Juan Luis Zabala / 2014-01-11 / 357 hitz
Valentziako poetaren antologia elebiduna kaleratu dute, Gerardo Markuletak egindako itzulpenarekin.
«Oso zaila» egiten zaio «euskal Estelles bat irudikatzea» Gerardo Markuletari. «Batez ere garai hartan, frankismo bete-betean, halako gaiak jorratzen, halako umorearekin eta halako askatasunarekin, hain modu bizizalean… Gurean garai hori askoz ilunagoa izan zen, katolikoagoa eta, oro har, tristeagoa». Jatorriz euskaraz sortu ez zen poesia hori orain euskaratuta argitaratzeko aukera eman dio Valentziatik (Herrialde Katalanak) heldu zitzaion enkargu batek: Vicent Andres Estellesen poemak itzuli ditu, Estellés euskaraz valentziera-euskara antologia elebidunerako (Bostezo).
Vicent Andres Estelles poetak (Bujassot, Valentzia, Herrialde Katalanak, 1924-Valentzia, 1993) Zenbait poeta katalan antologiarako (Ibaizabal, 1997) itzulpenak egitean ezagutu zuen Gerardo Markuletak (Oñati, Gipuzkoa, 1963), baina orain egin duen lanak haren obran gehiago sakontzeko aukera eman dio. «Lehen asko estimatzen banuen, orain are gehiago. Daukan indarragatik, antologia hau lehergailu bat dela iruditzen zait». Haren poemak irakurri dituztenen artean «konplize-irribarre batez» aipatu ohi den poeta da Estelles, Markuletaren iritziz. «Lorpenik handienetako bat da hori poeta batentzat», eta umorea da lorpen horren oinarrietako bat, «poesian umoreak oso izen ona ez duen arren».
Hector Arnau idazlea (Valentzia, 1977) izan da Estellesen antologia elebidunaren apailatzailea. Antologian orain artean argitaratu gabe zeuden Estellesen poema batzuk sartu ditu, batez ere politikoak, 36ko gerrari buruzkoak eta, Markuletak dioenez, «pornografiko edo erotiko-festiboak dei daitezkeenak».
Izaera «mediterraneoa»
Umorerako joera handia izan arren, heriotza oso presente dago Estellesen obra osoan. «Hori bai, heriotza eta umorea lotzen gaitasun handia dauka», ohartarazi du Markuletak. «Zonbien poemak direla esan daiteke haren lan askori buruz. Gerrakoetan, ez nuke esango umore asko dagoenik, baina oro har bai. Izaera mediterraneoa nabari zaio, eta valentziarra ere bai: argiaren kultura, kanpoaldearena, eta baita sexuarena, sexu esplizituaren kultura».
Oso poeta «multiformea» da Estelles. «Batzuetan kultua, beste batzuetan herrikoia; batzuetan errealista, beste batzuetan ez; batzuetan pornografikoa ere bai… Oso gustura egindako itzulpen lana da». Lan horretan, «valentzieratik itzultzea» izan du zailtasun handiena itzultzaileak. «Katalanetik itzultzen ohituta nago, baina katalan estandarrago batetik: Sergi Pamies, Quim Monzo eta Salvador Espriuren beraren katalanetik; katalan hiritarragoa da horiena, Bartzeloanakoagoa beharbada. Estellesek batzuetan oso hizkera kultua darabil, baina beste batzuetan oso idazkera herrikoia, eta idazkera herrikoia duten poemetan badira hiztegi arruntetan agertzen ez diren esamolde batzuk. Horiek lan handia eman didate».