea adierazteari. Urteetan landutako poema uztaren ordain paregabea dira: Heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu bizitza (Elkar, 2013). 3.500 karakteretan laburbildu nahi izatea lan prometeikoa bezain inozoa da.

Poesia berritzailearen gai nagusietatik antipodetan dago Poeta, baina ez dio axola askorik Lizardi, Axular edota Bashorekin aurrez aurre dagoenari. «Elurtu berrian lurra zuri, ortzia hodeiez zuri…ene! zer zuriaren zabala, zabalaren baztergabea nonahi!». Eta esango nuke tabuak beldurrik gabe apurtzeko gai den bakarrenetarikoa dela zabalaren zabaltasun horretan: Jainkoa aipatzea tabua bilakatu baitaiteke egunotan, bizitzaren aurkako arrangurarik ez agertzea tabua izan litekeen gisara, «bizia bizi, eta gu bizidun… baina ez bizi-jasaile soil…». Honezkero esperimentu formalak antzuak baitzaizkio Poetari, gure Scardanelli partikularra egiaren bilaketan dihardu erokeriarik gabe. Zenbait poemari auto-laguntza kutsua leporatu diezaiekegu (nolabaiteko familia eredua agertzen dutenak eta aholkuez blaitutakoak), ez dira apurtzaileak, ez iraultzaileak, naturaren soiltasuna besterik ez dute agertzen, baina entzunezina entzuteko aukera eskaintzen dute esateari uko egin gabe.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.