Aitor Aretxaga / 2014-01-22 / 421 hitz
Telekomunikazioen etorkizuna 4G sareetara lotzen den arren, bi eragozpen nagusi dituzte: seinale arazoak eta doitutako gailuen beharra. Dena den, azpiegitura eta gailu horiek erabiltzen dituen irismen handiko wifia egon badago, baina interesen araberakoa da. Munduan gero eta arrakasta handiagoa izaten ari da, gainera.
4G sareak dira, egun, haririk gabeko Interneterako sarbidea lortzeko teknologia puntakoena. Gaitasun handiko sistema dela zalantzan jarri gabe, seinale murritza du traba nagusi. Hiriburu nagusietan bakarrik dago seinalea, eta ez dirudi epe motzera konponduko denik eragozpen hori. Zibergelan sakondu zen gaia: http://zibergela.bitarlan.net/2013/05/31/4g-telekomunikazio-teknologia-atarian/. Hala eta guztiz ere, telekomunikazioen etorkizuna itsu-itsuan lotzen da 4G teknologiara oraindik ere. Baina 3G sarearen gehiegizko asetasunarekin amaitzeko bestelako aukerarik ere badago: super wifia.
Azpiegitura berriei muzin
Interferentziak saihesteko asmoz, telebista kanalen arteko seinalean erabili gabeko frekuentziak edo zuriuneak uzten dira. 2011n onartu zen 802.22 estandarra, eta zuriune horiek baliatzen ditu haririk gabeko irismen handiko sareak ezartzeko. Gainera, telebista seinale analogikoa bidaltzeari utzi zitzaionetik, erabili gabeko frekuentzia tartea ere zabalagoa da. Eta hori berbera erabiltzen da: VHF eta UHF bandetako 54 eta 862 megahertz (MHz) tartekoa, hain zuzen. Era horretara, hedapen handiko wifiaren seinalea igortzea dago, ehun kilometrorainoko irismenarekin eta segundoko 22 megabiteko (Mbps) abiadura langarekin.
Egokitzapen beharrik ez
Super wifiari esker, era guztietako gailuak elkarrekin konektatzea dago sarbideko puntuen bila ibili beharrik gabe eta pareten interferentzien eraginik gabe. Agian, alderik handiena egokitzeko gehigarri berezirik edo terminal berririk behar ez izatean dago. 4G sarea erabili ahal izateko, berriz, azken belaunaldiko gailu garestiak behar dira. Izan ere, besteak beste, sakelako gutxik dute ezaugarri hori gaur-gaurkoz. Artean, egungo edozein gailu erabili ahalko litzateke besterik egin gabe, eta zortzi kilometroraino super wifiaren seinalea jaso. Aldea dago, wifi arruntaren 100 metroekin konparatuz gero. 4G sareen kasuan, sare oso bat osatu beharra du hornitzaile bakoitzak; hau da, azpiegitura berrien beharra dago, eta motel doa kontua.
Estalpean egon den teknologia
Bestalde, super wifia aintzat hartzeko baliabidea da landagune edo herrietan. Izan ere, ezartzeko kostu baxua du, eta seinalearen irismena ona da. Seinale komertzialik ez duen edo errentagarria ez den inguruneetara Internet eramateko balio du, baita wifi publikoa eduki nahiko luketen eremu handietarako ere. Litekeena da teknologia hori pixka bat estalpean egon izanaren arrazoia ere hor aurkitzea. Hornitzaileentzat errentagarriagoa da banakako sarbidea ematen duten teknologiak ezartzea, erabiltzaileei banaka kobratu ahal izateko. Super wifia ezarriz, ostera, eremu zabal bateko biztanleek baliatu ahal izango lukete Interneterako sarbide bakar hori.
Super wifia hasi da apurka-apurka ibilbidea egiten. Aurtengo ikasturtean bertan, Ameriketako Estatu Batuetako ehunka institututan eta unibertsitatetan erabiltzea erabaki dute. Horrek hautsak harrotu zituen azaroan. Brasilen eta Erresuma Batuan ere erabiltzeko interesa erakutsi dute dagoeneko.