Haragi egosiz eta txanpinoiz beteriko piperrak

Iker Markinez / 2014-01-18 / 233 hitz

OSAGAIAK

4 pertsonarentzako osagaiak:

300 gramo zangar.
250 gramo txanpinoi.
24 pikillo piper.
Oliba olioa.

Bexamelerako:
Litro erdi esne.
Bi koilarakada irin.
Gurina.
Oliba olio zorrotada bat.
Tipula.
Gatza.

• Lehenik, txanpinoiak garbitu eta laukitxoetan moztu. Zartagin zabal batean, olio zorrotada baten laguntzaz, pare bat minutuz frijitu. Gatz pitin bat ere gehitu.

• Ondoren, zartagina sutatik kendu, eta bertara gehitu zangar egosia —aurrez egosia—, puska txikietan banatua. Zangarra aurreko egun batean saldatarako erabilitako haragia izan daiteke, askotan ez baitakigu haragi hori nola aprobetxatu.

• Bexamela prestatzeko, tipula zuritu, eta moztu pusketa ahalik eta txikienetan. Lapiko batean olio zorrotada bat bota, eta su ertainean jarri, gatz pitin batekin. 15 bat minutuz erregosi.

• Gero, koilarakada bat gurin bota, eta hori urtzean, bi koilarakada bete irin. Ongi nahastu dena, eta litro erdi esne gehituz joan, gutxinaka. Bexamel krematsu bat lortu arte nahasiz joan, 10 bat minutuz.

• Bexamela haragi eta txanpinoiak ditugun zartaginera bota, eta osagai guztiak ongi nahastu. Erretilu batera pasa, eta bost bat orduz bertan hozten utzi.

• Pikillo piperrak ongi zabaldu, gatz pitin bat bota, eta, koilara txiki baten laguntzaz, piperrak banan-banan bete haragi eta txanpinoizko bexamelarekin.

• Labeko erretiluan jarriz joan piper guztiak, eta, bukatzean, oliba olio zorrotada fin bat bota, eta 10 bat minutuz labean berotu.Labetik atera eta mahaira zerbitzatzea besterik ez da falta. Tomate saltsaz goxa dezakegu platera; bestela, oso ongi doakio haragi saltsaz eginiko saltsa fin bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.