Agian, tropikoetara itzultzeko garaia iritsi da

Estibalitz Ezkerra / 2014-02-16 / 711 hitz

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, hainbat lagun —Stuart Hall kultur teorialari hil berria haien artean—, Mendebaldeko Indietatik Britainia Handira abiatu ziren; haien bizipenez mintzo da Sam Selvon ‘The Lonely Londoners’ nobelan (1956).

Louise Bennett-Coverleyk 1966an idatzitako poeman «alderantzizko kolonizazioa» izendaturiko epean kokaturik dago Sam Selvonen The Lonely Londoners (1956, Londrestar bakartiak). Bigarren Mundu Gerraren ostean jazo zen epe hori, hainbat lagun Mendebaldeko Indietatik Britainia Handira abiatu zirenean bizimodu hobe baten bila. Windrush Belaunaldia izenez ere ezagunak dira immigrazio uholde horretako partaideak, SS Empire Windrush itsasontzian iritsi zirelako. Lehen taldea, guztira 492 lagun, jatorriz Jamaikakoak gehienak, 1948ko ekainaren 22an heldu ziren Britainia Handira. Urte horretan bertan parlamentuak British Nationality Act izenez ezagutzen den legea onartu zuen Erresuma Batuko eta Kolonietako hiritartasun kontzeptuari ateak irekiz.

Britainiar prentsan Mendebaldeko Indiarrak nortasun indibidualik gabeko masa homogeniko gisa azaldu ohi zituen. Selvonen nobelak irudi horren kontra egiten du. The Lonely Londoners-eko pertsonaiak konplexuak dira; barruko zein kanpoko presioen artean beren nortasuna negoziatu nahian dabiltza. Negoziazio latza da, baina. Gizabanako arduratsu moduan jokatu nahi dute, baina gizarte ingelesak ez die aukera handirik ematen «beltz» moduan ikusten dituelako. Irtenbiderik errazena da bizimodu estereotipikoa eramatea: astean zehar gogor lan egitea, miseria baten truke bada ere, eta asteburuan lagunekin elkartzea, jaioterriko kontuez hitz egiteko batzuetan, emakumeen atzetik ibiltzeko besteetan. Emakume zuriak dituzte gogokoen, baina haietako bat seduzitzea posible ez denean prostitutengana jotzen dute. Gizon beltzak ez dira jazarritako bakarrak The Lonely Londoners-en; emakumeak merkantzia moduan azaltzen dira.

Baina Moses Aloettak, nobelako ahotsetako bat, ez du bizimodu horrekin jarraitu nahi. Londrestar «beteranotzat» du bere burua, hamar urte inguru igaro dituelako hirian, ezagutzen duen inork baino denbora gehiago. Nobelari hasiera ematen dion pasartean Waterloo tren geltokirako bidean da Moses, bertan jasotzekoa baita «Trinitatetik tren-ontzian datorren morroi bat». Morroi horri buruz dakien gauza bakarra da Henry Olivier duela izena eta lagun baten laguna dela. Urteekin, bere homologo biblikoa bezala, Mendebaldeko Indietatik etorritakoen gida bilakatu da Moses; bizilekua eta lana topatzen lagundu ez ezik, haien kontseilaria ere bada. Bere buruari galdetzen dio zergatik jarraitzen duen buruhausteak besterik ematen ez dizkion rola jokatzen, uharteetatik datorren jendea ez delako beti zintzoa. Oraindik gogoan du «zeinen etsita zegoen Londresen lehen aldiz iritsi zenean, ez zuela inor ezta ezer ezagutzen», eta pentsamendu horrek eragozten dio besteei laguntza ukatzea.

Londresen igarotako denboran hainbat aldiz joan da Moses Waterloora norbaiten bila eta bere herrikideek ez bezala ez du inoiz etorri berriei uharteei buruz galdetzeko interesik izan. Iraganari lotuegi egotearen ondorioak ezagunak zaizkio; biziraupen teknika moduan ez da ona. Gaurkoan, baina, zerbait aldatu da. Geltokira heldu eta berehala herriminak jotzen du, «herrialdean bizi izan den bederatzi-hamar urteetan sentitu ez duena», eta iruditzen zaio agian badela «tropikoetara itzultzeko garaia, horregatik sentitzen da hain bakarrik eta zorigaiztoko». Mosesen jarrera ez da egun batetik bestera aldatu. Hamar urtez britainiarren intolerantzia eta ezinikusia jasan izanaren ondorio da. Hamar urteren ostean, Moses ez da etxean sentitzen Londresen.

Paradoxa zera da, Moses eta Windrush Belaunaldiko gainerako kideak ez direla etorkinak, ezta turistak ere. Britainia Handia etxea da haientzat, eskola-umeak zirela maitatzen ikasi zuten aberria. Kolonizatu on legez. Bigarren Mundu Gerran bere alde borrokatu zuten. Zentzu horretan, Londresera joatea ez da jaioterritik alde egitea hara bueltatzea baizik. Mosesek esaten duen bezala, «gu [kolonietakoek] kontinenteko jende madarikatuak baino eskubide handiago dugu herrialde honetan bizi eta lan egiteko, baita lurralde honek eskaintzeko duenaz gozatzeko ere, geu odolustu ginelako herrialde hau aberastu zedin». Hala ere, ingelesek kanpotartzat dituzte beren auzoan, Bayswater, jarritako «Keep the Water White», auzoaren izenarekin hitz jokoa osatzen duten afixetan antzeman daitekeen bezala.

Asteon zendu den Stuart Hall kultur teorialaria ere (Kingston, 1932-Londres, 2014) Windrush Belaunaldiko kide zen. E.P. Thompson, Raymond Williams eta beste pentsalari batzuekin batera, Britainia Handian ezker berriaren definizioaren alde lan eskerga egindakoa, bere bizitza akademikoko azken urteak arrazakeriaren mekanismoak aztertzen igaro zituen. Izan ere, ohartu zen marxismoak ez zituela bere modukoen esperientziak, hots, beltz moduan kategorizatuak diren horienak, kontuan hartzen. Bere ondorioa zen arrazaren arabera bizi duela batek klase soziala. The Lonely Londoners-en argi ikus daiteke hori. Beltzak piramidearen behealdean agertzen dira, langile zurien azpian. Arraza, baina, ez da kontzeptu mugiezina. Aitzitik, Hallen ustez adierazle higikorra da: azalaren koloreak ez du esanahi bera beti; bestelako kontzeptu eta ideiekin duen harremana aldatu egiten da testuinguruaren arabera. Zentzu horretan, arrazakeriaren kontrako borrokan, ezinbestekoa da hura gidatzen duen diskurtsoaz jabetzea. The Lonely Londoners-ek gidalerro batzuk eskaintzen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.