Juan Luis Zabala / 2014-01-18 / 1.902 hitz
Azkeneko 26 urteotan idatzitako poemak plazaratzen hasi da Joxan Artze ‘heriotzaren ataria dugu bizitza’ eta ‘Bizitzaren atea dukegu heriotza’ liburuekin, ‘Ortzia lorez, lurra izarrez’-ekin hasitako bidean aurrera eginez.
Azkeneko mende laurdenean poema ugari idatzi ditu Joxan Artzek (Usurbil, Gipuzkoa, 1939), eta azken urteetan buruhauste gehiago izan du idatzitako poemak sailkatu eta elkar lotzen poema berriak idazten baino. Bere kalkuluen arabera, sei liburutan banatuta argitaratuko ditu poema guztiak, eta lehenengo biak iazko azaroan iritsi ziren plazara: heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza (Elkar). Horrez gain, txalapartari buruzko saiakera idazten ari da, aspaldi hasia hori ere, eta noiz amaituko duen ez dakiena. Himalaiako tea zerbitzatuz eta hartuz erantzun die elkarrizketako galderei bere etxeko egongelan, poemak ordenatzeko ezarriak dituen egurrezko panelak solasaren lekuko mutu direla.
Poemak idazteak adina lan eta buruhauste, gehiago ez baldin bada, eman dizu, eta ematen ari zaizu, poema horiek bakoitza dagokion liburuan argitaratzeko ordenatu, sailkatu eta antolatzeak. Zergatik?
Olerkiak idaztea batzuetan erraza izaten da, beste batzuetan zaila. Erabakitzen baduzu landu beharra dagoela, landu egiten duzu. Lehendabizikoan ondo atera bada, ez dago landu beharrik, ondo dago freskotasuna mantentzea. Oraingo liburu hauetan, olerkiak idazteaz kanpo, poemak nola elkartu erabakitzea izan da lan berezia. Behin konturatu nintzen olerki bati zer olerki jartzen diozun aurrean, zer ondoren, olerkiaren zentzua bera ere aldatu egiten dela, edo elkartze horrek olerki horren beste dimentsio bat agertzen duela. Orduan pentsatu nuen elkartze hori zein ederra eta zein aberasgarria izan zitekeen olerkientzat. Olerkiak hainbeste izatean, eta haiek denak buruan eduki beharrarekin, sekulako lana bihurtu da. Horrekin pasa ditut urte asko.
Ortzia lorez, lurra izarrez duzu orain hurrengo poema liburua, 1987koa. Haren eta oraingo berrien artean 26 urte pasa arren, liburu berrietan ez dira gutxi liburu haren oihartzunak. Zer lotura dute liburu berriek Ortzia lorez, lurra izarrez-ekin?
Liburu haren jarraipena dira oraingo olerkiak. Ortzia lorez, lurra izarrez izan zen abiapuntua. Han hasi nintzen tankera honetako poemak idazten, eta gero askoz ere zabalago eta sakonagoa bihurtu da orduan hasitako bidea. Eskarmentuaren arabera, lehen erabili gabeko gaiak erabili ditut, baina orduan hasitakoaren garapena dira oraingo olerkiak.
Oraingo bi liburuak batera eta haurride gisa iritsi dira plazara. Ondoregoak ere horrela kaleratuko dituzu? Ala banaka?
Ez dakit oraindik. Baina beti etortzen zaizkit elkarrekin lotutako izenburuak: laino guzien azpitik… eta sasi guztien gainetik…, Gizon haundia da mundua eta mundu ttikia gizona, Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat… Ez dakit zergatik, baina nahi gabe etortzen zaizkit horrelakoak, eta baliteke hurrengo liburuetan ere horrelakoak izatea izenburuak. Baina aurretik ez dago jakiterik. Liburu bat badaukat, hala ere, batekoa izango dena seguru, bakarrik aterako dena. Besteak… ez dakit.
Zure poema askotan kritika bat egiten diozu egun eta hemengo gizakiari eta gizarteari, alderdi askotatik: diruarekiko menpekotasuna, kontsumismoa, axalkeria, harrokeria…
Olerkietan kritika baldin bada, ni ere kritika horren barruan nago, ez naiz kanpoan gelditzen. Baina gaurko gizartean gertatzen denaz, zer esango dizut ba! Adibidez, asto bat ez duzu ikusiko zulo batean bi bider erortzen. Horretarako gizakia izan behar da. Ez bi bider bakarrik; hiru bider, zazpi, eta hamaika bider. Horren aurrean, hain negargarria iruditzen zait… Badira Katoitik jakin behar genituzkeen gauzak. Horiek gogoratu beharra ere!
Lehendik maiz esana eta «berresana» dagoena ere «berriro esatera beharturik» sentitzen zara, poema batean diozunez, «hain baitaukagu ahantzirik, ez denean zokoraturik».
Jendearen kritika baino gehiago, ideien kritika egiten dute, nire ustez, olerkiek. Gezurraren gainean gezurra baitago askotan. Adibidez, zoriona… Guztiok gabiltzala zorionaren bila diogu. Bai, zera! Gezurra! Ez gabiltza zorionaren bila; guk nahiko genukeen zorionaren bila baizik. Baina ez zorion objektibo baten bila, egiazko zorionaren bila. Nahiago dugu askoz erositako zoritxartzen den zoriontxoa, dohainik guztiok barruan, bihotzean, dugun zoritxartzen ez den zoriona baino. Maitasunaren izenean, berriz, zer esanik ez, zer gezur esaten ditugun, zelako jokabide okerrak estaltzen. Haurren heziketan, esaterako, maitasunaren izenean omen, zer nahi duen ez dakien haurrari nahi duen guztia egiten utziz, haurra galbideratuz… Kalte egiten duen maitasuna, nola izan daiteke maitasuna? Uste dut gauza horiek, lehendik ere behin eta berriro planteatuta badaude ere, errepikatu egin behar direla, beti zulo berean erortzen garelako, segi eta segi.
Mendebaldeko gizarteko joera orokorrez ari zara poema askotan, baina bakan batzuetan euskaldun askoren joerak ere kritikatzen dituzu, Coca-Clobalizazioa deitzen duzuna batik bat…
Bai. Besteak beste, argi dago nondik datorren horko «gora Euskadi astotuta» horrena. Alde batetik, independentistak gara, baina beste alde batetik globalizazioaren bezero amorratuak: janzten duguna, jaten, edaten duguna, idazten, margotzen, musikatzen, industria antolatzen, egiten ditugun gauzak… Nahi dugu herria askatu geure burua askatu gabe, geure burua askatzen ahalegindu gabe. Horretan saiatuko bagina, orduan jakingo genuke gure herria nola askatu. Lehenago esan dudanarekin ere lotuta dago: ez dugu zoriona nahi, nahiko genukeen sasizoriona baizik, zoriona ez dena, zoritxarra. Zenbat ezagutzen ditugu dohainik den zorion horren bila dabiltzanak? Oso gutxi!
Amak umeari dion maitasunarekiko mirespen handia igartzen da zure poema askotan.
Amaren misterioak harrapatu egin nau. Amak zergatik egiten ditu egiten dituen gauzak? Nondik datorkio indar hori, gauza guztiak irribarre batekin jasateko egonarri hori? Amaren misterio neurrigabe horren zertxobait agertzen saiatu naiz olerkietan. Olerki batean esaten dudan bezala, amak berak ere ez du ulertzen zer gertatzen zaion barruan. Ez dakit. Eramana naiz. Ez dut hautatu gaia, gaiak hautatu nau. Gainera, gai horrek gizatasunaz gain dagoen zerbait adierazten digula iruditzen zait, zerbait metafisikoa. Eta ez naiz ama idealizatzen ari, inoiz esan ohi didaten gisan. Hainbat gurasoengan, batez ere amengan, ikusi dudana adierazi besterik ez dut egin.
Aitak umearekin duen harremana ere aipatzen duzu, baina ez zaizu mirespen bera igartzen.
Aitaren rola beste tankerakoa da. Oso inportantea baita ere, noski baino noskiago, baina beste tankera batekoa. Aitez aritzea zailago egiten zait; emakumeez, errazago.
Gaur egun generoen bereizketan oinarritutako rolen abolizioa aldarrikatzen dute askok, feminismotik eta queer teoriatik batik bat.
Nik gauza konkretuak ikusten ditut. Bi aurkako polo behar dira zernahi sortzeko. Aurkakoak, baina aurkakotasun hori bata bestearen osagarri da. Kristau tradizioan eta gizakumeon kasuan, bai emakumea eta bai gizasemea, bi polo, baina biak osoak. Ez bi erdi, Platonen androgino erdibituan bezala. Bi polo oso horiek bata bestearen beharra dute elkar osatzeko eta indar berria sortzeko, bizi berria sortzeko. Termodinamikaren legean ikusten dugu hori: hotz iturriaren eta bero iturriaren arteko desorekak sortzen duela indarra, eta hotza berotzen denean eta beroa hozten, hotza eta beroa epeldu ahala, entropiara deitzen denera jotzen dela: indarrik eza dator orduan, oreka hilgarria. Berriro behar da polarizazioa sortu, indar polarren arteko talka, indar eraginkorrik izango bada. Bestela ez dago bizitzarik. Horrela eraginik dabil kosmos guztia. Ying-Yang txinatarrak ere beste era fisiko-metafisikoan adierazten diguna hain xuxen.
Elurra ere oso sarri agertzen da. Liburuetako poema askotan aipatzen da elurraren zuritasuna eta isiltasuna, orri zuriaren pareko.
Zuria zikintzea soilik da zilegi, idazten duzuna zuria baino zuriagoa baldin bada. Baina olerkiak idazteko bezala beste edozein lanetarako balio duen metafora bat da hori: okinarentzat, zurarekin lanean ari denarentzat, etxeko bazkaria prestatzen duenarentzat… Lanbide guztiak dira arte, maitasunarekin eta trebetasunarekin egiten badira. Arte Ederren kontu hori Erdi Aroaz geroztik baino ez dator. Lehen lanbide guztiak ziren arteak, eta geroago bereizi ziren ofizioak eta harroki deitu Arte Ederrak. Horrez gain, elurraren zuritasun hori erabili dut, liburu hauetan, atalak banatzeko.
Askotan eskuz idatziak dira elurrari buruzko poema horiek.
Eskuz idazteak espresio berezia ematen dio olerkiari. Eta baita grisaren erabilerak ere, txurira hurbiltzeko, edo, alderantziz, beltzago idazteak… Letraren neurriak ere aldatu egiten dira batzuetan…
Erabaki horiek —letra beltzagoz edo txuriagoz inprimatu, zer neurritako letrak erabili, eskuz edo makinaz idatzita eman…—, zeren arabera hartzen dituzu?
Gaiaren arabera, eta olerkiak esaten didanaren arabera. Intimitate gehiago eman nahi badiozu olerkiari, letra txikixeagoa jartzen diozu; arreta hara bideratzea nahi baduzu, ohiko letra tipoa erabili beharrean beste bat erabiltzen duzu, edo beltzagoa, edo eskuz idatzitakoa… Horrekin jokatzen dut. Olerkiak begientzako beste musikaltasun bat izan dezan. Dena tonu berean joan beharrean, dena tonuz aldatzen da grafikari esker. Olerkien lerroen kokapena ere pentsatua dago, barruko errima grafiko modukoa dauka horrela. Hori lehenbiziko liburutik egin dut horrela. Idazten hasten zarenean, erabiliko duzun paperari buruzkotik hasita, galdera asko sortzen zaizkizu, eta galdera horiei bere begirunea agertzearren nik horrela jokatu dut beti.
Irazalea ere, Atta, Jainkoa… maiz agertzen da. Baliteke, ordea, zure poemen irakurleetako askok harenganako fede handirik ez izatea. Zer esango zenieke horiei?
Fedegabeari, eta fededunari ere, esango nioke gerez garenak izan behar dugula. Sinestunon artean ere gehiegitxotan gertatzen zaigu garenak ez izatea. Uste baitugu, horrela, jaiotzeagatik bakarrik, beste gogoeta eta inongo ahaleginik egin gabe, garenak garela. Gure sasinia da hori esaten diguna, jakina, gure egiazko nia bila ez dezagun, haren amarrua ezabatuz. Garenak izatea bizitza guztiko borroka latz eta taigabea dugu gizakumeok. Garenak bagina, jainko baikinateke. Sufiek esaten dute: bere burua ezagutzen duenak ezagutzen du bere Jauna, eta ezagutzea eta izatea gauza bera dira tradizio metafisiko guztietan. Ezin dugu ezer egiaz jakin dakiguna ez bagara. Bestalde, ez dut uste fedegabea izan daitekeenik inor, ezinezkoa da. Bai, oso erraza da «Jainkorik ez da» eta horrelakoak esatea. Horiek buruz esaten ditugu ordea, baina gure bihotzak ez du horrelakorik esaten. Gure bihotza —sinbolikoki gure izatearen erdiguneaz ari naiz, ez organoaz— hain dago izateari lotuta, non eta bihotzez esan ahalko banu Jainkorik ez dela, ez bakarrik hilko nintzateke, baizik eta izatea bera galduko nuke. Ez dut uste ateo betea izan daitekeenik inor, ezerezean amildu gabe.
Zure kasuan, noiz eta nola aldatu zenuen zuk zure ikuspuntua?
Ni sinesmenetatik eta erlijiotik kanpo bizi izan nintzen garai batean. Besterik ez duzunean, oso normala da ikusten duzun mundua absolututzat edukitzea. Mugagabea dela iruditzen zaizu, azkengabea, baztergabea, betikoa… Baina 39 urte inguru nituela ilunpe ikaragarri bat etorri zitzaidan, jabetu nintzenean mugagabetzat neukan mundu hura mugatua zela. Bolada luze bat pasa nuen, oso iluna. Eta halako batean barruan zerbait urtuko balitzait bezala sentitu nuen, gauza txiki-txiki bat, oso xamurra, baina nintzen guztia inarrosi zidana. Horren eskutik baztergabearen, betikotasunaren zentzua heldu zitzaidan, eta hori bizitzen hasi nintzen. Horrekin batera, poliki-poliki beste zerbait etorri zitzaidan: lehenago gauzetan ikusten zena bakarrik ikusten nuen bezala, gauza guztietan ikusten ez zena ere ikusten hasi nintzen. Denean: harri koxkor batean, zuhaitzetan, errekan, pertsonengan zer esanik ez… Horrek ziurtasun berezi bat sentiarazten dit. Ez da ziurtasun arrazionala. Ez dakizu, baina jakin gabe dakizu. Horrelako zerbait. Horrek eraman nau ingurua ere askoz gehiago gozatzera, bizitzera, mirestera, maitatzera.
Zure poesian ere eragin handia izan zuen aldaketa horrek, jakina.
Bide bazterrean hi eta ni kantari-tik Ortzia lorez, lurra izarrez-era aldaketa handia dago, bai.
Zertan dira diferente zure aldaketa horren ondorengo poemak?
Nik uste dut oraingo poemak biziagoak direla, eta beste arnasa bat dutela, beste goxotasun bat. Beste egiatasun bat. Maitetsuagoak dira. Maitasun gehiago dago, samurtasun gehiago. Sendoagoak. Maitetsuagoak izateak ez baitu esan nahi ahulagoak direnik.
Ikuspegi aldaketaren ondorioz, bigarren bertsioa egin zenion Ama hil zaigu poemari. Ez zinen konforme, beraz, lehen esandako guztiarekin.
Hasier Etxeberriak esan zuen artikulu batean Ama hil zaigu olerki progresista zela, eta nik gerora egin nion bertsioarekin olerki atzerakoia bihurtu nuela. Baina ez da atzerakoia ez aurrerakoia. 26 urte nituela ausarkeria handiz bezain ezagutza txikiz idatzi nuen Ama hil zaigu, eta bigarren bertsioa, besterik ikusi dudalako geroztik, ikuspegi sakonago eta osoago batetik idatzitakoa da.
Baina ez diozu uko egiten zure lehenengo liburuetako poesiari, ezta?
Bihotzberritu nintzenean, saldu gabe geratzen zitzaizkidan liburu guztiak erre egin nituen, ez zitzaidalako zintzoa iruditzen ordutik gehiago ados ez nengoen zenbait testu jendartean zabaltzea, nahiz eta jakin hori eginik dirua irabazteko aukera galduko nuela, garai hartan Gipuzkoako Foru Aldundiak, beste editoreei bezala, liburu bakoitzetik ehun ale erosi behar baitzizkidan, liburutegiak hornitzeko. Ez naiz damutzen orduan hori egin izanaz, baina gaur beste patxada bat daukat, haiek ordukoak direla eta haietan oker esanak zuzentzen eta erdipurdikoak osatzen ahalegindu naizenez geroztikako lanetan. Horrela, Isturitzetik Tolosan barru berrargitaratu du duela gutxi Pamielak. Orain laino guzien azpitik… eta sasi guztien gainetik… berrargitaratzeko asmotan dabiltza lagun batzuk.